Joseba Apezetxea, argazkilaria: “Argazki bakotxa

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 21a, 13:32
Kamarea 10 urte zituala hartu eban lehenengo aldiz. Diana markako argazki-kamarea zan, plastikozkoa, eta oraindino beira-arasa baten dau gordeta, bere ibilpide profesionalean zehar erabili dituan beste kamarakaz batera. Gehienok Oskarbi fotografoak Zamudioko dendan erakusgai dauan beharrari begira izan gara inoz, liluratuta. Izan be, Joseba argazkilaririk estimaduenetariko bat da; Txorierrin ez eze, gure mugetatik kanpo be bai. Aurkakoak egon arren, argazki batek 1.000 berbak baino gehiago adierazoten dauala dinoe... Topikoakaz hasi gara. Bai, argazki bakar batek adierazo ahal dituan informazinoa, sentimentuak, sentsazinoak... ugariak dira. Gainera, ikuslearen begien arabera irakurketa bat edo bestea egin daiteke, eta argazki horretatik ondorio edo eretxi ezbardinak atera. Eta zu, noiz harrapatu zinduzan objektiboak? Gurasoak Bilbora eroan ninduen jaunartzerako argazkiak egitera, eta argazki-dendan topau nituan argiek, kamarek, tresnek... liluratu ninduen. Mendira joaten nintzanean, eguzki-izpiak eta lainoa batzean sortzen zan argi-efektua itzel gustaten jatala gogoratzen dot. Lehenengo argazkiak 10 urte nituala hasi nintzan ateraten, eta 18 urte bete nituanean buru-belarri sartu nintzan argazkigintzan, ikastaroak-eta egiten. Ogibidean 22 urte daroazuz. Argiak lehengo moduan erakarten zaitu; gehiago? Argiagaz jarraitzen dot maiteminduta. Koloreek, formek, personen hazbegiek... be asko erakarten nabe. Bestalde, planetea, herria, ingurua... egunero gabilz aldatzen, eta parajeak, bazterrak... kamareagaz harrapetea gustaten jat. Gure atzetik datozanek lehen zer egoan jakin daien; eta guk lehen zer egoan ez ahaztuteko. Argazkilaritza barruan, arlo bat baino gehiago jorratzen dozu. Industria-argazkilaritza, jaunartzeak eta ezkontzak, moda, erretratuak, biluziak... Zein gustaten jatzu gehien? Erretratuak egitea pilo bat gustaten jat, argazkian azaltzen dan personak gauza asko adierazo daikezalako bere arpegiagaz, bere gorputzagaz... Denporearen igarotea be adierazo daiteke erretratu baten bidez. Baina erretratuez aparte, beste batzuk be gustaten jataz: moda, biluziak eta paisajeak, esate baterako. Arlo batetik bestera emondako pausua era natural baten egin dot; bezeroek halan eskatu ahala hasi naz arlo bat edo bestea jorratzen. Oraindik, argazkilaritzan, badozu ikutu bako arlorik? Laster hiru dimentsinoetako argazkiak jorratzen hasteko asmoa dot. Egon nasai, horreei begiratzeko, ez dogulako betaurreko berezirik jantzi beharko. Eta amets egiteko aukerea dogunez, inoz argazkilaritza-zuzendari bezala zineman lan egitea gustauko litxakit. Gatxa da personen “alde ona” topetea? Gatxa da personakaz behar egitea. Konexino berezia euki behar dozu argazkia aterako deutsazun pertsoneagaz. Lortzen ez bada, ez gagoz eroso, ez bera, ez ni, eta kostau egiten da behar egitea. Gatxagoa umeakaz, beharbada? Batzuk ikaratu egiten dira estudiora sartzen diranean. Baina erlaxatzea lortzen bada, une zoragarriak eskaintzen dabez kamareagaz harrapeteko. Publizidade-kanpainak be egin dozuz, zelan modeloakaz? Nik ez dot arazorik euki modeloakaz. Euren beharra da, eta oso erraza da eurakaz behar egitea. Gizabanako arruntengana bueltauta, fotogenikoak ez diran uste osoa dabe batzuek. Inoz kostau jatzu baten bat fotogeniko bihurtzea? Bai! Dana dala, hori norberaren jarrerari lotuta dagoan kontua da. Gai psikologikoa da. Estudiora argazkian txarto aterako zarala pentsaten sartzen bazara, txarto aterako zara. Ez dago zer eginik. Zelango argazkilaria zarala esango zenduke? Arrunta. Baina oso kritikoa naz neure buruagaz, eta etenbakoko ikaste-prozesuan nago murgilduta. Nire ustetan, beti dago zer ikasi eta zer hobetu. Oso zorrotza naz. Zer da argazki bakotxa? Erronka handia. Oso urduri jarten naz beharrean hasi behar nazen bakotxean: irudia eta horren konposizinoa buruan imajinau, argia nondik sartu behar dan erabagi, modeloa jarri alde batera edo bestera begira, zehetasunak era batean edo bestean zaindu, adierazo gura dodanaren arabera... Hori bai, izotzaldia urtzen danean, eroso sentiduten naz normalean. Ideak sortzen dira. Ez dakigu hainbat urtetan zenbat argazki eukiko dituzun aterata; badago baten bat berezia danik zuretzat? Gehienak dira bereziak, baina aukeratzekotan, azken bost urteotan egin dodazanakaz geldituko nintzateke. Zuri-beltzezko argazkiak egitea gustaten jat, eta horreekaz muntaketaren bat egitea. Sortzaileago sentiduten naz halako beharrak egiten dodazanean. Zuri-beltzerako zaletasun hori oso nabaria da zure beharrean. Argiagaz maitemindua zagozala esan dozu lehen; zuri-baltzagaz be bai? Koloreek euren lengoaia dabe, erakargarriak dira eta ikutua emoten deutsie irudiari. Baina, argazkiaren bitartez zer adierazo gura dozunaren arabera, zuri-baltza egokiagoa izan daiteke, beharbada. Erretratu bati jagokonez, esate baterako, argazkian agertzen dana kolore biziz jantzita badago, ikusleak horren arropeari erreparauko deutso. Eta nik arpegiari erreparau degiola gurago dot, begiei, hazbegiei... Hori zuri-baltzagaz lortzen da. Erretratuen gainean egin dot berba, baina paisajeen kasuan be efektu bera lortu daiteke zuri-beltzagaz. Bai, zuri-beltzaganako joerea dot. Mundua gurutzatu daben irudiak doguz erretinan. Zure beharrak be mundua gurutzatzea gustauko litxakizu? Jakina! Eta era baten edo bestean halan dala pentsetea gustaten jat. Izan be, lehiaketetara aurkeztu dodazan beharrak argazki-bildumetan sartu dabez kideek egindako beste behar batzuekaz batera. Eta argazki-liburu horreek leku batetik bestera ibilten dira; edonork ikusteko modukoak dira. Nire argazki bat, adibidez, FEPFI federazinoko bulegoan dago jarrita, Palentzian. Eta leku hori be mundua da. Goya sarietara proponidua FEPFIk (Argazkigintzan eta irudian diharduten profesionalen Espainiako Federazioa) argazkilari gailen izendatu eban Joseba orain dala hilebete gitxi. “Oso garrantzitsua izan da niretzat; adore-injekzino bat. Gogor ekin deutsat beharrari azken sei urteotan, eta gauzak, apurka-apurka, hobeto egiten ditudala ikusi dot azkenean, ikasten nabilela. Izendapen horrek nire beharra estimadua dala adierazo gura dau, eta hori nahiko ona dala”. Zamudioztarren argazkiek xarma dabe; txukunak, orijinalak eta adierazgarriak dira. Eta horregaitik Josebaren beharra hainbat aldiz proponidu dabe Goya sarietarako. Bai, Goyetarako. Horeek ez diralako bakarrik zinemari lotuta dagozan sariak; argazkigintzan be emoten dira. Halan, 2005. urtean sorkuntza libreko argazki bi euki zituan proponiduak sariotarako; eta beste bat, 2009. urtean. Aurton be argazki bat euki dau industria-argazkilaritza kategorian. “Ez da saririk egon, baina argazkiak lehiaketara sartze hutsa saria izan da. Izan be, 40 argazki baino ez dira aukeratzen Goyatarako, eta azken edizinoan, esate baterako, 600 behar aurkeztu dira”. Era berean, Josebaren argazkiak Asturias eta Valentziako erkidegoek emoten dabezan sarietan be izan dira finalistak. “Los Quijotes Gaztela-Mantxa erkidegoak antolatzen dauan lehiaketara erretratu batzuk agindu dodaz, eta oso itxaropentsu nabil, oso behar onak dirala pentsaten dodalako”. Kideen beharraz galdegin jakonean, horren kalidadea nabarmendu dau. “Gero eta profesional handiagoak dagoz bai Estaduan, bai Bizkaian bertan. Gainera, bertoko lagunek grina handia dabe ikasteko eta ahal daben mailarik altuena emoteko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).