Kamerari lotuta

Aikor aldizkaria 2011ko urt. 24a, 15:24
Jon Goikouria sondikoztarrak film laburren lehiaketa irabazi du Leioan, baina kalean argazkiak egitea ere izugarri gustatzen zaio t/a: Gaizka Eguskiza
Askotan esaten da gazteek ez dutela ekimenik, “ni-ni” belaunaldikoak direla (ez dute ikasten, ez lan egin). Hori egia da batzuetan. Hala ere, Jon Goikouria sondikoztarra ez da gazte mota horretakoa, ez noski. Jon Aikor! aldizkariaren kolaboratzaile zintzoa da, eta beti dabil gauza berriak egiten, “esperimentatzen”. Leku batetik bestera, ikasi eta lan egiteko irrikan. Eta batzuetan lanak eta gogoak etekina ekarri diote. Esate baterako, Leioako film laburren lehiaketaren saria eraman du etxera Aimar Ruiz lankidearekin batera, Uria pelikulari esker. Jonek kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta, ondoren, urte bi gehiago eman zituen ikus-entzunezko komunikazioa ikasten. Bertan ezagutu zuen Aimar eta lagun minak egin ziren. Biek ikasi zuten karrera bera, eta biek adierazi zuten gauzak egiteko gogoa. Antzekoak zirela ikusita, elkarrekin lan egiteari ekin zioten. “Oso ondo moldatzen gara, ez dugu arazorik eta elkarrekin lantzen ditugu bakoitzari bururatutako ideiak”. Zippo metxeroen markak iragarkien lehiaketa zabaldu zuen eta bikoteak bideoa bidali zuen Ameriketara. Zorterik ez. Orduan, tokian tokiko aukerak hasi ziren aztertzen. Lehenengoa, Topaguneak antolatzen duen Kameratoia lehiaketan aurkeztu zuten Ikara pelikula. Berriro ere, zorterik ez. Geroago Leioako sarietan hartu zuten parte, eta bete-betean asmatu zuten hor: herriko egileen lanik onenaren kategorian lortu zuten saria. “Diru aldetik, sariak ez du garrantzirik. Hala ere, guretzat inportantea da ikus-entzunezko mundu horretan sakonago sartu garelako. Gainera, adorea eman digu aurrera jarraitzeko”. “Sarietan parte hartzearren asmatu genuen Uria filma. Egun batean asmatu eta hurrengoan dena grabatu genuen Leioan. Egun osoa eman genuen, goizeko 5etatik arratsaldeko 8etara arte. Film esperimentala da, eta horren bidez omenaldia egin nahi izan genion XX. mendeko hasierako sobietar zinemagintzari, Dziga Vertov zuzendariaren El hombre con la cámara pelikulari bereziki. Gurean, ordea, Leioa da protagonista”. Aimar eta Jon elkarrekin aritu dira, baina Uria egin baino lehen bakoitzak bere ibilbidea izan du. Jon Mauritaniako basamortura joan zen aurreko udan eta dokumentala sortu zuen bidaiari buruz. Pelikula Sondikako Kultur Etxean izan zuten ikusgai txorierritarrek, baita herrialde horren inguruan egin zuen beste dokumental bat ere. Pelikula biak arrakastatsuak izan ziren, aretoa gainezka egon baitzen. Datozen hilabeteotan hainbat proiektu ditu Jonek esku artean, zein baino zein interesgarriagoa. Esate baterako, otsailean beste film bat aurkeztuko du Aimarrekin Nontzefilm lehiaketara. Gainera, beste pelikula batzuk ere egingo dituzte, grabatzen duten bitartean “primeran” pasatzen dutelako. “Zenbait enpresak deialdiak egiten dituzte iragarkiak-eta egiteko. Adibidez, Sprite freskagarrien markarako iragarki bat grabatu genuen Derion eta hori Interneten dago ikusgai. Horrelakoak egiten jarraituko dugu, gauza berriak egitea gustatzen zaigulako”. Argazkilaria Film laburrez gainera, argazkilaritza ere lantzen du Jonek. “Niri ikus-entzunezko komunikazioa gustatzen zait, oro har, eta telebistako kamera-operadore ere egin dut lan; eta gustura, gainera. Baina nire ametsa argazkilari profesionala izatea da. Aspaldian nabil kamerarekin leku bestetik bestera. Korrespontsala izatea ere izugarria izango litzateke, baina horretarako curriculuma landu behar da”. Horren haritik, lagun pare batekin Ipar Irlandara joateko asmoa du Jonek, bertako erakunde biren arteko gatazkari buruzko dokumentala egiteko. Momentuz ez du pentsatu kanpora lan egitera edo ikasten jarraitzera joatea. Ikus-entzunezko industria batez ere Madrilen dago, baina etxetik at joatekotan, Jonek argi du Bartzelonara joango litzatekeela. “Katalunian daude argazkilaritza-eskolarik onenak, eta hiria bera Madril baino politagoa da. Hori garrantzitsua da, kalean nagoela momentuak harrapatzen dituzten argazkiak ateratzea gustatzen zaidalako”. Kanpoan zein etxean, Jonek proiektu berriak asmatzen jarraituko du eta hainbat saltsatan sartzen, eta horietan guztietan kamara alboan izango du, ziur asko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).