Sendabidea naturan dago

Aikor aldizkaria 2011ko urt. 25a, 10:45
Emiliano Arnaizek inguruko zelai eta mendietan hazten diran bedarren ezaugarri terapeutikoak azaldu deuskuz
Gizon-emakume primitiboek janari-iturria ez eze gorputz eta arimaren gatxak osatzeko bidea be topau eben bedarretan. Kontinente guztietako zibilizazinoak bedarren erabilera mediko eta terapeutikoez baliau egin dira mendeetan zehar, eta gaur egungo botika askok be euren ezaugarri sendagarrietan dabe oinarria. Garapen teknologikoak eta kimikako industriak medikuntza naturala aukerako baliabide bihurtu arren, harek gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Emiliano Arnaiz sondikoztarrak ondo baino hobeto ezagutzen ditu bedarrek eta landarek eskaintzen deuskuezan ezaugarri terapeutikoak. Azaldu deuskun legez, ez dau ikasketa berezirik egin eta bedarren ganean dakien guztia handik eta hemendik ikasi dau; “besteei entzutetik”. Gazte-gazterik zala euki eban lehenengo kontaktua medikuntza naturalagaz, amak be bedarrak erabilten zitualako etxekoen eta auzokoen gatxak osatu eta minak arintzeko. “Bedarrek ezaugarri sendagarriak dabezala ez da gauza barria. Etxean beti erabili izan doguz, beste hainbat lekutan eta herrialdeetan egin dan moduan. Baina ondo jakin behar da zertarako eta zelan erabili”. Ezkai-infusinoa emakumeentzat oso onuragarria dala esan deusku, “toxinak kanporatzeko egokia dalako”. Eta intxaurrondoaren hostoak baliagarriak dirala psoriasiaren aurka. “Hostoak surtan jarri behar dira lapiko baten. Ura irakiten hasten danean, tapau egin behar da. Ukendua goizero emon behar dogu buruan”. Erromeru-alkohola muskuluetako mina arintzeko erabat eraginkorra dala ziurtatu deusku, eta urdaileko ultzerak ondoeza ekarten badeusku, erremedio honegaz probatu geinkela: belarmintzaren zukua limoi bigaz eta ezti apur bategaz nahastu. “Ez da txantxa. Ultzera hori edanez osatu jakon bat ezagutzen dot nik”. Zuhaitz azpian Bronkitisak edo katarroak jota bagabilz, oregano infusinoa edan geinke, ezti koilaratxokada bategaz. “Eta erlaxeteko?”, galdetu deutsagu. “Erlaxeteko, zuhaitz baten azpian jesarriten naz ni”, erantzun deusku. Gatxakaz eta minakaz jarraitu dogu, eta bedarren mundua oso zabala dala azaldu deusku. Eta intuizino apur bat eukitea be komeni dala. Eztarriko mina jengibreagaz kentzen da, eta kolpeek eragindako hanturarako eta baltzunerako marihuana-alkohola baino hoberik eta naturalagorik ez dago. Era berean, etxean belarmintza eukiteko aholkua emon deusku, “erreduretarako oso ona dalako”. Bedar gehiagoren ganean egin dogu berba, etxeko botikinean danetarik egotea gura dogulako. Zerrendea amaituezina da: ereinotza eta oreganoa, urdaileko pisurako; azeri-buztana eta asunak, toxinak kanporatzeko; untxi-belarria izeneko bedarra, ebagiak orbaintzeko... Bestalde, gure inguruan odol-pikoak kentzeko gauza dan bedarra hazten dala esan deusku, baina ez dala izenagaz gogoratzen. Prozedurea oso ortodoxoa ez dala iruditu jaku. “Bedarra boltsikoan sartu eta hantxe itxi behar da sikatzen”. Autosugestioa izango ete da? Sasoiko bedarrak mendian hartzen ditu Emilianok; eta sasoikoa ez dan bateren bat behar badau, hori bedar-dendan erosten dau. “Erabat fidagarriak dira”. Tratamentua lau, sei... egunean hartu behar dala aitatu deusku; eta ez hiru edo, bost egunean... Zenbaki bikoitiakaz zerikusia dauen gauzea da; sinisteakaz. “Eta gatxaren arabera, infusinoa goizez edo gauez hartu behar dogu: katarrorako infusinoa, gauez; eta ultzerarakoa, goizez”. Medikuntza modernoaren aurka ez dagoala esan deusku sondikoztarrak, “aurrerapausu itzelak emon dira”. Baina kimika gehiegi erabilten dala, eta berak bere bedarrakaz jarraitu gurago dauela. “Naturalagoa da. Hainbeste kimikak ez gaitu inora eroaten”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).