Txorierriko Upeltegien Alkartea: “Urtean 220.000

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 14:01
Txorierriko eta inguruko ekoizleek txakolingileen eta mahastizainen Bizkaiko lehenengo kooperatiba osatu dabe. Kooperatibak bere upeltegia izango dau eta dagoeneko hasierea emon deutsee hori altzetako beharrei. Talleri upeltegiaren lehenengo harria azaroaren 5ean ipini eben Morgan. Perdo Mari Olabarrieta kooperatibaren presidenteak azaldu deuskuz proiektuaren gorabeherak. Zergaitik kooperatiba osatzea? Orain dala urte batzuk, Larrabetzun Iturrialde upeltegia zabaldu zan garaian, ekoizle txikiok ondorio hau atera genduan: batu ezean gure etorkizuna gatxa izango zala. Izan be, ekoizpen txikiagoa euki arren, ekoizle handiek beteten dabezan arau berberak bete behar doguz. Eta edozein gauza erosteko orduan be, landara-osasunerako produktuak, botilak, kortxoak... garestiago ateraten jaku, eskaera txikiak egiten doguzalako. Foru Aldundiko Nekazaritza Sailagaz batu eta gure egoeraren barri emon geuntsen. Alkartu ezkero, 15 hektarea barri ipinteko baimena emongo euskuela esan euskuen, eta halantxe egin genduan. Zenbat kide zarie? Gaur egun 17 kide gara. Gutariko bederatzi upeltegiak dira; eta gainontzekoak, ekoizleak. Upeltegiek itxi egin dabez, ardaoa eta txakolina guztiok Talleri upeltegian ekoizteko. Kideak hainbat herrietakoak gara: Morga, Lezama, Larrabetzu, Zamudio, Derio, Gamiz, Fika, Loiu, Muxika, Barrika eta Erandio. Txorierriko ekoizle guztiak, edo asko, ez dira proiektuan sartu... Bakotxak inbertsino handia egin dau bere instalazinoetan eta, lehenengo eta behin, diru hori amortizau egin behar da. Baina askok ateak zabalik ixteko eskatu deuskue, etorkizunean eurak be proiektuan sartzea izan leitekelako. Zenbat hektarea mahasti dozue guztira? Hogeita bi. Mahastiek %100 emoten dabenean, urtean 220.000 litro ekoizteko gauza izango garala uste dogu. Dana dala, upeltegian litro gehiago egiteko gaitasuna dago, 300.000 litro hain zuzen be. “Bizkaiko Txakolina” jatorri-deiturea daben txakolin zuria, gorria eta baltza ekoiztuko doguz, baita ardao apardunak eta beranduko mahats-bilketaren ardaoak be. Hiruzpalau marka aterako doguz eta produktu muetaren arabera, bata edo bestea jarriko da. Upeltegia datorren uztarako martxan egotea itxaroten dozue; halanda be, kooperatibaren lehenengo ekoizpena aurton egin dozue. Bai, guztira 25.000 botila ekoiztu doguz eta horreek Kooperatibaren markeagaz komertzializauko dira datorren urtean. Talleri upeltegian, eta datorren urteko uztari jagokonez, 100.000 botila inguru ekoiztea itxaroten dogu. Ekoizpen hori 2012. urtean egongo da salgai. Produktua Euskal Herritik kanpo be zabaltzeko asmoa dogu: Estaduan, Europan eta Estadu Batuetan. Proiektuan ilusinoa, ahalegina eta dirutza, lau milioi euro, inbertidu dozuez. Onurea inbertsinoaren beste handia izango da? Halan izatea itxaroten dogu. Egin dogun apustuak onurak arlo guztietan ekarriko deuskuzala uste dogu, baina hori pitinka-pitinka ikusten joango garen asuntoa da. Tradizinoa eta modernitatea batzen dituan eraikina Iñaki Uribe Morgako alkateak, Elena Unzueta “Bizkaiko Txakolina” jatorri-deiturearen presidenteak eta Pedro Mari Olabarrieta Txorierriko Upeltegien Alkartearen presidenteak Talleri upeltegiaren lehenengo harria ipini eben azaroan. “Proiektuak helburu bi ditu: alde batetik, txakolingile txikien atomizazioagaz amaitzea Bizkaian; eta bestetik, ekoizleen alkartzeari esker, produktuaren ekoizpena, komertzializazioa eta banaketea hobatzea”, esan eban Olabarrietak. Hasiera baten, upeltegia Txorierrin berton eregiteko asmoa euki eban kooperatibeak. “Proiektua udal guztiei aurkeztu geuntsen, baina ez zan aurrera atera. Morgako Udalera jo eta hango alkateak gogotik hartu eban. Laguntza handia emon deusku: lurra topaten, mahastiak jarten...”. Talleri upeltegiak 1.661 metro karratu ditu eta eraikina Roberto Hernando arkitektoak diseinau dau. Hernandok mahats-mordoa hartu dau oinarritzat, eta tradizinoa eta modernitatea batzen dituan eraikina asmau dau. Horrela, bada, egurra eta kobrea nagusi izango dira eraikinean. Gainera, upeltegia azken belaunaldiko teknologiez horniduko da. “Beste alde batetik, upeltegia jendearentzako zabaldu eta bisita gidatuak egiteko asmoa dogu”. Morgako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenak ditu proiektuak, eta Eusko Jaurlaritzak eta Zientzia eta Teknologi Ministerioak diruz lagunduko deutso.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).