Testua: Igor Urrutikoetxea, LABeko Nazioarteko Idazkaria
Bi urte baino gehiago igaro dira, jada, gaur egun pairatzen ari garen krisi kapitalistaren lehen zantzuak 2008ko irailean nabaritzen hasi ginenetik. Krisia hasi bezain laster, Europar Batasuneko gobernuek diru publikoa (guztiona dena) nahi beste eman zioten Bankari, espekulazio finantzarioa bultzatzeagatik egoeraren arduradun nagusia izan arren. Horretarako bazegoen dirua; Estatu espainiarrean, hain zuzen, PSOEren Gobernuak 65.000 milioi euro eman zizkion 2009an banka pribatuari.
Baina bitartean hara non politikari eta komunikabide nagusiak hasi zitzaizkigun esaten krisian inongo erantzukizunik ez genuen langileok gerrikoa estutu behar genuela. Horrela, arrapaladan, gastu soziala murriztu dute (beste gastu batzuk aurreztu beharrean; militarra, adibidez), prekarietatea bultzatzen duen eta kaleratzea merkatzen duen lan erreforma bat onartu zuten iazko ekainean, jubilatuen pentsioak izoztu eta enplegatu publikoen soldatak jaitsi egin zituzten.
Orain ere, krisiaren aitzakiapean eta negoziatzen ari diren itxura eginez, pentsioen erreforma egingo du Espainiako gobernuak, pentsioak jasotzeko baldintzak gogortzeko eta etorkizuneko belaunaldiei pentsio eskubidea ia ezinezko bihurtzeko. Hau idazteko unean, neurri zehatzak oraindik ez badakizkigu ere, badakigu zeintzuk diren asmoak: besteak beste, pentsio osoa kobratu ahal izateko kotizatu beharreko epea 35 urtetik 38 edo 40ra igo gura dute, pentsioa kalkulatzeko erabiltzen den epemuga ere igo nahi dute (15etik 20 edo 25era), eta erretiro adina ere 65etik 67 urtera igo nahi dute, EBko altuenetarikoa badugu ere. Eta neurri horiek, Gizarte Segurantzaren sistemak superabita izaten jarraitzen duen bitartean.
Pentsioen erreformaren ondorioz gure belaunaldiko hainbat, eta lan munduan prekarioan dauden sektoreak (gazteria, emakumeak) etorkizunean erretiro pentsio barik geratuko gara Euskal Herrian, ezinezko izango delako jarriko dituzten baldintzak betetzea, eta berriro ere Madrilen erabaki dutelako, gure iritzirik kontutan hartu gabe. Heldu da momentua, beraz, ongi izate egoeraren seinale diren eskubide sozialen murrizketen kontra kalera ateratzeko eta aurka gaudela esateko, “Ez gure izenean!†ozen oihukatzeko. Urtarrilaren 27an euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin bat egitea da horretarako aukera bat, nire, zure, gure etorkizuneko pentsioak lapurtu ez diezazkiguten. Horrekin batera, 28an, 29an, 30ean… eta hurrengoetan ere mugitzea eta, batez ere, egunero adi egotea, engaina ez gaitzaten.