Elorria; aldapan gora, aldapan behera

Aikor aldizkaria 2011ko urt. 25a, 10:49
Mapa: Ander Lasa
Neguak eta eguraldi txarrak atsedenaldia emon deuskue eta udabarriaren berezkoak diran egunez gozeteko aukerea euki dogu urtarrilean. Mendiko botak jantzi eta lagunakaz lotu gara domekan, inguruak eskaintzen deuskuzan parajeak ezagutzeko asmoz. Lezaman gelditu dogu autoa eta hango taberna batera sartu gara kafe bana hartzera. Barra gainean Lezamako ibilpideak aldizkaritxua ikusi dogu eta kuriosidadez emon deutsagu begirada bat. Herriko alkarteek “Lezamako mugetatik” mendi martxa eta lasterketaren harira kaleratutako argitalpen txikia dala esan deuskue. Aldizkaritxuan lau ibilpide azaltzen dira eta horreek nahiko errazak dirala pentsau dogu. Lagun batek planak aldatzera animau gaitu eta ibiltaldia Lezamatik bertatik egiteko proposamena luzatu deusku. Konbentzidu gaitu eta hamar minutuan izan gara eztabaidatzen, gaur egingo genduan ibilpideari buruz. Desadostasuna nagusi izan da gure artean; horregaitik demokratikoena egitea erabagi dogu: hasieratik hasi. Eta aldizkaritxuan proponiduten deuskuen lehenengo ibilpideari ekin deutsagu: Elorria izenekoa. Gutariko batzuei ordena gustaten jakulako. Gainontzekoak beste baterako itxi doguz. Elorria ibilpideak 5,8 kilometro ditu eta ordubete eta hogeta hamar minutu irauten dau, baina guk denpora apur bat gehiago emon dogu bidean. Entretenidu egin gara baserriakaz eta besteakaz. Udaletxeko plazatik atera eta Mikel Zarate plazaraino doan errepidea hartu dogu. Errepidean gora egin dogu eta plazara ailegau garenean, Goitioltza auzorantz abiau gara. Errepidean behera, oraingo honetan. Plazatik 460 bat metrora Bekoerrotarako bidea ikusi dogu. Bide asfaltautik jarraitu dogu eta 400 metro egin ostean, ezkerrera hartu dogu bidekurutzean. Bideak Elorria auzoraino eroan gaitu. Erreka eta Bekoerrota baserritik hurbil pasau gara. Aldizkaritxuan irakurri dogun legez, baserria errotea zan antxina. Tipi-tapa Aldapea igon eta Goitizuri baserrira heldu gara. Han bidezidorra hartu dogu eta laster ikusi dogu barriro asfaltoa. Bidetik bajatu gara, hegoalderantz, eta Elorria edo Goitioltzako iturrira ailegau gara. Bidetik jarraitu eta Goitioltzako eskolak ikusi doguz, gaur egun txoko publikoa diranak. Esku artean dogun argitalpenean azaltzen dabenaren arabera, Goitioltza auzoa kurutzatzen dauen BI-3726 errepidean gagoz barriro be; hau da, ibilpidearen hasieran hartu dogun errepidean. Argibideei arretaz jarraitu deutsegu eta eskuman dagoan errepidea hartu dogu. Apur bat ibili ostean, SAT-LEGUren kartela ikusi dogu. Ezkerreko bide horretatik sartu gara. Beheko bide asfaltautik tipi-tapa ibili gara eta Bolu eta Errotabarritik pasau gara; “egun, errotetxeak; garai baten, burdinolak” dinoe aldizkaritxuan. Ezkerrera joten dauen saihesbidea hartu dogu eta Errotabarriko antxinako zubi txikia igaro dogu. Bidezidor batetik basora barruratu gara. Zalantzak doguz. Argitalpenean kontsultau eta antxina hildakoak hilerrira bide horretatik eroaten zituela irakurri dogu. Andabidea ei zan; berba barria be ikasi dogu. Bidezidorrean gora egin eta Garaioltza auzora ailegau gara, Larrene baserriaren parean. Errepideak Mikel Zarate plazara eroan gaitu barriro eta atsedena hartu eta eztarria freskatzeko aprobetxau dogu hango tabernan. Aldapan behera bajatu gara, autoraino, laster beste ibilpide bat egingo genduala aitatu dogun bitartean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).