Kherau musika taldea: “Gure arima, beti euskalduna”

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 3a, 11:14
Testua: Gaizka Eguskiza
Azken bolada honetan, behin baino gehiagotan hurbildu zaigu Kherau taldea, eta musikariei elkarrizketa egiteko aukera ez dugu alferrik galdu. Aikor! aldizkariaren jaialdian edota Derioko Ama hizkuntzaren Egunean entzun genuenok euren folk akustikoaren doinuez gozatu genuen. Hilabete batean birritan egon zarete Txorierrin. Zelan sortu zen hemen jotzeko aukera? Alexen lagun baten bitartez deitu ziguten Aikor!-en jaian parte hartzeko. Geroago, Deriora joan ginen Ama hizkuntzaren Egunean jotzera. Biak izan ziren saio laburrak, egia esateko, eta gehiago jotzeko gogoarekin gelditu ginen. Txorierri ezaguna da guretzat, bertan lagunak baititugu: Aitor ibilia da Larrabetzuko bertso-eskolan eta noizbait Gotzon Barandiaranekin hitz egin dugu Larrabetzuko gaztetxean zer edo zer egiteko... Laster Txorierrin berriro egoteko itxaropena dugu. Hain denbora laburrean bi kontzertu izateak esan nahi du geure proiektua jendeari gustatzen zaiola, eta hori guretzat garrantzitsuena da, gauzek horrela segituz gero esker oneko lana izango da gurea. “Kherau” hitzak “egin” esan nahi du ijito euskaldunen hizkuntzan. Zer egin nahi du taldeak? Zuzenean jotzeko gogo itzela dugu eta inspirazioa ez bazaigu agortzen, disko gehiago ateratzea dugu amets. Hala ere, jakin badakigu bide luzea dugula aurretik eta beti ez dela erreza izango. Gaur egun, folk musika osasuntsu badago ere, pop-rocka izaten da gehien kontratatzen den musika mota, eta hortaz, gure esparrua irabazi beharrean gaude. Bestalde, proiektu hau bizi nahi dugu, eta gauzei etorri ahala egingo zaie aurre eta hartuko dira erabakiak. Zer esanik ez, apal bezain gogotsu, gure ekarpena egin nahiko genioke euskal musikagintzari eta oro har, euskarazko produktuen ekoizpenari, baina zalantza barik, publikoarekin batera gozatu gura dugu eszenatoki gainean. Folk akustikoa Euskal Herritik egiten duzuela esaten duzue. Zer da hori? Euskal Herrian gaur egun egiten den folkaren joera “elektrikoa” da eta askotan erabiltzen dira gitarra elektrikoak, bateriak... Geure proiektua soilik musika tresna akustikoekin garatzeko asmoa dugu, tresna horiek daukaten organikotasunaren bila gabiltzalako. Batzuetan, tresna akustikoen ordez, beste tresna mota batzuekin aritu gara, eta horien bidez soinu ezberdinak lortu ditugu: bouzoukia, kajoia... Zergatik erakartzen zaituzte folkak? Guztiok herriko musika txikitatik bizi izan dugulako, agian. Horrezaz gain, nahiz eta gehienetan herriko musika zahartzat hartu, jatorragoa eta askeagoa iruditzen zaigu, betiko formuletatik ihes egiten duelako. Izan ere, Euskal Herriko folklorea oraindik ustiatzeke dagoenez, geure ustez, badaukagu sortzaile eta musikari bezala, materia iturri itzela. Mestizajea nagusitzen omen da zuen lanean. Zertan datza? Guk beste herrietako musika herrikoiak entzuten ditugu eta horrek eragina du. Beste alde batetik, erabilitako tresnek (kajoia, Euskal Herriko alboka, trikitia eta txirulak, Irlandako bouzoukia eta flautak edota baxu elektrikoa, jazz eta rock mundutik ekarritakoa) haien kutsua ematen diete abestiei. Ibon, abeslaria, gure Xabi Aburruzagarekin aritu da. Zelan izan zen? Xabik bodhrám bat (Irlandako panderoa) nahi zuen bere azken diskoko lehenengo kantarako, Breakfast in Belfast, eta neuk jo nuen. Elkar Estudioetan grabatu genuen, Donostian, eta bertako giroa paregabea izan zen. Esperientzia oso polita eta horren emaitza agerian dago, oso disko orekatua eta fina da. Beti euskaraz abesteko asmoa duzue? Euskarazko proiektua da gurea. Taldeko guztiok euskaldunak gara eta asko baloratzen dugu hori. Dena den, esan behar da gure lehenengo diskoan abesti bat katalanez abesten dugula, El Rossinyol alegia. Ez diogu inolako mugarik jarri nahi egin dugun musikari, baina Kherauren arima euskalduna izango da beti. www.kherau.blogspot.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).