Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak Sareko Euskal Gramatika (SEG) egitasmoa prestau dau eta www.ehu.es/seg webgunean jarri dau eskuragarri. Proiektu barritzaile honen lehen urratsak orain dala hiru urte egin ziran.
Sustatzaileek azaldutakoaren arabera, SEG egitasmoak baditu berezitasun bi. Alde batetik, gramatika digitala da eta ez dau, beraz, gramatika arrunten itxura: gramatika liburuetan testuakaz batera ez dira erabilten Interneten ohikoak diran edizinorako tresnak; esate baterako, argazkiak, irudiak edo barneko nahiz kanpoko estekak (hainbat hizkuntzatakoak). Tresnok guztiok agirian dira SEGn. Bestetik, gaiak kontuan hartzen badira, gramatika arrunta baino gehiago dala esan leiteke, ezohiko gaiak be trataten ditualako. Halan, gramatikariek beharrean erabilten dituen materialak eskaintzen ditu: testuak, hiztegiak, hitzen erabilerak, euskalkien ganeko arauak... Hareek guztiok modu autonomoan kontsultau leitekez. Baina bestelako materiala be ipinten dau erabiltzaileen eskura: besteak beste, hizkuntzaren jabekuntzea, prozesamendua, hizkuntzen arteko kalkoak eta zalantzak argitzeko aukerea.
Bizia eta dinamikoa
SEG egitasmoan honako atal honeek dagoz: hiztegia, morfosintaxia, euskerea eta gizakia, euskerea eta gizartea, hizkuntzalaritza aplikatua, fonetikea eta fonologia, euskerearen historia eta zalantzen txokoa. Atalok autonomia daukie eta, ondorioz, erabiltzaileek zuzenean kontsultau leikie hiztegi bat, edo zelan erabilten dituen berbak idazleek eta kazetariek. Goenkale saioan egiten dan euskerearen erabilerea be jaso da aplikazinoan.
Euskera modernoa, gaur egungoa, batu da Sareko Euskal Gramatikan. Hiztegiaren atalean, adibidez, 2000. urtetik aurrera idatzitako testuak baino ez dira kontuan hartu. Guztira, 25 milioi berba bildu dira egitasmoan.
Proiektu bizia eta dinamikoa da eta eten barik elikatuko da. Halan, datozan hilebeteetan eta urteetan materiala sartzen jarraituko da. Arduradunen esanetan, gramatikea baino “Hizkuntzaren Entziklopedia†emoten dau egitasmoak, eta lagungarria izango da urteak pasa ahala hizkuntzeak izaten dituan aldaketez ohartzeko, eta XXI. mendeko ahozko euskerea hobeto ezagutzeko.