Txakolinaren gerra

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 21a, 14:14

t: Gaizka Eguskiza

Geure ardaoa da txakolina. Euskadin badira hiru jatorri-deitura produktu hau babesten eta ekoizten dutenak: Bizkain, Gipuzkoan eta Araban. Historikoki, Kantabrian eta Burgosen be ekoiztu da txakolina, eta orain txakolin deituraren pean merkaturatu gura dabe euren ardaoa. Euskal erakundeak, barriz, ez dagoz ados. Txakolinaren gerra hasita dago. 2010eko abenduan, Gaztela eta Leongo Gobernuak “chacoli” izenpean aurkeztu eban Burgosen ekoizten dan ardaoa. Aurton 4.000 botila merkaturatuko dira. Horrek harridurea eta haserrea sortu ditu euskal jatorri-deituretan. “2002an Europako Batzordeak arautu eban legez, “txakolin” edo “chacoli” izenak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dagozan jatorri-deituraren kontseilu arautzaileek baino ezin dabe erabili. Gaztelako Gobernuak iruzur egin dau eta Europa mailako arauaren kontra agertu da. Ganera, nahastea sortu dau kontsumitzaileengan”, esan deusku Antón Txapartegi Bizkaiko Kontseilu Arautzaileko presidenteak. Era berean, Kantabrian be hasi dira “chacoli” aldarrikatzen, baina hor oso gitxi dira eta ez dabe gobernuaren babesik. “Kantabriako Kostaldea jatorri-deiturea badaukie eta hango ekoizleek bat egiten dabe horregaz. Beste batzuek —uste dot bakarra dala— eta alkarte erregionalista batek, ostera, “txakolin” deiturea defendiduten dabe, baina gobernuak ez deutse babesik emon, Gaztela eta Leonen gertatu dan legez”. Gaztelatik arazo politikoa dala esan dabe, baina Txapartegik ez dauka hori argi. “Euskadiko eta Gaztela eta Leongo gobernuen arteko gatazka argi dago. Danok bete behar dogu legea, eta, lege hori 2002an ezarri zanean, Alderdi Popularrak bultzatu eban. 2009an, barriz, egokitu egin zan legea, eta Alderdi Sozialista egoan gobernuan orduan. Gatazkak ez dauka zerikusirik abertzaletasunagaz; legeak “txakolin” izena babesten dau, eta horretan Estaduko alderdi guztiak etorri dira bat”. Aprobetxategiak Errazoi historikoak be adierazo ditue Gaztelakoek, han beti egin dabelako txakolina. “Hori egia izan arren, orain 30 urte inork ez eban ezer jakin gura txakolinaz, eta orduan geu hasi ginan, hiru euskal jatorri-deiturok, txakolina bultzatzeko beharrean. Azken hiru hamarkada honeetan berreskuratu egin dogu produktua, eta hara non agertu dira orain Gaztelatik txakolina aldarrikatzen. Ez dot uste zilegi danik, eta aprobetxategi hutsak iruditzen jakuz”. Pedro Mari Olabarrieta Txorierriko Upeltegien Alkarteko presidentea da eta ados dago Txapartegigaz. “Izugarrizko kaltea egin deuskue Burgosko ekoizleek. Guk geurea defendidu behar dogu: gogor egin dogu behar, eta goi mailako ardaoa egiten dogu gaur egun. Eurek eskubidea daukie ardaoa, euren ardaoa, ekoizteko, baina beste izen bat jarri beharko deutsie, txakolina geurea dalako. Eta jatorri-deitura sortu gura badabe, gure aldetik, arazorik ez”. Beste konponbide bat Burgosko ekoizleek euskal jatorri-deituraren baten sartzea izan leiteke, baina Txapartegik ez dau hori logikotzat hartzen. “Alde batetik, eguraldi desbardinak doguzalako, eta, ondorioz, sortzen doguzan ardaoak be desbardinak diralako. Euskal Herrian eguraldi atlantikoa dogu, hezea; Burgosen eguraldia kontinentala da eta neguak oso hotzak dira, eta udak, oso beroak. Beste alde batetik, kudeaketa gatxagoa izango zan: Burgoskoak sartzen badira, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan baino, Espainiako Nekazaritza Ministerioarenetan geldituko zan kudeatzeko ardura”. Euskal Kontseilu Arautzaileek ez dabe Gaztelako Gobernuaren jarrera epaitegietan salatu, “ardura hori erakunde publikoena dalako”. “Eusko Jaurlaritzak Gaztela eta Leongo Gobernuari ohartarazo deutso, euren ardaoa ekoizten jarraitzen badabe, epaitegietara joko dauela. Orain, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egin behar ditue urratsak, eurek diralako horretarako eskumena daben agintaritzak. Europak be zeresana eukiko dau,berak emoten ditualako jatorri-deiturak. Eusko Jaurlaritza geure alde dago, eta heldu behar dan tokiraino helduko dirala esan deuskue”.