Arkaitz Estiballes, bertsolaria: “Bertsoaren aur

Aikor aldizkaria 2011ko urt. 24a, 15:12

Testua: Etxahun Lekue / argazkiak: Joseba Barrenetxea

Natibitate egunean bertso-saio ederra antolatu zan Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean; urtero egun horretan egiten dan legez. Arkaitz Estiballes Bizkaiko Bertsolarien Txapelketaren irabazleak saioan hartu eban parte, eta hareri zuzendutako galdera-sorta presteteko eskatu geuntsan Etxahun Lekueri. Txapelduna eta txapeldun ordea aurrez aurre egon ziran. Zelan joan zan saioa Hori Baien? Saio berezia izaten da Hori Baikoa. Egun berezia da, eta jenteak ahalegina egiten dau mahaitik jagi eta saiora etorteko. Entzuleria beroa eta esker onekoa batuten da urtero. Saioan gora-behera batzuk egon arren, goi mailako bertsoaldi batzuk joan ziran eta bai entzuleak eta bai geu be gustura geratu ginan. Bizkaiko Txapelketan txapela jantzi osteko lehenengo saioetariko bat izan zan. Desbardintasunik igarri dozu Txapelketa osteko saioetan? Txapelketaren eta Txapelaren gaiak urten dau saiootan, baina ostantzean ez dot bestelako desbardintasunik edo niganako bestelako exijentziarik igarri. Kantau dodan saio gehienak ez dira saio barriak izan, aurreko urteetan kantauta nagoan saioak izan dira. Txapela lortu ostean antolatzaileen deiak ugaritu dira? Batez be aurreko urteetan kantautako lekuetatik etorri jataz deiak, normalean baino goizago, okupauta egongo nintzalakoan. Jaialdi handi batzuetarako deiak be izan dodaz eta urte hasieratik martira arteko agendea nahiko beteta daukat. Hilebete inguru pasau da Bizkaiko Txapelketako finaletik. Ze akordu geratzen jatzu? Finaletik akorduan dodana sano polita da: saioa bera, ikasle bat kantu kide, buruz- burukoa lagun bategaz, txapela janzteko momentua, zorionak emotera hurreratu zan jente piloa… Eta hurrengo egunetako nekea be akorduan dot. Txapelketako neke metatuaz gain alkarrizketa pilo bat emon behar izan nebazan. Oporraldi txiki bat hartu neban deskantsetako. Txapelketarako egiten dozuen lanketak badau eraginik Txapelketatik kanpo? Egiten dan beharrak beti dau eragina. Txapelketatik txapelketara egiten dan lanketaren bitartez saltu bat emoten dau gure bertso mailak, eta horrek beste saio guztietarako be balio dau. Finalean arpegi barri eta gazte asko egozan. Bertsogintza irakasten be egiten dozu behar. Zelan ikusten dozu Bizkaiko bertsogintza? Nahiko osasuntsu ikusten dot. Bertsolari gazteak badatoz eta aspaldian entzuleria be asko gaztetu da, eta hori osasuntsu dagoan seinalea da. Bertsolari gazteak maila onean datoz eta hori ona da eurentzat eta bai geuretzat be. Bertsoaren inguruan ordu asko pasetan dozuz. Ze pisu dau bertsolaritzak zure bizitzan? Ordu asko eskini arren ez da nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena, bertsoaren aurretik badodaz beste gauza batzuk. Dana dala, bertso eskolak garrantzi handia dau niretzat. Ezin neike nire bertso ibilpidea ulertu bertso eskola barik: bertan sortzen dan giroa, konpromisoak hartzen ikastea, lagunak… Bertsolari, bertso jartzaile, irakasle, Santutxuko bertso eskolako arduradun, gai jartzaile, epaile… Zer falta jatzu egiteko bertso munduan? Danak dira alkarren osagarri (antolatzaile barik ez dago saiorik, epaile barik ez dago txapelketarik, bertsolari barik ez dago bertsorik…) eta bertso eskolak bertsogintzaren eragile diran neurrian bertako kideoi danerik egitea toketan jaku. Hemendik aurrera zer eskaini gura zeunke plazan? Apur bat danetarik eta ezer berezirik ez. Jaialdi handietan baino gusturago sentiduten naz bertso bazkari edo afarietan, egitura malguagoa dabelako eta umoreak pisu handia hartzen dauelako. Dana dala, edozein dalarik bertso saioaren egitura, entzuleagaz ahalik eta ondoen komuniketea izaten da beti helburua. Ia lortzen dogun!