Ekidazu argiaren eta amodioaren urian kantu kantar

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 21a, 14:26
Testua eta argazkiak: Ekidazu
Entzun dira, zoli eta afinauta, gozo-gozo eta emozionatuta, Lezamako ahotsak Parisen! Emonaldia XVII. Koru-kantuaren Nazinoarteko Topaketaren barruan eskaini genduan, urtarrilaren 28an eta 29an. Gugaz batera, Mahatsorriak Txurdinagako abesbatzako sei gizon eta Udalen Zornotzako abesbatzako bost andra be joan ziran, abesten laguntzeko eta taldea apur bat handiago egiteko. Danak, Miren Zubietaren zuzendaritzapean. Poz-pozik etorri gara esperientziagaz! Abeslariak eta zuzendaria, 34 andra-gizon…; eurei laguntzeko, Parisen galdu ez daitezan, eta kantu bakotxaren amaieran txalo zaparradak botateko prest, beste 13 lagun…; guztira, 47 persona abiatu ginan urtarrilaren 27an, eguen arratsaldez, Hendaian AHTa hartuta Montparnasse Pariseko tren-geltokirantz. Montparnasse geltokian Sandrine turismo gida xarmagarria euki genduan zain, bertako autobusaz antolatzaileek adostu eben hotelera eroateko, eta bidean lehengo azalpenak eta ezaupideak egiteko. Segiduan jakin eban Ekidazu koru-talde euskalduna zala, eta ez espainiarra. Affaire gizon-emakumeentzako pentsauta dagoan Ibis hotel funtzionalean lo egin ondoren, Pariseko “zeharbiderik” zabal-ederrenetik egin genduan joan-etorria. Sena ibaiak emoten dau, duda barik, uriko etxe ezagunen ikuspegirik bereziena. Eta iluntzerako, ahotsak ondo berotu eta gero, heldu zan “do” eta beste nota guztiak emoteko lehenengo momentua: “Adiskidetasun” kontzertua, Paris erraldoitik 30 km-ra dagoan 2.500 biztanleko Mériel izeneko herri txikian, beste abeslari talde honeekaz batera: Eh si on chantait (Frantzia), Schola Cantorum Voci Bianche Di Calcio e Cividade al Piano (Italia), eta Les Troubadours des Ponts (Frantzia). Aidean geratu ziran euskal folkloreko hamar bat abestiren harmoniak, entzuleen gozamenerako. Biharamun goizean, zapatuz, baegoan zer ikusi eta zelan hotza kendu (eta derrigorrean zer aukeratu goizaren ordu laburrak ondo aprobetxetako): Eiffel dorrea, Notre Dame katedrala, Louvre eta Orsay museoak, Boulebard handiak, auzo latinoa, La Défense, Monmartre, La Bastille, Les Camps Elisées, eta abar eta abar eta abar. Gorabeherak, anekdotak, barreak, uzualdiak, ezustekoak, argazkiak, erosketak… Izar-unea Eta arrasti-iluntzean, UNESCOren egoitzan, bidaiaren izar-unea: han batu ginan 15 bat koru, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik, Brasiletik eta Euskal Herritik etorriak, bakotxak bere folklorearen abesti bat emoteko, eta gero danok batera Aimer à predre la raison kantu frantses ezaguna interpretetako. Han be, Mirenen irrintziaren eta Mendirik mendi abestiaren bitartez, azken finean musikaren bitartez, modu inplizituan (eta esplizituan) azaldu zan Ekidazu taldearen eta bere lagunen euskalduntasuna. Domeka goizean, barriro be txapa-txapa Pariseko kaleetan zehar, falta ziran ordu oraindino laburragoak aprobetxau gurean: Les Puces merkatua, La Madeleine, Les Tuilleries, Le Sacre-Coeur, Pigalle, L’Opéra, La Sainte Chapelle, Les Invalides, Pompidou museoa... Erosketak, argazkiak, metro-bidaiak eta ia-ia anekdotetarako astirik be ez. Eguerdi ostean, ia-ia arnasa barik (eta kronika labur honetan ia berba barik): Montparnasse (AHT)-Hendaia-Lezama itzulera-ibilbideari ekin geuntsan: neke-neke eginda baina asteburu zoragarria oroimenean gordeta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).