Teknologia erabili baino gehiago

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 14:11

Testua: Xabier Díaz, BTEKeko zuzendaria

Inguruan dituzuen tresna elektronikoak hartu eta non egin dituzten aztertzea proposatzen dizuet: sakelako telefonoaren bateria, Txinan; mahai gaineko telefonoa, Txinan; sagua, Txinan; erlojua, Japonian; ordenagailuaren pantaila, Txinan; argazki-kamera digitala, Japonian... Ea Europan egindakoren bat topatzen dudan... Hara, topatu dut! Txekiar Errepublikan egindako ordenagailu bat topatu dut. Kostata. Baina tripetako memoria, disko gogorra era horrelakoak Asian egingo zituzten, ziur asko. Ez da harritzekoa, gailu elektronikoen %80a baino gehiago Japonia, Txina, Taiwan eta Malaysiatik baitatoz. Eta joan, nora doaz? Erdia inguru, Ipar Amerikara; eta %20a Europara. Bidaia luzea, gailuak garraiatzeak ekartzen duena ere kontuan hartzen badugu. Autoan goazela, kutsatu egiten dugu. Baina autoa ez da kutsadura sortzen duen bakarra. Autoa salmenta-punturaino garraiatzeak ere kutsatu egiten du; eta, ziur asko, horren elektronika gehiena Asiakoa izango denez, tresneria fabrikaraino eraman eta autoari ipini izanak ere kutsatu egin du. Beraz, ezin dugu esan auto garbirik dagoenik. Teknologia erabiltzea kutsatzea besterik ez da, orduan? Alde batetik, bai; baina bestetik, ez. Eta inportantea da horrezaz jabetzea, teknologiaren bidez hainbeste gauza egin ez ezik energia aurreztu ere egiten dugulako, esate baterako auto arinagoak ekoizten direnean edo etxeak eraikitzeko material adimentsuak erabiltzen direnean. Gailuen prezioa ondo baloratu behar dugu, hori ez dugulako soilik eurotan ordaintzen. Teknologiak hainbat esparrutan laguntzen digu, eta orain dela gutxi arte gaindiezinak ziren hainbeste erronka berari esker gainditu ditugu. Hala ere, horrek ez du esan nahi erronkok edozein preziotan onartu behar ditugunik, ezta ukatu behar ditugunik ere. Teknologia ondo baloratzen ikasi behar dugu, informazioa eduki, iritzia landu eta erabaki. BTEK zentroan teknologia mota asko dugu erakusgai; jolasteko eta parte hartzeko teknologia dago gurean. Informazioa jaso, eztabaidatu eta aipatutako gauza guztien inguruko gogoeta egiteko tarteak ere baditugu, gure leloa “Bizi teknologia” baita. Eta teknologia bizitzea hori erabiltzea baino gehiago da.