Etorkizuna hurbil dugu

Aikor aldizkaria 2010ko urr. 25a, 14:17
Argazkiak: BTEK
Piramideko atea ireki, eta zero eta bat zenbakiek osatutako espiral batek inguratu egin gaitu. Musikak eta argiztapenak ia sinestarazi egin digute espazio-ontzi batean gaudela. Baina, ez; BTEK Teknologiaren Interpretazio-zentroan gaude, Zamudion. Eta bertan teknologia ezagutu, ukitu eta bizi izan dugu. BTEK Teknologia Parkeko punturik altuenean dago kokatuta. Eraikina piramide bik osatzen dute. Bata beltza da eta 18 metroko altuera du; bestea lurrean sartzen den piramide berdea da. Eraikin deigarria da, bitxia, liraina... Barrualdean dagoena ikustera gonbidatzen duena. Eta ez du huts egiten; kanpoaldea erakargarria bada, askoz erakargarriagoa da barrualdea. Zeroz eta batez betetako korridoreak lehenengo geldialdia egin dugun guneraino eraman gaitu: Sarea eta mundu digitala. Han aparatu digitalen berezitasunak ezagutu ditugu eta Interneteko zirrituak azaldu dizkigute. Gainera, gure inguruan dauden beste sare mota batzuk ere izan ditugu hizpide. Ukipen-pantailak eta gure eskura egon den guztia ukitu ostean, Berrikuntza kioskoari egin diogu bisita. Teknologia Parkean dabiltzan ikerketa eta teknologia-enpresen lanari buruzko azalpenei arretaz jarraitu diegu han. Nolakoa izango da gure etxea etorkizunean? Garbigailua sakelako telefonotik kontrolatu ahal izango dugu? Etxerako moduko teknologia-gelan zain izan dugun alegiazko lagun batek etorkizuneko etxeak zelakoak izango diren kontatu digu. Eta guk zientzia-fikzioz zebilela pentsatu dugu. “Zentroan azaltzen den guztia egia da; edo merkatuan dago jadanik edo oso garapen-maila aurreratua du”, esan digu Xabier Díaz BTEK-eko zuzendariak. Handiak, mundu txikian Arrapala bat ikusi dugu, eta sabaian punta askotako izar-itxurako esfera argidunak daudela, kolorez aldatzen direnak. Arrapalatik jaitsi eta lekua gero eta txikiago egiten joan da: Beste mundu batzuk gelan gaude, zeinetan nanoteknologiak, bioteknologiak eta robotikak euren gune propioa baitute. Ezin izan diogu eutsi eta gela honetara ailegatu bezain laster gure altuera nanometrotan neurtu behar izan dugu. Handiak gara mundu txikian! Leiho batetik begiratu eta han zeuden marrak zer ziren asmatzen ibili gara. Ez dugu asmatu eta eskala handitu dugu. Asmatu barik jarraitu dugu... Zer arraio! Ondoren, nanopartikulekin lan egitea oso behar korapilatsua dela konprobatzeko aukera izan dugu: gure eskularruei atxiki zaizkie eta komeriak pasatu ditugu nanopartikulok tresnekin harrapatzeko. Gure bidetik jarraitu dugu eta robot batek erretratua egin digu. Orrian agertzen den irudiak gure antza du, ez dago zalantzarik. Eta Kixmi izeneko beste robot batek gure pentsamendua asmatzeko gai dela ziurtatu digu. Kostatu zaio, baina lortu du. Bat-batean hormatik atera den zientzialari batek susto ederra eman digu. Ai ama! Irudi holografikoa zen, baina guk benetakoa zela pentsatu dugu. Laguntza eskaini dugu, eta ezin izan diogu ezetz esan: galderak eta galderak egin dizkiogu. Jolasten denbora luzea eman ostean, hausnarketa egiteko momentua ailegatu da. Goiko kargua dugu enpresa batean eta gure produktuetarako lehengaiak non erosi erabaki behar dugu. Hemen han baino merkeagoak saltzen dituzte. Baina hemengo lagunen lan-baldintzak hangoenak baino askoz kaskarragoak dira... Aukera gure esku dago. Ideiak gure buruan bueltaka dabiltzala L@tek tailerrera heldu gara. Bertan praktikak egiteko gunea atondu da. Gizarteari begira Ekainean inauguratu bazen ere, BTEK Teknologiaren interpretazio-zentroa 2005. urtetik hona itxura hartzen joan den proiektua da. Horren sustatzaile dira Bizkaiko Teknologia Parkea, SPRI, Ikastolen Konfederakundea, Elhuyar Fundazioa eta Tecnalia. Proiektua helburu bi zituela sortu zen: alde batetik, teknologia eta zientzia gizarteari hurbiltzea; eta bestetik, zientzia eta teknologia-kultura gazteengan sustatu eta arlo honetarako bokazio berriak sorraraztea. BTEK zentroa DBHko ikasleei begira diseinatu zen hasiera batean. Hala ere, zentroa Batxilergo, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleentzat zein publiko orokorrarentzat ere apurka-apurka zabaltzea erabaki dute sustatzaileek. “Teknologiaz inguratuta bizi gara, baina gehienetan horren erabilera soilarekin gelditzen gara. Aurrerapen teknologikoek eta zientifikoek badute prozesu bat aurretik; eta ondorioak ere badituzte, txarrak zein onak. Teknologia baliabidea da eta gizarteari dagokio horren inguruko erabakiak hartzea. Horretarako, informazioa eduki behar du. BTEK-eko eginkizuna gizarteari informazioa helaraztea da”. Zientzialarien eta teknikarien hizkuntza arrotza ulergarri bihurtu dute BTEK-en, eta nanopartikulei, mikrotxipei eta DNAri buruz hitz egitea ez zaigu hain korapilatsu iruditu. “Azken batean, inportanteena ez da zientzia eta teknologiaren hizkuntza sakona ulertzea, baizik eta horien inguruan dauden lanaz, aukeraz eta ondorioz jabetzea”. Eta ikasteko, ukitzea baino gauza hoberik ez dago. Zentroaren barrualdean zehetasunak zaindu dituzte arretaz, giro erakargarria sortu dute, eta txoko guztiek botoiak sakatu, atetxoak ireki edota pantailak atzamarrez ukitzeko gonbidapena luzatzen diote bisitariari. Zientzia eta teknologia disfrutatu eta bizi egiten direlako BTEk-en. Aldaketetara egokitu Baina gaur berria dena zaharra da bihar. Aurrerapenak etengabeak dira zientzia eta teknologia arloan; batzuetan azkarrago lortzen dira, eta beste batzuetan motelago. Nolanahi ere, BTEK horietara egokitu beharko da. “Oso inportantea da Parkeko enpresekin harreman estua izatea. Punta-puntako teknologia zein den jakiteko, zer datorren eta norantz begira egon behar garen”. Piramideen barruan 1.000 metro karratu inguru atondu dira erakusketarako. Areto guztiak teknologiarik aurreratuenaz hornitu dira, bisitaria zientzia eta teknologia mundutik eroso ibil dadin. Deigarria ez ezik jasangarria ere bada eraikina. Horrela, bada, piramide beltzaren hegoaldeko aurpegian eguzki-plakak jarri dituzte, eta sistema geotermiko bertikala ere ezarri da, eraikinaren tenperatura kontrolatzeko. Bitxikeria bezala, zentroa zein bertan dagoen guztia iPad edo iPhone baten bitartez kontrola daitekeela aipa dezakegu; munduko edozein txokotatik. Edonor aho bete hortz uzteko moduko eraikina da BTEK. ArchDaily arkitekturaren gaineko webgunean kultura-eraikinik onentzat jo zuten joan den urtean, eta berari buruzko Ohorezko Aipamena egin zuten Sao Pauloko VIII. Arkitekturaren inguruko Bienalean. Ohorezko Aipamena ere jaso zuen 2009. urteko AR Awards ekitaldian.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).