Derioztarrak munduan zehar

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 13:02
Testua: Bestorrene/Argazkiak: bidaiariak
Derioztarrak ibili badabiltza munduan barrena, eta hala erakutsi dute “Derioztarrak bost kontinenteetan. D5K” hitzaldietan. Bost egunetan bost bidaia kontatu dizkigute, Tximintx euskara elkarteak antolatutako hitzaldi-sorta horretan. Bost bidaia, bost leku, zein baino zein erakargarriagoak. Hitzaldien laburpen bat baino ez dugu ekarri lerro hauetara. Beste batzuek, ordea, zorte handiagoa izan eta kontakizun osoez gozatu dute. Hizlariak hauek izan ziren: Jon Ander Rola (Vietnam), Eneritz, Nerea, Oihana eta Oihane (Boise), Oihane Goienetxe eta Mikel Ozaita (Maroko), Eider Palmou eta Txerra Rodriguez (Dolomitak, Hego Tirol) eta Aitziber Mugarra (Islandia). Boiseko jaialdian egondako neskek aldizkari honen aurreko ale batean eman zuten euren bidaiaren berri; beraz, beste tokietara abiatuko gara. Vietnamdarrek munduko lau potentzia militar handienei egin diete aurre euren historian: Txina, Japonia, Frantzia eta Estatu Batuak. Eta gai izan dira haiek guztiak euren herrialdetik kanporatzeko. Gehien kostatu zaiena ekonomia suspertzea eta bizi-maila hobetzea izan da, baina bidean ei daude. Kontrasteez ere egin digu berba: itzela da gurekin alderatuta, baina baita Asiako beste herriekin ere, esaterako Thailandiarekin. Bidaia Hanoin hasi (iparraldean) eta Ho Chi Minh hirian (lehen, Saigon) amaitu da. Iparraldea nekazariagoa da, lasaiagoa, ziurragoa...; hegoaldea, hiritarragoa. Bidean Ha-Long badiako harritzarrak ikusi ditugu, dragoiak ei direnak. Hue hiri inperiala bisitatu dugu, eta hainbeste gerraren ostean gelditzen diren monumentu bakanak ere bai. Mekong-eko eta beste ibaietako txalupak ezagunak egin zaizkigu. Eta, bereziki, herritarrak, atseginak eta langileak direnak, eta bizikletetan eta motorretan edozein gauza eramateko gai direnak. Saigonetik 30 kilometrora ikusgarriak dira Vietcong-ek gerrarako zituen lur azpiko leku ezkutuak. Eskerrak hangoak txikiak direla, bertan sartzea ez baita batere erraza. Vietnam aurrera doan herri indartsua da, Asiako tigre berria. Marokora autoz Euskal Herritik autoz irten gara. Ceutara ferryz pasatu eta Marokora heldu gara. Xauen hiriko medina ezagutu dugu, Fez hiri inperialeko labirinto-itxurako medinatik ibili gara pasieran, eta hainbat gremioren lanak ikusi: alfonbragileak, oihalgileak, zeramikagileak... Festik Erg Chebbiko dunetaraino gameluz joan eta hango kanpamentuan eman dugu gaua. Paisaia aldatzen joan da eta Todra ibaiaren zintzurreraino eraman gaitu. Marrakexen, Djemaa el Fna plazako giro bizia ezagutu beharrekoa da iluntzean. Kostara jo eta Essauira arrantzale herria bisitatu dugu. Herri horretan aukera ona dago arrain eta itsaski freskoak afaltzeko. Hainbat kilometroren ostean, atsedena hartu dugu Asilah herrian eta alboko hondartza zabalean. Bidaian zehar euskaldun pilo batekin egin dugu topo, baita berton bizi diren marokoarrekin ere. Eta zelan ez, marokoarrekin hitz egiteko aukera izan dugu: euren kontuak entzun ditugu, eta geureak azaldu dizkiegu. Dolomitak Dolomitak zerua josi nahi duten orratzak omen dira. Hego Tirolen daude, Alemaniako eta Italiako kultura nahasten diren lekuan. Hango ekonomian, hizkuntzan eta ohituretan ibili gara murgilduta. Eta zer gehiago egin daiteke Dolomitetan? Turismoa (Trento, Bozen, Meran, Verona...), gazteluak eta termak bisitatzea, eskalada egitea, bizikletan eta motorrean ibiltzea, eta nahi beste mendi ibilaldi egitea. Baina batez ere mendiak dira nagusi bertan. Aterpeak dotore-dotoreak dira eta bideak zehaztasunez daude seinaleztatuta. Masifikazioa ere badago mendietan, eski-pistak, teleferikoak... hala ere, zoragarriak dira. Paisaia ikusgarriak daude nonahi, harrien eta harritzarren paradisua da. Eta han handia da dena: mendiak, garagardoak, masustak, margaritak... Horrek txiki sentiarazten zaitu, harrotasuna gutxiarazten dizu eta zeure neurriaz jabearazten zaitu. Islandiaren misterioa Islandiara joatea haurtzarora bidaiatzea bezalakoa da. Naturaren indarrak ezartzen ditu hango bizimodua eta bizibidea. Geyserrak, sumendiak, ur-jauziak... denetarik dago Islandian, baita Europako glaziarrik handiena ere. Islandia Europa delako, baina ez ohiko Europa. Txikia da oso, eta populazioa batez ere hiriburuaren inguruan batzen da. Uharteko beste lekuetan oso jende gutxi bizi da. Bitxikeriak ezagutu ditugu herri honetan. Adibidez, plastikozko txartelarekin ordain daiteke leku guztietan, eta institutuak hotel bihurtzen dira udan. Islandia natura basatia da. Txiki sentitzen zara han, eta inguruak irudimenaren ateak eta leihoak zabaltzera gonbidatzen zaitu. Harrietan aurpegiak ikusten direlako, ez da zaila gnomoak eta trolak imajinatzea... Eta jolas egitea, bustitzea, gozatzea. Islandia hori eta beste mila gauza gehiago delako. Buruan ideia bakarra dugula itzuli gara izotzaren lurretik: hara joatea merezi izan du, merezi izan du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).