Klik batean esku artean: erosketa kolektiboak

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 23a, 11:18

Testua: Sara Gandara, kazetaria

Egiazkoa dena ezin daiteke ukatu: internetek askotariko aukerak zabaldu dizkigu azken urteotan, tarteka, produktuak edo zerbitzuak berehala lortzeko hautabidea. Baina joera hori haratago doa, eta nahi duguna nonahi eta bat-batean lortzeko aukera izateaz gain, orain, beherapen izugarriekin lor ditzakegu erabiltzaileok produktu edo zerbitzu horiek. Erosketa kolektiboen inguruan ari naiz eta, izenak ongi dioen moduan, taldeka egiten diren erosketak dira, hain zuzen. Sarean puri-purian dagoen eredua da eta merkataritza elektronikoan iraultza ekarri du jada. Baina, zertan oinarritzen dira erosketa kolektiboak? Sare sozialen bitartez, produktu edo zerbitzu baterako, ahalik eta erosle gehien lortzean datza, eskaintza betetzeko eta deskontua ahalik eta handiena izateko. Normalean, eskaintza horiek 24 ordu irauten dute. Denbora hori igarota, gutxieneko erosleak lortu badira, eskaintza bete egingo da eta erosi dugunaz gozatzeko abagunea izango dugu. Gutxieneko erosleak lortu ez badira, berriz, ahaztu gaitezke gure erosketaz, ez da gauzatuko-eta. Euskal Herrian badaude erosketa kolektiboen inguruko hainbat webgune: deskontu.com, colectivia.com eta letsbonus.com, nahiz eta azken hori, jatorriz, Kataluniako web-orria izan. Horiek guztiek leku jakin bateko eskaintzak erakusten dizkigute egunero, eta hain dira erakargarriak orria horietan aurki daitezkeen eskaintzak gero eta gehiago direla eskaintza horiek pasatzen utzi nahi ez duten lagunak. Ilea mozteko eskaintzatik internet bidez gaztainak erosteko eskaintzara. Aukerak oso anitzak dira. Erosketa kolektiboen ereduak Estatu Batuetan du jatorri, eta krisi ekonomikoaren ondorioz sortu den ideia dela esan dezakegu. Erosketa kolektiboetan erreferente den Groupon webguneko sortzaile Andrew Mason-i zor diogu ideia eta, duda barik, internet bidez saltzeko eta, batez ere, erosteko era aldatu du. Noski, sarean sen onarekin erostea gomendatzen da, maula egin nahi dutenek ez dutelako atsedenik hartzen. Beraz, sen apur bat, eta klik batean eskuratuko dituzue gauzarik susmagaitzenak. Agian klik batean ez… baina 24 ordutan bai. Horixe baita erosketa kolektiboen filosofia.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).