Zeruan moduan lurrean ere?

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 13:55

Testua: Zaloa Jaka, kazetaria

Benedikto XVIa Bartzelona aldera hurreratu jaku oraintsu. Hain da eskandaluzkoa bere bidaietan agertzen dauan oparotasun eta ugaritasuna, gu mundutarron bizimodutik oso urrin dagoala. Holan da bai. Egungo gizarteak ez dau ezelango nagusikeria eta botere erakustaldirik begi onez ikusten. Boterea, gehiegikeria, pederastia eskandaluak eta emakumearen bazterkeria izan leitekez eleiza eta gizartearen arteko aldentzearen arrazoi nagusiak, batek daki. Emakumea eta bere irudia, adibidez. Atzo goizera arte, beti izan da etxekoandrea, emakumea, eleizak bete izan dituana. Gaur egun, ostera, erlijio kontuetatik guztiz aldendu da. Eta ez da gitxiagorako be, eleiza hierarkiak emakumearen irudia gitxietsi egin dau-eta. Emakumeak abade izatea delitu gori legez ikusten dau Aita Santuak, pederastiaren parekagarri, antza. Emakumearen bazterkeria horri gainera, azkenaldion, eleizaren barruan izan diran adin txikikoenganako sexu gehiegikeriak batzen jakoz, eta,horrek be, ez dau bape lagundu eleizaren ospe onean. Ez ikusiarena egin, eta, gizarteak gaur egun dauan laikotasun gogotsuari egokitu beharrean, Benedikto XVIaren erantzuna, amorruzko klerikalismo garratza izan da, agintari politikoak buruzagi erlijioso nagusiaren aurrean belaunikatuta ikustea gurako leuken klerikalismo zaharkitua. Boterearen kontzeptuaz gabilz orain. Ebangelizazioa boterearen bitartez egiten da, botere politiko eta ekonomikoagaz alkarlanean. Emoten dau eleiza arduradunek atsekabez hartu dabela euren botere galera. Ondorioz, elizkoien diskurtsoa fundamentalistagoa bihurtu da. Bertan dago, beharbada, gizarte modernoaren izaerea ulertzeko eleizak dauan gaitasun eza. Boterea eta handikeria. Bartzelonan izan dan erakustaldia, aspaldian ez genduan inongo printze edo printzesa aurrean ikusten. Eleizaren goi-agintaria sekulako botere politiko eta mediatikoz inguraturik hurreratu da, uritarrei errieta eginaz gainera, uritarrek gizartean normalidadean bizi eta disfrutatzen dabelako. Zer esanik ez, handikeria hori, Jesusen bizitza izan zanetik nahikoa urrin dago. Ez naz ni inor eleizaren etorkizunari buruzko iragarpen zerutiarrak egiteko. Bada, orduan, jainkotiar Probidentziak gida bei eleizaren ibilbide menderatuezinaren norabidea. Sinisle izan zein ez izan, ziur danok zatoziela bat, eleizak, asmatu gura badau behintzat, aurrekaririk bako itxura aldaketa emon beharko dauala norabide egokian. Erdi Aroko eskema horreetatik aldentzea besterik ez dau, nahitaez. Ostantzean, bere biziraupenak jai dau.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).