Txernobil alkartea: “Umeak etxean hartzeko famil

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 14:14
Txernobil alkartea 1996an sortu zan eta harrezkero 3.178 harrera bideratu ditu Euskal Herrian. Datorren urtean 25 urte beteko dira hondamendi nuklearra gertatu zanetik, eta alkarteak “Bere ametsak har itzazu” kanpainea jarri dau abian urteurrena dala-eta. Ana Otaola eta Jon Llona Zamudioko senar-emazteak umeak etxean hartzeaz ganera, boluntario dabilz alkartean. Zer lotura dauka Txernobil alkarteak Txorierrigaz? Hemen lau harrera-familia gagoz: bat, Erandiogoikoan; beste bat, Loiun; beste bat, Lezaman; eta gu, Zamudion. Lezamako familiak ume bi ekarten ditu udan. Lehen baegoan beste familia bat Derion, baina ekarten eben gazteak 18 urte bete ditu eta gehiago ez sartzen umeak etxean hartzeko programetan. Udan Ukrainan izan gara eta bertan ikusi genduan, igaz Euskal Herrira etorritako 261 umeez ganera, badirala beste 200 ume handik urteteko beharrizana daukienak. Harrera-familia gehiago behar doguz Euskal Herrian, Txorierrin! Orain bost urte egin zan azken txostena, eta txosten horren arabera orduko erradiazino mailak ez ziran hain kezkagarriak... Aurton neurketak egin doguz Txernobilen, eta erradiazino maila hemen doguna baino bost bider handiagoa da. Beste herri batzuetan ez dago hainbeste, beharbada. Halanda be, ez da bardina han bost minutuan egotea edo bizitza osoa emon behar izatea, erradiazinoa pilau egiten dalako. Erradiazinoa lurrean sartzen da, eta Errusia aldean orain dala gitxi izandako suteen ondorioz barriro urten dau kanpora, eta kutsadura handia sortu. Umeentzat komenigarria da handik urtean bitan urtetea, eta hori gutxienez bost urtean egitea halan. Alde batetik, erradiazinoagaitik, eta, bestetik, han dagoan pesimismoagaitik, autoestimurik ezagaitik... Zeintzuk dira alkartearen jardunbideak? Garapen-proiektuei jagokenez, Oraneko eskola bat birmoldatzeko laguntasuna emon dogu. Sentsibilizazio-kanpainak be egiten doguz. Aurtengoa “Bere ametsak har itzazu” da eta haren barruan egutegi bat eta Kukuxumusuk diseinautako kamiseta bat jarri doguz salgai. Egutegian euren lanbide-karreragaitik gailentzen diran emakumeek hartu dabe parte: Toti Martínez de Lezea idazlea, Eva Argiñano sukaldaria, Lucía Lacarra dantzaria eta Angela Vilariño pilotua, adibidez. Helburua hau da: hango neskatoek ikustea bada-gozala beste aukera batzuk, eta lortu leikiela gura daben edozer. Non erosi leitekez? Egutegia Zamudion dago salgai, Marielirenean eta liburu-dendan. Beste herrietako dendaren bat prest balego egutegia bertan saltzeko, gustura eroango geunkez aleak. Gure egoitzan (Bidarte Udaltegia, Agirre lehendakaria, 42) edo 670 419 078 telefono zenbakira deituta be lortu leitekez egutegiak eta kamisetak. Guk Ukrainako alkarte bigaz egiten dogu behar. Alkarte horreetako boluntarioak etxerik etxe ibilten dira eta familia eta ume bakotxaren egoerea zein dan aztertzen dabe. Batzuetan, oinez joaten dira leku batetik bestera; beste batzuetan, auto-stopez, bizikletaz... Bildutako dirua ibilgailuak erosteko erabiliko da, ea posible dan! Batez be umeak etxean hartzeko programari emoten deutsazue garrantzirik handiena. Programan sei urtetik 17ra bitarteko umeek eta gazteek hartzen dabe parte. Gu Ukrainaraino joaten gara eta bertan aztertzen dogu ea umeek benetako beharrizanik daukien hona etorteko. Paperakaz-eta be lagundu egiten deutsegu hareen familiei. Programan parte hartzeko izena emotea zabalik dago hemengo familientzat, eta gura dauenak gure alkartera jo leike. Ez da baldintza berezirik bete behar harrera-familia izateko: ohiko familiak izan leitekez, guraso bakarrekoak, gazteak, helduak, alargunak, seme-alabakaz, ume barik... Umeak euren seme-alabak izango balira moduan tratau baino ez dabe egin behar. Zelako laguntasuna jasoten dabe harrera-familiak alkartetik? Programea zertan datzan azaltzen deutsegu, eta psikologoak be badoguz eurakaz berba egiteko. Ganera, umeak etorten diranean, ez doguz barrik ixten. Monitoreak badaukaguz eta telefono zenbaki bat ipinten dogu familien eskura, arazorik badago deitzeko. Era berean, laguntza-familiak doguz kezkak-eta partekatu ahal izateko. Eta jarduera sorta handia antolatzen dogu, umeek berton dagozan bitartean guztion artean egiteko. Oso esperientzia positiboa izaten da eta parte hartu gura daben guztiak esku zabalik hartzen dira al-kartean. Eta alkarteak be jasoten dau laguntzarik? Diru-laguntzea jasoten dogu erakunde batzuetatik. Besteak beste, Zamudioko Udaletik. Laguntzea bulegoko gastuak, paperak eta holakoak ordaintzeko erabilten dogu. Ume bakotxaren bidaiak 600 euro inguru balio dau eta ha fami-liek ordaintzen dabe oso-osorik. Ondo legoke laguntza apur bat handiagoa eukitea, bidaiaren kostua txikiagoa izan daiten... Bitartean, zoketak, loteria eta abar egiten doguz, diru apur bat lortzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).