Karmele Artetxe Udako Euskal Unibertsitateko zuzen

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 14:24
Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza
Bizitza osoa eman du ikertzen, baina ez zaio inporta, izugarri gustatzen zaiolako. Karmele Artetxe zamudioztarra (1976) Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendari izendatu dute, baina historialariak patxadaz hartu du. Izan ere, primeran ezagutzen du UEU, iaztik unibertsitatearen proiektuez arduratzen ibili baita. Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendari izendatu zintuztenean, “erronka profesionala eta pertsonala” zela esan zenuen... Bai, nire ikerketa gaia erakunde zientifiko euskalduna da eta UEUn egoteak ekarpena egiten dio nire ikerketari. Alde profesionala alde batera utzita, alderdi pertsonala da gehien kezkatzen nauena. Ni UEUko 10. zuzendaria banaiz. Nire aurretik egon direnek jakin dute UEU aberasten edo garai berrietara egokitzen, eta euren erabakiek erakundeari lagundu diote. Eta hori da nik egin nahi dudana, UEUri laguntzea. Ardura handia dela ematen du... Bai, noski. Baina aldi berean, kontuan izan behar dugu hainbat urte daramadala UEUn eta primeran ezagutzen dudala. Beraz, ez da hainbesterako. Pausuz pausu ibili naiz UEUn eta azkenean zuzendaria izateraino ailegatu naiz. Dena dela, zuzendaria izateak komunikabideetan agertu behar naizela esan nahi du; gainontzekoak ia berdin-berdin jarraituko du. Kepa Altonaga hemengoa da eta Martin Orbek lotura estua du Txorierrirekin, eta biak izan dira UEUko zuzendariak. Gomendioren bat eskatu diezu? Martin ezagutzen dut: oso pertsona maitekorra da eta zorionak eman zizkidan zuzendari izendatu nindutenean. Kepa Altonaga lagun mina da eta askotan hitz egiten dugu, eta askotan UEUri buruz. Zergatik onartu duzu izendapena? Denbora luzea eman dut UEUn lan egiten, eta momentu batean Lore Erriondo aurreko zuzendariak postua utzi behar izan zuen. Niri ikerketa izugarri gustatzen zait eta zuzendaria izateak ikertzeko aukera ematen dit, baita UEUren barruan jarraitzeko ere. Gainera, UEUn oso lotura berezia daukat nire ikerketa esparruarekin, hau da, euskararen erabilera unibertsitatean. Zelango ekarpena egingo diozu karguari? Oraindik ez daukat argi. Krisi ekonomiko ikaragarria dago momentu honetan eta, ondorioz, gure baliabideak gutxitu egin dira. Eta ematen du datorren urtean berdin-berdin jarraituko dugula. Testuinguru horretan erronka handia da dugun egoerari eustea: lanpostuak, proiektuak… hots, liburuak edo webgunea. Badakigu oso zaila izango dela eta gerrikoa estutu beharko dugula. Urte bian baino ez zara zuzendari arituko, ezta? Bai. UEUko Estatutuen arabera, presidenteak ezin du lau urte baino gehiago zuzendaritza-lanetan eman. Ni orain hasiko naiz zuzendari, baina urte eta erdi daramat UEUko lanak koordinatzen eta hori zuzendaritza-lantzat hartzen da. Beraz, 2012an lau urteko epea beteko dut. Geroago, UEUri lotuta jarraituko dut, estatutuen arabera, zuzendari ohiek zuzendaritza taldean jarraituko dute-eta. Beste alde batetik, nire ustez, lau urte baino gehiago zuzendari ibiltzea ez da komenigarria, horrek pertsonalismo handiegia sorrarazten baitu: UEU ez da Karmele Artetxeren erakundea, 1.200 lagunek osatutako proiektua baizik. Komunitate zientifiko euskalduna: azterketa historikoa eta bibliometrikoa du izena zure tesiak. Badago komunitate zientifikoa euskaraz? Nolako garrantzia du euskarak euskal zientzian? Tesietako izenburuek itxaropen handiak iradokitzen dituzte. Nik euskararen erabilera aztertu dut goi-mailako kultur esparruetan, XX. mendean: noiz hasi ziren hitzaldiak euskaraz ematen, zenbat liburu edo artikulu idatzi diren.... Erakunde zientifiko bat dagoen ala ez esatea oso konplikatua da. Hala ere, argi dago gaur egun aditu euskaldunak egon badaudela hainbat jakintzatan, eta horrelakoek duela 25 urte ez zeuden. Batez ere gizarte zientzietan. Zientzia hutsetan, aldiz, zailagoa da, ingelesa hizkuntza nagusia baita. Doktorea, ikertzailea, irakaslea... Bizitza osoa eman duzu unibertsitateari lotuta. Zelan jarri zinen harremanetan UEUrekin? Historia karrera ikasi nuen Gasteizen. Bertan egonda, gure irakasle bat, Mikel Aizpuru, UEUko bazkidea zen eta egun batean hitzaldia botatzeko eskatu zidan. Orduan ezagutu nuen UEU eta bazkide egiteko erabakia hartu nuen. Karrera amaitu nuenean, UEUn hasi nintzen lanean, Inguma data basean hain zuzen ere. Horren haritik egin nuen tesia, baina lana utzi behar izan nuen. Tesia amaitzerakoan, berriro eskaini zidaten lana UEUko proiektu guztiak koordinatzeko. Letretan ikertzeak ospe gutxiago du zientzietan egiteak baino? Bai, baina normala da. Izan ere, zientzia hutsetako ikerketek batzuetan izugarrizko eragina dute eta aurrerapenak ekartzen dizkigute eguneroko bizitzan: txertoak, tresnak.... Letretako ikerlariok, aldiz, ez dugu, adibidez, Excalibur aurkituko. Guretzat zailagoa da, gure ekarpenak teorikoagoak direlako. Udako Euskal Unibertsitatea Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da. 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta hauexek dira bere helburu nagusiak: euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea; euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea; eta unibertsitate-gaiak ekoiztu eta gizartearen eskura jartzea. Guztira, 1.200 bazkide ditu eta horiek 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da: antropologia, antzerkilaritza, artea, kimika, zuzenbidea... UEUk jardunaldiak eta ikastaroak antolatu eta liburuak argitaratzen ditu. Besteak beste, Kepa Altonaga loiuztarra eta Martin Orbe izan dira UEUko zuzendariak. Batzuek nahasten dituzte UEU eta EHUk udan ematen dituen ikastaroak, baina ez dute zerikusirik. “UEUren esparrua oso zehatza da eta batez ere unibertsitate mailan aritzen direnek ezagutzen gaituzte. Gure erronka izan behar da unibertsitateko ikasle guztiek, edo behintzat euskaldunek, gu ezagutzea”, esan du Karmelek. “UEUk harremanak eduki nahi ditu Euskal Herriko unibertsitate guztiekin, eta harremanak eduki izan ditugu. Une honetan EHUrekin harremanetan gaude, baina ez dugu proiektu askotan elkarrekin lan egiten, nahiko genukeen moduan. Dena dela, guztion arteko elkarlana sustatzea interesatzen zaigu”. UEUk lau egoitza ditu: Bilbon (egoitza soziala), Eibarren (egoitza akademikoa), Iruñean eta Baionan. “Ikastaroak-eta batez ere Eibarren egiten ditugu, baita Nafarroan eta Baionan ere. Bilbon, aldiz, gure arteko bilerak-eta egiten ditugu”. Karmeleren ustez bi eredu ditugu Euskal Herrian. “Hegoaldean, karrera amaitzen dugunean, ikasten edo hezitzen jarraitzen dugu etengabe; Iparraldean, aldiz, karrera amaitzen dutenean, lana topatzen dute eta kito. Hamar edo hamabost urte beranduago lanari utzi, eta jakintzak eguneratzeari ekiten diote”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).