Jarrera eta lana, bateraezinak?

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 14:34
Luis Mari Asensioren kontsultara jotzen duten lagunen %80k gerriko arazoak dituzte. Lanean jarrera ez egokiak izateak eragina du arazo horietan. Terapiak lagundu diezaguke, baina ezinbestekoa da gure ohiturak aldatzea. Egoneko lana eta jarrera-ohitura txarrak gehienetan elkarri lotuta dauden kontzeptuak dira. Egoneko jarduera bat egiten dugunean, ordenagailuaren aurrean lan egitea adibidez, zama gehiena erdiko bizkarrezurrak hartzen du; hau da, bizkarraldeak eta gerrialdeak. Gainera, ordenagailua albo batera okertuta badago, horrek konpentsazio antialgikoa sortuko digu, zeinak denboraren poderioz tentsioak ekarriko baitizkigu erdiko gerrialdean, saihets-hezurretan, bizkarrezurrean edo diafragman. “Baita erraietan ere. Presioa egiten da urdailean eta beste ondorioen artean, jateko gogoa galdu edo urdaileko pisua izan dezakegu”, azaldu digu Asensiok, Lasai Derioko kabineteko osteopatak. “Pisutasuna nabaritzen dugunean, komenigarria da edozein aukera aprobetxatu eta bost minutuan zutunik egotea: fotokopiak egin, komunera joan... apur bat mugitu, azken batean”. Asensiok esan digun bezala, ordenagailuaren aurrean jarrera egokia hartu behar dugu. Hala ere, ez dugu zuzen-zuzen edo tentsioan egon behar, eroso eta erlaxatuta baizik. Ordenagailuaren aurrez aurre kokatu behar gara. Aulki terapeutiko batez baliatu gaiteazke sorbalda zuzen izateko. Era berean, komenigarria da oinak zorutik apur bat altxatuta izatea. Horretarako, banku txiki bat erabil dezakegu. Ordenatua izatea ere bada ezinbestekoa. “Gauzak, paperak... leku batean eta bestean topatzen ibiltzeak estresatu egiten gaitu, eta horrek nerbio-sisteman eragina du: muskulu-tentsioak, buruko mina, arazo zerbikalak... Eta alderantziz ere bai. Lan-karga handiak ere estresa ekar diezaioke pertsona bati. Estresak eragina du nerbio-sisteman eta horrek, bere aldetik, eragina du muskuluetan, jarrera antialgikoa sortuz”. Egunean zehar ordu asko eserita ematen duten lagunek dituzten arazoetariko batzuk zifosia eta eskoliosia dira. “Bizkarrezurra biribiltzen joaten da, muskuluek tonifikazioa galdu eta ahultzen direlako. Gaitz hauetariko bat duten lagunek muskulu abdominalak eta goiko sorbaldaren muskuluak landu behar dituzte”. Edozein kasutan, jarrera ez egokien ondorioz, gure gorputzak urteak pasa ahala hartu dituen gaitzak erabat osatzea ez da posible. “Baina prozesua geldiaraz daiteke, ariketa fisikoaren bitartez, elastikotasun-tekniken bitartez...”. Ohiturak aldatu Egoneko lanak arazoak ekar badiezazkiguke, lan aktiboak eta errepikakorrak ere bai. Asensiok adibide batzuk jarri dizkigu. “Ile-apaintzaileak hainbat bezeroren ilea orrazten du egunero, eta hamaika aldiz egiten du mugimendu bera, eskuila eta ile-lehorgailua eskuetan dituela. Seguru asko profesional horrek eskumutur, ukondo, lepo eta zerbikaletako arazoak izango ditu. Beste alde batetik, igeltseroak ere hainbat mugimendu errepikakor egiten ditu: hondakinak kendu, igeltsua prestatu, hura hartu, gorputza biratu, orea horman zabaltzeko... Jarduera honetan dabiltzanek arazoak eta mina izan ohi dituzte gerrialdetik lepora arteko aldean”. Ia ezinezkoa ematen du langile hauek lanean jarrera egokia hartu ahal izatea, baina badago konponbidea. “Gorputzaren zati biekin lan egiteko ohitura hartu behar dugu: esku biekin, aldez aldatu... Esku biak erabiltzen dituztenek, adibidez, ez dute gaitzik. Zaila da, baina ez ezinezkoa. Gakoa ohitura hartzean dago”. Izan ere, terapiek asko lagundu ahal badigute ere, ez dute miraririk egiten. Besteak beste, terapiok lagungarriak dira muskuluak indartzeko eta nerbio-sistema erlaxatzeko. Pilateak, yoga eta antzeko jarduerak egiteak ere onura handiak dakarzkio gure gorputzari. Hala ere, funtsezko pausua jarrera-ohiturak aldatzea da. “Horrela eginez gero, sintomak %50 murriztu egiten dira”. Guk, hainbat azalpen buruan dugula, lan egitea batere osasungarria ez dela atera dugu ondoriotzat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).