Langile sutsuak

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 23a, 15:44
Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza
Bizkaiko Foru Aldundiak zortzi suhiltzaile-etxe ditu lurralde osoan, eta haietako bat Txorie-rrin dago, Derion. Eraikina berri-berria da eta bertako 38 gizonek suteetatik eta beste mota batzuetako istripuetatik babesten gaituzte. Haiekin eman dugu goiza, eta euren lanari buruz hitz egin digute. Goizeko zortziak eta hamar dira eta suhiltzaileen erreleboa sartu da Derioko egoitzara. Egun osoa emango dute bertan, 24 ordu lanean. Gero bost jaiegun izango dituzte, baina ez dute horri buruz pentsatzeko astirik: sartu bezain laster, argibideak jasotzen dituzte; geroago, tresneria eta trajeak aztertzen dituzte. Irteteko prest, beti. “Batzuetan ikastaroak-eta egiten ditugu goizean; arratsaldean kirola edo lo kuluxka bat egiten dugu... Suhiltzaileok inoiz ez dugu lorik egiten; guk atseden hartzen dugu, besterik ez! Baina hori guztia albo batera uzten dugu, larrialdiren bat gertatuz gero”, esan digu Javier Larrinaga zonako arduradunak. Txorierriri dagokion parkea Mungian zegoen, baina Deriora ekarri zuten duela hamar urte baino gehiago. Haraneko herriek hazi eta hazi egin dira eta, ondorioz, zahartuta gelditu zen eraikina. Egoitza berria 2010ean bukatu eta ireki zen, baina oraindik ez diote inaugurazio ofi-zialik egin. Suhiltzaileak pozik daude bertan. “Leku handiagoa dugu bai ariketak egiteko, bai kotxeak mugitzeko… Lehengo eraikina behin-behinekoa zen, barrakoi modukoa, eta urte ge-hiegi eman genuen han. Orain gusturago gabiltza”. Parkeak 5.400 metro koadroko azalera du. Derioko kokapena estrategikotzat jotzen du Bizkaiko Foru Aldundiak. Izan ere, Teknologia Parkearen barruan dago, eta hurbil-hurbil du Bilbo eta Mungia lotzen dituen errepidea. Hori dela-eta, leku batetik bestera azkar joateko aukera dute hango suhiltzaileek. Txorierriz gain, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungia ere babesten dituzte. Guztira, 42.000 lagun bizi dira inguru horretan. Bilbotik gertu ere badago Derioko etxea, baina gure suhiltzaileek ez dute normalean Bilbokoekin arazorik izaten. “Be-har izanez gero, guk laguntza eskatzen diegu, eta eurek, beste hainbeste. Istripu edo larrialdia nolakoa den, bakarrik edo elkarrekin egiten dugu lan”. Emakumerik ez Guztira, 38 suhiltzaile daude Derion, eta haietako bi sarjentuak dira. Gizonezkoak dira guz-tiak. Suhiltzaile izateko probak oso zailak dira, “gero eta zailagoak”, eta, emakumeen aldeko diskriminazio positiboa egiten bada ere, oso gutxik gainditzen dituzte azterketak. “Duela 30 urte beste mota bateko jendea aurkezten zen oposizioetara: eskarmentua zuten lan merka-tuan, eta euren trebakuntza ez zen hain handia; orain, berriz, gazteagoak dira, ez dute lan-eskarmenturik, eta euren prestakuntza, bai fisikoa, bai akademikoa, izugarrizkoa da”, dio Iñigo Isasi sarjentuak. Suhiltzaileek suteak itzaltzen dituzte, baina horrezaz gainera, hainbat arrazoirengatik, irten beharra izaten dute egunero-egunero. “Auto-istripuetan pertsonak atera behar izaten ditugu askotan autoetatik. Horri lotuta, guk garbitu behar izaten dugu errepidea, gasolina edo pro-duktu arriskutsuak isurtzen direnean. Beste alde batetik, gaur egun gero eta gehiago dira per-tsona nagusiak, eta haien etxeetan sartu behar izaten dugu jausi direlako eta ezin dutelako atea ireki. Salbamenduak ere egin behar izaten ditugu, jendea igogailuetatik edo amildegieta-tik irten ezinik badabil”, aipatu du Larrinagak. Eta txantxa dirudien arren, animaliaren bat ere erreskatatu egiten dute. Gogorra da oposizioa gainditzea, baina lortzen dutenean, merezi egiten du suhiltzaile aritzea. “Zeure lana da, baina egiten duzunean, lagundu egiten diozu jendeari, eta hori pozgarria da. Lan finkoa da, gainera, eta denbora librea ematen dizu bidaiak egiteko edo zeure zaletasunak lantzeko. Hala ere, gogorra eta arriskutsua da, eta egoera larriei aurre egin behar diezu ba-tzuetan; esaterako, istripuak eta hildakoak izaten direnean”, adierazi du Isasik. “Bai, ohikoa da arriskua: sua itzaltzera zoazenean, ez duzu jakiten zer egongo den erakinaren barruan, zein egoeratan dagoen… Gehienetan, ez duzu jakiten zer topatuko duzun, lekua ezezaguna izaten baita”, gaineratu du Larrinagak. Suhiltzaileak arriskuari lotuta daude eta beharbada horregatik dute oso irudi erakargarria. Bilboko suhiltzaileek duela pare bat urte ateratako egutegiak ere lagundu zuen horretan. Gorputz gihartsu erdi biluziak zeuden ikusgai egutegi horretan, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Suhiltzaileen olinpiar jokoetan parte hartzera eta ongintzara bideratu zuten hare-kin lortutako dirua. Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek ere euren egutegia atera dute eta etekinen % 50 eskaini diote Joserra Uriarte (suhiltzaile ohia) Minbiziaren Aurkako Lagun-tzako Fundazioari. “Gurea erabat desberdina da, eta beti galdetzen digute horren inguruan. Apur bat aspertuta gaude horrekin”. Hala ere, aspertzeko astirik ez dute izaten Derioko etxean. Jo egin du txirrinak, lan egiteko ordua da. Bizkaiko suhiltzaileak Bizkaian zortzi suhiltzaile-etxe daude, eskualdeka banatuta: Urioste eta Balmaseda; Artatza eta Derio; Basauri eta Gernika; Markina eta Iurreta. Gainera, boluntarioek osatutakoak ere badaude Karrantzan, Urduñan, Otxandion eta Lanestosan. Derion ere badago ibilgailuak or-dezkatzeko zerbitzua. 2009an, 5.278 irteera egin zituzten Foru Aldundiko suhiltzaileek: % 40 suteak izan ziren; % 42, salbamenduak; eta % 18, laguntza teknikoak. Deriokoak gutxien irte-ten direnetakoak dira, 373 aldiz baino ez zuten irten behar izan. Lanik gehien egiten duena, ordea, Uriostekoa da, 1.814 irtenaldi eginik. Munduko txapeldunak Kirolari peto-petoak dira suhiltzaileak, eta denbora librean nor bere kirolean aritzeko aukera ematen du lanak. Derioko batzuek goreneko mailetara heltzea ere lortu dute. Esate baterako, Joseba Kerejeta munduko txapelduna izan zen urpeko arrantzan 2008an Venezuelan, eta iaz hirugarren postuan amaitu zuen Europako Txapelketa. Aurten Euskadiko, Espainiako eta Europako txapelketetara joango da, “ondo pasatzeko, baina batez ere podiuma zapaltzeko”. Munduko beste txapelduna Victor Llorente da. Santurtziar hori arraunlaria da, eta hainbat sari lortu ditu bere ibilbidean: urrezko domina bat (1983an), zilarrezko beste bat eta bron-tzezko bi, besteak beste. Gainera, Kaiku traineruan ere ibilitakoa da, eta 2009an Kontxako es-tropada eta txapelketa guztiak irabazi zituzten. “Gaur egun, aisialdian baino ez dut arraun egiten”. Iker Telleria pilotalekuan da maisua. Bermeotarrak munduko pilota txapelketa irabazi zuen 1994an. “27 urte eman dut pilotan jokatzen. Herrian hasi, eta gero profesional mailara heldu nintzen. Txapelketa esperientzia polita izan zen, eta izugarrizko giroa sortu zen pilotari guz-tien artean. Txarrena janaria izan zen; telebistakoak etorri zitzaizkigun erreportajea egitera, eta haren bidez marmitakoa egiteko eskatu nion amari (kar, kar)”. Aritz Amezaga ez da munduko txapelduna, baina mendigoizale amorratua da. Duela bi urte, Himalayara abiatu eta bertan zortzi mila metroko G-2 mendiko tontorra zapaldu zuen. “Es-perientzia polita izan zen, baina ez dut uste beste zortzimila bat egingo dudanik: mendia izu-garri gustatzen zait betidanik, baina Himalayan jende gehiegi dago, masifikatuta dago, eta oso garestia da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).