Iván Pérez, Izarren Distira Lehiaketaren irabazl

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 15:08
Argazkia: Indra Murugarren
Lehiaketan parte hartzeak hasiera batean lotsatu egiten zuela aitortu digu. Baina batak eta besteak animatu, eta castingetara aurkeztu zen azkenean. Hamazortzi urteko derioztarrak aho bete hortz utzi zuen Izarren Distira Lehiaketaren galan batu zen publikoa. Ba, eskerrak animatu zinela! Lehiaketaren berri anaiaren eta Tuentiren bidez izan nuen. Ez nuen bertan parte hartu nahi, gala etxe ondoan, Sondikan, izango zelako eta ziur nintzelako askok ezagutuko nindutela. Baina hainbat aldiz entzun nuen aurkeztu behar nintzela, ezen azkenean egin nuen. Ez nien herriko lagunei esan; klasekoei besterik ez. Zein ikuskizun aurkeztu zenuen? Bakarrizketa prestatu eta hori beat box erakustaldi batekin uztartu nuen. Hau da, argumentu bat asmatu eta hori ahoz egindako soinuekin apaindu nuen: gitarraren soinuekin, bateriarenekin, dj baten musikarekin... Sabina, Sinatra eta Eros Ramazzotti ere antzeratu nituen. Beat box-a ederto menperatzen duzula ikusteko aukera izan genuen. Noiztik praktikatzen duzu? Orain dela urte bi telebistan ikusi nuen mutil bat beat box-a egiten zebilela eta bitxia iruditu zitzaidan. Unibertsitateko ikaskide batek badaki egiten eta berarekin hasi nintzen praktikatzen. Egia esan, ez nabil egun osoan praktikatzen, baina ahal dudan guztietan aprobetxatzen dut: lagunen arteko afarietan, parrandetan, etxean... Eta castingetarako eta galarako ere ez dut asko entseatu. Ez zait saioak oso-osorik prestatzea gustatzen; apur bat inprobisatzea nahiago dut. Bestela, berezkotasuna galtzen da. Espero zenuen irabaztea? Halako ekitaldi batean aurkezten zarenean, irabazteko ilusioa duzu beti. Gainontzeko parte-hartzaileek irabaziko nuela esaten zidaten, baina inoiz ez dakizu... Gainera, sariak berdin zidan. Ni lehiaketara aurkeztu nintzen eszenatokia gustatzen zaidalako eta nire burua ezagutzera emateko aukera ona zela uste nuelako. Pozik nago. Aurkezleak “eta irabazlea da...” esan zuenean, publikoa “Iván, Iván!” hasi zen oihukatzen. Eta hunkitu egin nintzen. “Bai, irabazlea Iván da”, amaitu zuen aurkezleak. Lagunen ahotsik, publikoaren artean? Ez. Herriko lagunei galaren finalista nintzela kontatu nien azkenean, baina partida zuten, eta ezin izan ziren Sondikaraino hurbildu. Klaseko lagunak, ordez, etorri ziren. Hala ere, bat izan ezik, beste guztiak kalean gelditu ziren, sarrerak oso azkar agortu zirelako. Zelan ikusi zenituen beste parte-hartzaileak? Castingetan azkena izan nintzen saioa egiten; eta galan zortzigarrena. Horregatik ez dut gainontzeko parte-hartzaileek zuzenean ikusteko aukerarik. Beno, azken finalista biak bai ikusi nituela galan eta neska, bigarrena lotu zena, oso ona zela iruditu zitzaidan. Ondoren, gala ikusi dut telebistan eta batzuek talentu handia dutela uste dut; diaboloarekin aritu zen mutila, esate baterako. Trebetzat duzu zure burua? Bai, argi dut eszenatokirako jaioa naizela. Txikitatik nahi dut aktorea izan. Ondoen ateratzen zaizkidanak bakarrizketak eta txisteak kontatzea dira. Ea gala irabazi izanak ateak zabaldu eta aukerarik ekartzen didan! Aktorea izan nahi duzu, baina publizitatea ikasten zabiltza. Amari arte dramatikoa ikasi nahi nuela esan nionean, “Madrilera zu bakar-bakarrik joatea, 18 urterekin? Ezta pentsatu ere!” erantzun zidan. Eta publizitatea ikasteari ekin nion, mundu horrek ere erakartzen nauelako. Dena dela, publizitate-ikasketak amaitu eta arte dramatikoa ikasteko asmoa dut. Bilbon antzerki eskola zabaltzeko asmoa dagoela entzun dut. Horrela bada, bertara joango nintzateke; osterantzean, ez nuke arazorik izango kanpora joateko. Zer deritzozu gazteei zuzendutako halako ekitaldiak antolatzeari? Oso ondo. Izan ere, badaude talentu handia duten gazte asko. Baina aukera askorik ez dagoenez, ezin dute hori erakutsi. Adina dela-eta, ezin izango dut lehiaketan parte hartu, baina Txorierriko gazteak animatuko nituzke bertan parte hartzera, oso aukera ona delako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).