Derioztar alaiak

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 21a, 14:12
t: Gaizka Eguskiza / a: Pozgarri
Berdea itxaropenaren kolorea da. Baita pozgarritasunarena ere, edo behintzat Pozgarri taldekoa. Lagun derioztar batzuk bildu eta kluba sortzea erabaki zuten duela 14 urte. “Guztiei gustatzen zitzaien futbolean aritzea eta izena eman zuten Bizkaiko Federazioan. Pozgarrik herriko talde batean jokatzeko aukera eman zion herriko jendeari. Kanpoko lagunak hartuko bagenitu, askoz hobeak izango ginateke, baina hori ez da gure asmoa. Bai, Athletic bezalakoak gara, baina de-rioztarrak”, azaldu digu Arkaitz Elorrieta taldekideak. Gaur egun talde bik eta 30 lagun inguruk osatzen dute kluba. Gainera, 200 bazkide dituzte. A taldeak Lurraldeko Lehenengo Mailan jokatzen du, eta B taldeak, Lurraldeko Bigarren Mailan. 1999an Lurraldeko Lehenengo Mailara igo zen A taldea, eta handik urte gutxira, Lehentasun Mailara. Geroago, Lehenengo Mailara jaitsi zen berriro. “Bigarren taldea sortu genuen, gurekin jolastera gero eta jende gehiago etortzen zelako. Bertan batez ere jokalari gazteek jokatzen dute”. Nesken taldea ere egon zen Pozgarrin, baina horrek ez zuen luze iraun. “17 urte nituela, neskak entrenatzen hasi nintzen institutuan. Gero neskek utzi zioten jokatzeari, baina taldea berreskuratu nahi izan zutenean, berriro deitu zidaten. Orduan, Zamudion hasi ginen jokatzen. Bi urte eman genituen bertan, eta arazoak sortu zirenean, Deriora joateko aukera izan genuen. Pozgarri taldean aritu ginen urte bitan, baina gero Zamudiora itzuli eta Iraultza taldearekin jardun zuten. Oraindik ere jarraitzen dute jokatzen”, adierazi du Arkaitzek. Adinari dagokionez, oso anitza da taldea: gazteenak 18 urte ditu, eta nagusiak, 38. “Jokalariek taldeko kontu guztietan hartzen dute parte, eta askotan boluntario ere egiten dute lan, esate baterako jaietan antolatzen dugun txosnan”. Txosna da diru-iturrietako bat, baita Gabonetako loteria ere, baina laguntza nagusia herriko merkatari txikiengandik jasotzen dute. “Kartelak plazaratzen ditugu eta han merkatarien iragarkitxoak jartzen ditugu. Horiei esker, jokatzeko aukera dugu, eta benetan eskerrak eman nahi dizkiegu. Beste alde batetik, guk Derion ematen dugu denborarik gehiena eta herriko denda zein tabernetan ibiltzen gara. Gurpil zoroa osatzen dugu guztion artean”. Inplikazioa Derioko Udalak ere laguntza ematen dio klubari, baina Pozgarrikoei apur bat gehiago gustatuko litzaieke. “Udalak ez digu kobratzen kiroldegia erabiltzeagatik, baina jokalarien erdia bazkidea izan behar da. Gainera, ekitaldi batzuk antolatu behar ditugu urtean zehar: txapelketa bat abenduan eta beste bat San Isidro jaietan, eta horien truke diru-laguntza txiki bat ematen digu. Alde horretatik, ez dago kexarik; hala ere, beste taldeei diru-laguntza handiagoak ematen dizkiete, eta gurean baino derioztar gutxiago jokatzen dute, eta guk baino inplikazio txikiagoa dute herrian”. Pozgarri taldeak kirola eta herriko giroa bultzatzen ditu, baina batzuetan elkartasun-proiektuetan ere murgiltzen da. “Iaz Gure Señeak elkartearen berri izan genuen, gure presidentea hango kidea baita. Euren arazoa ezagutu eta gero, laguntzeko prest agertu ginen. Horretarako, kirol asteburuan hartu genuen parte irailean, eta guk areto-futbol maratoia antolatu genuen gauez. Zortzi talde bildu genituen, eta babesleei esker dirua lortu genuen. Gainera, txosnan ateratako dirua elkarteari eman genion. Gogor egin genuen lan, oso gogor, baina merezi izan zuen, eta elkartea poz-pozik ibili zen”. Derion jaio, lan egin edo bizi direnei ere taldean sartzeko gonbidapena luzatu die Arkaitzek. “Areto-futbola kirol polita eta erosoa da. Etxetik gertu dugu, jokalari guztiek hartzen dute parte partidetan, neguan ez dugu hotzik pasatzen estalian jokatzen dugu-eta, giro polita dago.... Taldeko ateak irekita daude”. Hala ere, bere ustez, txarto tratatzen da areto-futbola. “Espainiako areto-futbol selekzioa behin baino gehiagotan izan da munduko txapelduna, baina kirol honek ez du oihartzunik. Espainiako futbol selekzioa, aldiz, munduko txapelduna izan da udan, eta horren ondorioz badirudi krisia bertan behera gelditu dela”. Krisia egon badago, baina hori pasatzen den bitartean, areto-futbolean pozaren pozez jokatzeko aukera dago Derion, Pozgarri taldean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).