Zorrizketan Lezamako Euskera Alkartea: “Parte-ha

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 14:39
Iñaki Lekerika Zorrizketan Lezamako euskera alkartearen presidentea da; eta Fernando Olabarrieta, alkartearen sortzaileetariko bat. Azaldu deuskuen moduan, 11 zenbakiak badau esangura sinboliko bat euskaldunontzat, eta zenbaki horren inguruan hain zuzen be antolatu dabe alkartearen urteurrena. Hamaika urtean egindako beharra eta euskerea euki doguz berbabide. Joan zan mendean jaio, eta mende barrian emon ditu Zorrizketanek lehenengo pausuak... Aspalditxoan hasi ginan herrian euskerearen aldeko gauzak egiten. Hasiera-hasieran kultur aretoan batuten zan euskaltzale talde bat ginan, ekitaldi xumeak antolatuten zituana. Geroago ofizialdu ginan, eta, lokal txiki horretatik herriaren eta ibarraren zabaltasunera joan ginan lelo honegaz: “bata-besteagaz lezamarrok euskeraz”. Kontseiluak handik lasterrera antolatu eban “Bai Euskarari” kanpainaren olatuaren indarrak bultzada handia emon euskun bai guri, bai Txorierrin sortu ziran gainontzeko euskera alkarteei. Joanak joan, etorriak etorri, hamaika urte bete doguz aurton. Asko dira? Gitxi? Nor da kapaz itaun honi zuzen erantzuteko? Ospakizunak poztasunerako guneak izaten dira, atzerantz begiratu eta ondo eginekoagaitik harro sentiduten garalako, edota txarto eginetatik ikasi egiten dogulako. Eta batez be aurrera begiratu eta indar barriak hartuten diralako. Asmo eta helburu honeekaz ospatu dogu guk gurea. “Bata-besteagaz lezamarrok euskeraz”, zer dago lelo horren atzean? Taldearen ibilbidearen hasieran, sariketa antzeko bat antolatu genduan herritarren artean, gure leloa aukeratuteko asmotan. Eta beste hainbat esaldi polit askoren artean, hori aukeratu genduan. Leloak argiak eta ulerterrazak izan behar dira eta gurearen esangurea nahiko argi dago: lezamarron artean, batez be dakigunon artean, euskerea ahalik eta gehien erabiltea; azken batean, euskeraz bizi ahal izatea. Zorrizketan alkarteak Lezaman euskerearen normalizazinoaren eragilea izatea dau helburu; herriko esparru guztietan euskerea hizkuntza erabilia izan daitela lortutea. Eta erantzukizun aktiboa dozue behar horretan. Ekitaldi gehienak herriari begira antolatuten doguz, Txorierriko beste taldeakaz batera egiten doguzanetatik aparte. Ekitaldi xumeak izaten dira, betiere euskerearen erabilerea sustatuteko, eta taldearen presentzia eta prestigioa herrian areagotuteko. Batzuk ekintza ziklikoak dira: Gabonetako eguna girotuteko gaztainak, San Joan gaua, Goitioltzako jaietako txakolinaren dastatutea, Andramarietako bazkaria...; eta beste batzuk, puntualak: hitzaldiak, argitalpenak, kontzertuak... Normalean nagusiei zuzendutako ekintzak dira, baina umeentzat be zer edo zer egiten ahalegindu gara, eskoleagaz edota gurasoen alkarteagaz batera. Eta gazteentzat, zer? Ba ahalegindu, ahalegindu gara, kontzertu edo halakoren bat inoiz antolatuz, baina oso gatxa da eurengana heldutea, gure aspaldiko erronketariko bat da, duda barik. Herritarrek be badabe erantzun aktiborik? Egiten doguzan ekitaldi batzuk, behintzat, nahiko errotuta dagoz herrian, eta gehiago edo gitxiago, jentea hurreratuten da ekintzetara eta gustura sentiduten da. Duda barik, Zorrizketanen presentziak badau zelanbait eragin positiboa euskerearen erabilerean, baina ekintzotatik harago edo Zorrizketan aurrean ez dagoanean, ez dakit zer esan… Helburua benetan beteten dan edo ez, hori beste kontu bat da, azterketa sakonago bat egin beharko litzateke Ekitaldi ludiko horreetaz aparte, beste behar sakonago batzuk be egin dozuez, Mikel Zarateren heriotzearen 25. urteurrenaren haritik antolatutako ekintzak, esate baterako. Mikel Zarate idazle lezamarra, zoritxarrez oso gazterik joan jakun arren, beti egon da hor, Zorrizketan sortu baino askoz be lehenago. Guk bere irudia, bere euskaltzaletasuna, bere handitasuna zelanbait “aprobetxau” gura izan dogu, Lezaman eta inguruan euskerearen alde zer edo zer egiteko, eta bide batez berari zor geuntsana eskaini. Hortik etorri zan bere heriotzearen 25. urteurrenean omenaldi handi bat antolatutea. Harrotasunez esan behar dogu, jente askoren beharrari eta lezamarren erantzunari eta bere familiaren eskuzabaltasunari esker, herriaren historian egin dan kultur ekitaldirik handiena izan dala. Izan be, hiru hilebetean hainbat eta hainbat ekitaldi antolatu ziran Lezaman eta Txorierriko beste herri guztietan be bai. Berbaldiak, erakusketak, kontzertuak, Euskaltzaindiaren batzarra eta adierazpena, liburuen eta diskoen argitalpenak, dokumentalak, herri bazkaria… Grabauta geratu ziran ekitaldi guztiak gure begi-belarrietan eta baita euskarri digitalean be. Eta hor geratu dira betiko Gure Mikel liburua, Juan Luis Goikoetxeak zuzendutako biografia antzeko bat, edo Labayruko Asier Bidart eta Aintzane Etxebarriak burututako Lezamako Toponimia, edo Iñaki Gamindek atondu zuen Lezama berbarik berba lana, edo Gaizka Peñafiel musikari gaztearen Mikel Zarate diskoa, edo Mikel beraren inoiz argitaratu bako Utopiaren fantasiaz poesia liburua, edo Susa argitaletxearen eskutik bere lan osoak sareratutea eta danon esku itxitea... Barru-barruan daroazuen euskaltzale, idazle, persona, laguna... da Mikel. Eredu eta ejenplua da euskerearen arloan, bai gure taldearentzat, bai beste euskera talde askorentzat be bai. Eta bide horretatik, Mikelen eredua eta beharrak zabalduz gurako geunke bere euskaltzaletasuna lezamarrei nahastetea... Ez da erraza izango. Hain txarra da euskerearen egoerea Lezaman, ala? Dana ez da baltza, leku edo inguruneetatik inguruneetara desbardintasun handiak direlako. Baina euskerearen erabilerea Lezaman oraindino eskasa da, oso eskasa, negargarria. Ez geunke katastrofista agertu gura, baina gauza asko egin dan arren, hobetu dogun arren, erderea da nagusi tabernetan eta dendetan, udaletxean, medikuaren kontsultan, ume eta gazteen artean, Athletic-en instalazioetan, enpresetan, pelotalekuan, txokoetan, jaietan, alkarteetan.... Baina hori baino baltzago ikusten dogun gauza bat be bada: oraindino be, XXI. mendean, Lezaman euskeraz bizi gura dauanak zailtasunak eta oztopo handiak dituala… Negargarria. Euskerearen Eguna Lezaman ospatu dogu aurton. Zertarako balio dabe halako jaiek? Euskerearen alde benetan egiten dan edozein ekitaldi beti izango da onuragarri eta aprobetxagarri. Euskerearen Nazinoarteko Egunaren inguruan horrelakoak eta beste asko antolatuten dira, eta modu positiboan ikusi behar dira. Dagoan arriskua ekitaldiok folklore hutsean geratutea da, arduradunen kontzientzia zurituteko prestatuten ei diralako. Txorierriko kasuan, egun hori antolatutearen alde izan gara beti gure taldean. Egin gurako gendukeen kritika bakarra (eta konstruktiboa) da herrietako alkarteen parte hartutea gehiago bultzatu behar dala. Osterantzean, “goitik” eginda datorren gauzea geratuten da, interesgarria eta aprobetxagarria izan daitekena, jakina, baina bere arriskuak be badituena. Oso harreman estua dozue Txorierriko gainontzeko euskera alkarteakaz, ezinbestekoa da lankidetzea? Bai, eta horren alde jokatu dogu beti. Alkarte bakotxak indar gehienak bere herrian erabili behar baditu be, ez gara isolatuta bizi eta ondokoen lagunengana be jo behar da, emoten eta hartuten. Horren lekuko dira Aikor! aldizkaria, Berbalagun proiektua, batera antolatuten diran ekitaldiak, Baserri Antzokia proiektua… “Hemendik kultura saria” jaso dozue oraintsu, urteurrena biribildu dau? Sariak zigorrak baino hobeak eta eraginkorragoak dira beti. Baina, beharbada, beste alkarte batzuk be badagoz saria merezi dabenak. Sari batek ez dau ibilbide oso bat adierazoten, eta batzuetan hori emoten dauanaren ikuspuntua ispilatuten dau. Kontuan hartutekoa da, bai, baina gauza puntuala be bada… Edozein kasutan, sariak esan gura dau norbaitek guregan zerbait (gitxi edo asko) positiboa ikusi dauala, eta hori beti da pozgarria eta eskergarria. Batzuek kuriosidadea eukiko dabe, zer esan gura dau Zorrizketan berbeak? Lezamarrok “zorriztoak” edo “zorriak” gara ezizenez. Eta ezizenaren alde ludikoa eta soziala erabiliz, taldekide batek “Zorrizketan” berba barria asmau eban, “zorriak euskeraz berbetan” adierazo gura dauana. “Ibilbide laburra eta oparoa” Poztasunez eta harrotasunez ospatu dabe Zorrizketaneko kideek alkartearen 11. urteurrena. Pirritx eta Porrotx pailazoen emonaldia, gazteei zuzendutako kontzertuak, bertso-afaria, kultura astea, berbaldiak, herri bazkari berezia... ekintza sorta zabala eskaini deutsee urte osoan zehar lezamarrei eta txorierritarrei. Urteurren bat lagunen artean ospatu behar dan jaia dalako. Baina urteurrenak begirada atzera botateko gunea be bada, eta alkarteak halan egin dau. “Gatxa da 11 urteren ibilbidea lerro bitan azaldutea. Laburra eta oparoa izan dala esango geunke; akatsez beterikoa beharbada, baina ilusinoz gainezkakoa be bai. Alkartearen marka herrian ixteko modukoa bai, behintzat”. Aitatu deuskuen moduan, barrura begira hausnarketa sakona egiteko momentua be bada, “ondo edo txarto zer egin dogun jakiteko”. Horrela, bada, inkesta bat egiteko asmoa dabe, eta hori herritarren artean zabalduko dabe, “zelan ikusten gaituen eta gutaz zer pentsetan eta itxaroten daben ezagututeko”. Inkestak eta alkartearen geroko eztabaidak eta gogoetak markauko deutsee aurreranzko bidea. Bitartean, euskerearen normalizazinoaren eta euskal kulturearen alde jarraituko dabe beharrean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).