Artez beteriko moda-osagarriak

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 21a, 14:37
Arteagaz oso hartu-emon estua dauen gaztea da Iker Landeta zamudioztarra. Artearen Historian dago lizentziauta, eta gidari lanak egiten ditu Bilboko Arte Eder museoan. Ganera, kolaborazinoak egiten ditu Euskadi Irratiko saio baten, eta entzuleei margolan bat deskribitan deutse hertziar uhinen bidez. Orain, beste alderdi bat azaldu deusku: moda-osagarrien diseinuak be egiten ditu. Oso deigarriak dira Ikerren eraztunak, eskuturrekoak, paparrekoak eta diademak. Koloretsuak eta ikusgarriak. Eta berezitasun bat be badaukie: silikona erabiliz egiten ditu. Zamudioztar hau orain urtebete hasi zan moda-osagarriak diseinaten, eta aspaldian lagun batek oparitutako eskuturrekoak dau horren errua. “Begizta gorri bat zan, silikonaz eginiko biribilak zituana. Ikusmina sortzen eban jentearengan; eta nigan be bai”. Diseinu sinpleak egiten hasi zan, baina beharrak ikerketarako grina ekarri eutsan eta apurka-apurka jolasten joan da euskarriakaz, koloreakaz eta alezko apaingarriakaz. Bere moda-osagarrien orijinaltasuna da emaitzea, inguru honetan ez dagoalako halako lanak egiten dituan beste inor. “Moda-osagarri bereziak dira, eta esklusiboak, diseinu bakotxa bakarra dalako. Osagarri modernoak dira, desbardinak, edonork eroan leikezanak, eta boltsiko guztientzakoak”. Silikoneagaz behar egitea ez da erreza. Formea emon behar jake aleei, koloreak nahastau, silikonea sikatu, euskarri egokia aukeratu... Baina Ikerrek ez deusku azaldu zein dan moda-osagarriok egiteko jarraitzen dauen prozesua. Sekula ez deutso inori esan, prozesu hori be bere diseinuen xarmaren zatia dalako. “Pazientzia eta pultsu handiak euki behar dira, hori baino ez dot esango”. Salgai jarri baino lehen, eraztunak, diademak eta besteak janzten ditu lagun batek. “Berak esaten deust erosoak diran, handiegiak, arinak, deigarriak...”. Margolanetan oinarrituta Arteak ezinbesteko lekua dau zamudioztar honen bizitzan, eta bere sortze beharretan nabari da hori. “Askotan, margolanetako koloreak hartzen dodaz erreferentziatzat, eta antxinako errege-erreginek erabilten zituen eraztunei be begiratzen deutset arretaz. Ez dakit halanbeharrez gertatzen dan, baina batzuetan, ale bat egin ostean, konturatzen naz bertan ipinitako alezko apaingarriak badauela eskultore-lanen baten antza”. Bilboko Arte Eder museotik margolan baten oinarritutako moda-osagarri sail bat diseineteko eskatu deutsie, berak be artea egiten dauelako, beharbada. Eta Carlos Sauraren Las tres gracias margolana aukeratu dau behar horretarako. Buru-belarri dabil enkarguagaz. Era berean, etenbako ikerketan murgilduta dabil, etorkizunari begira apaingarri, gai eta teknika barriakaz saiatu gura dauelako. Ikerrek Madrilgo denda bitan eta Txorierriko hiru establezimendutan jarri ditu salgai bere diseinuak: liburu-dendan eta Rafi tabernan, Zamudion; eta Goizalde ule-apaindegian, Larrabetzun. Esan deuskuenaren arabera, ondo baino hobeto saltzen dira. Informazino gehiagorako: trikipunki@hotmail.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).