Botikak saltzeaz gain, farmazialariak beste gauza asko egiten ditu. Farmazia gaixoengandik eskuragarrien eta hurbilen dagoen osasun-gunea da; hori dela eta, sarri askotan, irabazte ekonomikoak baino osasun errentagarritasuna izaten du helburu farmaziak.
Doako zerbitzu guztietatik, honako hauek nabarmen daitezke:
• Errezeta gabeko botikak gomendatu, sintomatologia txikiko eta larriak ez diren gaixotasunetarako.
• Benetako oinarririk gabeko produktuetarako edo produktu “miragarrietarako†galbahe lana egiten du farmaziak.
• Botiketan gehiegizko gastua egitea saihesten du; behar-beharrezkoak ez diren botiketarako gastua ekidinez, botikak behar diren moduan har daitezen zainduz eta automedikazioari aurre eginez.
• Tratamenduak ondo egin daitezen, banan-banakako jarraipena egin.
• Botikek kalterik eginez gero, osasun arduradunei horren berri eman.
• Instituzioek antolatutako osasun kanpainetan laguntza eman. Adibidez, antibiotikoen erabileran, tabakoa uzteko ahaleginetan, IESAri aurre egiteko kanpainetan...
• IESA detektatzeko testa, eta metadona banatu.
• Botika hondakinak batu farmazietan jartzen diren ontziak erabiliz (SIGRE guneak). Puntu horietan, kontsumitzaileek iraungitako botikak utz ditzakete, behar ez dituztenak, edo ontzi hutsak ere bai.
Aipatutakoez gain, nabarmendu nahi dut oraintsu sortutako Dosifikaziorako Banan-banakako Zerbitzua (DBZ). DBZ hori, medikuak agindutako pilulak, astero, egunez egun zein momentutan hartu behar diren jakitea gaixoari erraztuko dion ontzi bat da. Ontzia antolatzeaz, pilulez hornitzeaz... farmazialaria arduratzen da. Horrela, urte asko dutenei eta botika asko erabiltzen dituztenei laguntza handia ematen zaie.
Etxeko laguntza dutenek botikak egoki hartu dezaten hitzarmena sinatu dute orain dela gutxi Farmazialarien Kolegioak eta Osakidetzak. Bizkaian DBZ martxan jartzeko asmoarekin. Txorierriko Mankomunitateko farmazia guztiek ere bat egin dute hitzarmen horrekin, eta zerbitzua ematen hasi dira.
Prozedura oso erraza da: udaletako etxeko laguntzarako zerbitzuek beharrezko ikusten dituzten pertsonak farmazietara bidaltzen dituzte, eta farmaziek, doan, DBZ-k prestatzen dizkiete.Bizkaian punta-puntako zerbitzua da, eta Txorierriko farmaziak zerbitzu horren abangoardian gaude. Gure edadetuek merezi dute.