Gotzon Barandiaran, idazlea: “Ez naiz idazleago

Aikor aldizkaria 2011ko urt. 25a, 11:26
Errotik Gotzon Barandiaran Larrabetzuko idazlearen lehendabiziko eleberria dugu. Aurretik Arrakalak (2004) eta Katamalo (2008) poesia liburuak ditu idatzita. Hori Bai gaztetxean egin dugu topo, poesiatik narraziora izandako iragaiteari buruz hitz egiteko. Zergatik eman saltoa genero batetik bestera? Istorioa formatu batean baino gehiagotan kontatzea pentsatu nuen, baina nobela eran idaztea erabaki nuen azkenean. Liburuan istorio bi kontatzen direlako, eta istoriook zati batzuetan oso deskriptiboak direlako; ez da izan poesiatik nobelara salto egitearren. Ni ez naiz idazleago sentitzen orain. Eta zaila ikusten dut aurreko liburu biekin izandako oihartzuna liburu honekin ere lortzea. Ez naiz oihartzun mediatikoaz ari, irakurleekiko eta jendearekiko harremanaz baizik. Azaldu, mesedez. Hainbat zuzeneko emanaldi eman genituen Arrakalak eta Katamalo liburuen haritik, eta aurrez aurreko harreman bat, oso hurbila, lortu genuen hainbat eta hainbat irakurlerekin. Irakurleen klubetatik nobelagileei poetei baino gehiagotan deitzen zaiela suposatzen da; niri behintzat ez didate inoiz deitu nire poesia liburuei buruz hitz egiteko. Baina idazle asko gaude Euskal Herrian, eta guztiok ez dugu aukerarik izaten. Nobela idatzi eta irakurleen klub bakar batera ez joatea gerta daiteke; ondorioz, ez da irakurleekiko harreman hori lortzen. Zaila suertatu zaizu narrazioa jorratzea? Ez, niretzat askoz zailagoa da poesia idaztea. Egia da narrazioak beste teknika batzuk eskatzen dituela, erritmo bat mantendu behar dela, aurretik idatzi denari adi egon behar dela... Eta poemak subjektu estankoagoak dira: ipuinak balira bezala sor daitezke, hasi eta amaitu. Baina poesia min handiagoa ematen duen lana da, zure sentimenduetan oso sakon arakatu behar duzulako. Eta, gainera, sentimendu horiek horrela adieraztea lortu behar duzu. Narrazioa malguagoa da horretan; gertakarien deskripzioa, esate baterako, handik eta hemendik jasotako dokumentazioan oinarrituta egin daiteke. Etorkizunean lan gehiago etortzea espero dugu; poesiari helduko diozu berriro, narratibari...? Ez dakit. Publikatzeko, zer kontatu eduki behar da, eta kontatu nahi dena ere argi eduki behar da. Osterantzean, hobe da ezer ez argitaratzea. Nik kontatzeko hemendik aurrera zer edukiko dudan ez dakit, eta aurkitzen dudanean idatziko dut. Ez dakit poesia izango den, nobela edo antzerkia... Orain, adibidez, elkarlanean nabil Kukubiltxokoekin, eta antzerkia idazten nabil. Zelakoa da proiektua? Korrika Kulturalerako enkarguzko obra bat egiten gabiltza. Beste alde batetik, Kukubiltxok eta Aristides Vargasek aspalditik daramate elkarrekin lanean, eta bigarren lan bat egingo dute. Vargasek espainolez idazten duena euskarara ekarriko dut nik. Gustura? Oso. Gainera, uste dut oso tresna baliagarria dela Euskal Herriaren gaur egungo egoera eta datozen aldaketa sozialak, kulturalak eta politikoak jorratzeko. Satiraz, ironiaz eta umorez. Eta idazleok ahalegintxoa egin beharko genuke horretan, izan ere, gaur egun antzerki gutxi idazten da, eta are gutxiago argitaratu, eta askoz are gutxiago irakurri. Nik oso ondo pasatzen dut antzerkia idazten; besteekin gehiago sufritzen dut, beharbada. Idazten nabilela barre asko egiten dut pertsonaien arteko elkarrizketekin eta egoerekin. Errotik liburuaz arituko gara. Oso gazte harrapatu zintuen Euskalduna ontziolaren gatazkak... Liburuan istorio bi daude, batzen direnak eta aspalditik kontatu nahi nituenak. Bata, Euskaldunaren borroka da; eta bestea, aitaren heriotzak nigan utzitako arrastoa. Bereizita kontatuz gero, Euskaldunakoa kronika bezala gera zitekeen, saiakera, kazetaritzatik hurbil... Eta oraingoz ez dut gaitasunik halako gauza bat egiteko; eta gainera, ez nuen hori bakarrik egin nahi. Beste alde batetik, Katamalo lanean badago zerbait aitaren heriotzak nigan utzitako arrastoari buruzkoa, baina min handiegia ekartzen zidan momentu hartan horri buruz idazteak, eta hobeto nengoen momenturako uztea erabaki nuen. Eta orain sentitu naiz hori kontatzeko gai. Eta zer kontatu duzu? Euskaldunako langileen gatazkak, politikoa, soziala eta kulturala ere izan zena, protagonistengan izandako eraginaren gaineko gogoeta azaltzen ahalegindu naiz. Aita eta alabaren artean eszenifikatzen da. Aita Euskaldunako langilea da, eta bere familiaren etorkizuna Euskaldunako langile bezala irudikatzen du, baina momentu batean Espainiako gobernuak ontziola desagerrarazi nahi du. Eta horrek eragina du aitarengan; ez soilik egoera laboralari dagokionez, osasunari dagokionez ere bai. Alaba, bere aldetik, sasoi hartako gazteriaren alde baten erretratua da, izan ere, 80. hamarkadaren bigarren zatitik aurrera Bilbo politikoki eta kulturalki sumendi handia izan zen. Gatazkak eragin nabarmena du euren arteko harremanetan, aldarazi egiten ditu. Aita ospitalean dagoela, bizitza osoan elkarrekin egonda ere elkarri esan ez dizkiotenak esaten ahalegintzen dira. Erabakiak hartzeko garaia ere izan zen sasoi hura, kontraesanez betetakoa, eta hori ere azaltzen da pertsonaiengan. Oso material gutxi omen dago gatazka honi buruz... Liburu bakarra dago, langileek egindakoa: La batalla de Euskalduna. Dokumentazioa hemerotekatik lortu dut, eta langileekin ere hitz egin dut. Arraroa da material gehiagorik ez egotea, lehen esan bezala, garai hura mugimendu handikoa izan zelako. Horregatik ahalegindu naiz Euskaldunaren borroka nahiko zehatz kontatzen. Eta asko dago oraindik kontatzeko. Hiru urtean 300 langile izan ziren Estatu baten kontra, eta hori epikoa da. Gainerakoek zuri buruz idatzi dutena irakurri dugu; zelango idazlea zarela esango zenuke zuk? Asko kezkatzen nau zer kontatu izateak. Auzolana eta sarean lan egitea gustatzen zait, ikasteko gogoa dudalako eta erreferentziak nahi ditudalako. Inportantea da idazleontzat, soilik geure zilborrari ez begiratzen ikasten delako. Kontraesan bila dabilen idazlea ere banaiz. Batzuek politikoki oso lerratuta identifikatzen naute, eta ezker abertzaleko ideologia zabaltzeko idazten dudala diote. Horrek esan nahi du ez dakitela irakurtzen; behintzat nik idazten dudana, ez. Ezkerrekoa bazara, atoan jartzen dizute etiketa eta “panfletarioa” zarela diote; baina eskuindarra eta kontserbadorea bazara, ez. Dena dela, onartzen dut, ez dut ezer ezkutatzeko eta oso harro nago nire ideiez. Elikatze kolektiboa Anaiak Sarrionaindiaren Narrazioak liburua eraman zuen behin etxera; liburuak literaturarako grina piztu zuen Gotzonengan. Hori Bai gaztetxean Bihotz Bakartien Kluba (BBK) jaio zen handik gutxira, eta literatura sozializatzeko eta jendearekin konpartitzeko gogoa ere azaldu zen. Sasoi hartan Susa argitaletxeko kide egin zen Gotzon. Bere esanetan, argitaletxearen lanari esker literatura eta kultura bizitzeko beste modu bat ezagutu du, zintzoena eta demokratikoena. “Horiek ahalik eta jende gehienengana zabaltzea da gure erronketariko bat. Literatura ezinbesteko tresna da gure sasoia eta Euskal Herriaren historia ulertzeko, eta oso bitarteko egokia da etengabeko gogoetarako”. BBK urteetan ibili da herriz herri errezitaldiak eskaintzen. Lehen Sarri, gure artean etorri zen; eta ondoren, Poeta hilen kluba, Zakil alu hori, Arrakalak eta Katamalo. Literaturari buruzko ezagutza zabaltzeko beharrizana zutela erabaki zuten BBK-ko kideek eta Susak, eta Literatura eskola jarri zuten martxan. “Lehenengo urte bietan, Larrabetzun bertan egin genuen, baina euskarazko literatura Euskal Herri osokoa dela ikusi genuen, eta egitasmoa Euskal Herri osora zabaldu zen”. Literatura Eskolatik beste proiektu bi atera dira: Eako Poesiaren Eguna, Gabriel Arestiren omenez; eta Literaturia. “Euskarazko literaturak Durangoko Azokan gero eta protagonismo gutxiago zuela ohartu ginen, eta horrek bere plaza behar zuela pentsatu genuen, soilik euskaraz eta soilik literaturaz aritzeko. Horrela jaio zen Literaturia duela urte bi”. Bestalde, Ahotsenea sortzaileen gunea ere Durangoko Azokaren haritik eratu den egitasmoa da. Aipatutako guztiak sareko lanaren emaitzak dira; hau da, leku askotako jendearen gogoetaren fruituak. “Hasiera batean autoelikatzea genuen helburu, baina autoelikatzeko nahia elikatze kolektiboa bihurtu da ondoren. Azken batean, hau guztia sortu da literaturarekiko kezkak genituelako. Esate baterako, kanonak ez genituela guk aukeratzen konturatu ginen; beste batzuek esaten zigutela zer irakurri behar genuen. Baina esan genuen, ez, geuk erabakiko dugu zer irakurri eta nola ere geuk aukeratuko dugu”. Etorriko diren egitasmoak ere sareko lanean oinarrituko dira. Ekainaren lehenengo asteburuan Literaturia egingo da hirugarren aldiz, baina lehenago, otsailean, beste ekimen bat jarriko da abian Euskal Herriak Bere Eskola elkartearekin batera. Euskal Herriko bost kanpusetan aldi bereko mahai-ingurua antolatuko da, literatura hezkuntzan zelan lantzen den aztertzeko. “Sarean aritzeak etengabeko ideia-kaxa dakar. Euskarazko eta munduko literatura aukeratu, eta hori zelan transmititu nahi dugun erabakitzen gabiltza. Transmisioa ere badelako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).