Haiti-Euskal Herria

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 21a, 14:07

Testua: Ana Mezo, irakaslea

Oraingo honetan burura etorri zait eskuartean erabili ditudan, baina zerikusirik ez duten, azken bi liburuen arteko aipamen bat egitea. Haitiren gainekoa izan da lehena. Orain dela urtebete naturak egin zuen triskantzagatik herri horren errealitatea gogoratu genuen, ordura arte askok ahaztuta izan bagenuen ere. Urtebete geroago egoera latzean bizi dira oraindik ere. Munduko alde horretako herririk pobreenetarikoa da. Historiak dio 1492an Cristobal Colon heldu zela gaur egun Haiti den lurralde horretara. XVIII. mendean Frantziaren kontrolpean zegoen, eta 300.000 biztanletik 12.000 “libreak” ziren, mulatoak eta zuriak; gainontzekoak esklaboak, beltzak. XIX. mendean independentzia lortu zuten. Urte batzuk beranduago Estatu Batuetako tropak sartu ziren desoreka politikoa aitzakiatzat hartuta. Azken 50 urtean Duvalier aita lehenengo eta semea gero izan dira lurralde hori gobernatu duten bi diktadore. Tartean beste presidente batzuk ere egon dira. Herririk egon badago esklabutza zer den dakiena, hori Haiti da. “Libre” bizi izan direnean ere, izan duten askatasuna antzerki hutsa baino ez da izan. Edo Frantzia edo Estatu Batuak egon dira bigilantzia lana egiten. Herria miseriaraino pobretu dute, biztanleriaren %70 baino gehiago pobrezian bizi da. Hizkuntzari dagokionez, frantsesa da hizkuntza kultua eta ofiziala, eta kriolloa, frantsesa eta gaztelaniaren eragin handia duena, koofiziala da. Orduko sasoian bizi zirenen hizkuntzaren ia arrastorik ere ez dago. Orain “libre” bizi dira, baina herritarrek ez dute ez lurraren jabegorik, ezta hizkuntzarenik ere, beste batzuk inposatutako hizkuntzan bizi behar baitute. Koldo Izagirreren “Autopsiarako Frogak” ere izan dut eskuetan. Irakurketaz izugarri disfrutatu dut. Informazio interesgarria ematen du eta gogoetarako bidea. Euskarak bizi izan duen egoeraren gainean intelektual, idazle eta herritar askok esan eta eman duten iritzi ugari dakartza. Paragrafo bat ekarri nahiko nuke hona: “Oker handirik gabe esan genezake esklabotzaren abolizioan jokatu zen antzerkia bera dela elebitasuna: libre izendatu zaituen nagusiarena jarraitzen du izaten lurraren jabegoak... zure hizkuntza legezkotzeak ez dituelako ezertan higatzen bereak aspaldian hartuak dauzkan pribilegioak. Bilinguista, elebakarra da askotan ” Hona hemen esklabotza ulertzeko modua, esklabo egiten zaituenean zein libre uzten zaituenean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).