Buruko mina

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 14:43

Testua: Mikel Etxebarria, fisioterapeuta

Gure gizartean ohikoa da buruko mina, eta asko dira hori eragin dezaketen arrazoiak: tentsio muskularra, baskularra, hormonala, arazo neuropatikoak... Arrazoi horien artean tentsio-aldaketekin zerikusia dutenak dira ohikoenak; hau da, sorbalda, lepo edo buruko muskuluek esfortzu handia egin dutelako, buruko min sorra, jarraitua eta lausoa sortzen dutenak. Muskulu bat kontrakturatuta edo gainkargatuta dugunean, horrek mina soilik gune konkretu batean sortzen duela pentsatzeko joera dugu. Buruari dagokionez, esate baterako, hortzak indartsuki estutzeak buruko muskulu tenporala kontrakturatzea ekar dezake. Muskulu hori lokietan dago eta kontrakturatu ahal den buruko muskulu bakarra da. Hala ere, badaude beste muskulu batzuk eragina dutenak buruko minan. Muskuluok lepoan eta sorbaldan daude, eta gehiegi erabiltzen ditugunean, hainbat mekanismo jartzen dituzte martxan, mina bururaino zabal dadin. Horiei “puntu kolpekariak” esaten zaie, eta muskulu guztiek badute bat edo gehiago. Muskuluaren arabera, mina era batean edo bestean azaltzen da. Ondorioz, min mota, horren jatorria eta ondoeza areagotu edo gutxiagotzen duten jarrerak bereiz daitezke. Horrela, buruko mina zehatz-mehatz zein muskuluk edo muskulu-taldek sortzen duten ezagut dezakegu. Adibideak Aipatzekoa da muskuluen laburpena dakarten jarrerek, zeinak denbora luzean mantentzen baitira, eta behin eta berriro egiten den mugimenduek martxan jartzen dituztela muskulu bakoitzari dagozkion puntu kolpekariak. Jarrera mota horien adibide batzuk langile hauengan topa ditzakegu: informatikariak (burua eta sorbaldak aurreratuta dituztela daude ordenagailu aurrean. Gainera, sorbaldetako bat dute apur bat altxatuta, sagua edo teklatua mugitu ahal izateko); administrariak (belarri eta sorbaldaren artean jartzen dute telefonoa); mekanikariak (pezoian lan egiten dute, gorantz begira eta besoak altxatuta dituztela). Beste alde batetik, aisialdiari lotutako jarrerak ere sar ditzakegu multzo honetan: liburu bat irakurri edo kakorratz-lana egiten dugun bitartean burua beherantz izatea, adibidez.