Gautxorien habia

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 10:05
Salamandra pubera sartu, eta gauzak lehen bezala daudela konturatu gara: barra, aulkiak, billarra, arrainontziak, hormetako harria eta egurrezko habeak... Ematen du denbora gelditu egin dela hor barruan. Tokia eta anfitrioiak berberak dira, nahiz eta antzezleak aldatu egin diren urteak aurrera egin ahala. Zamudioko lokal mitiko hau hainbat belaunalditako gautxorien habia izan da; aitita-amamek, gurasoek eta seme-alabek parranda bat baino gehiago egin dituzte bertan. Albertok ireki digu Salamandra pubeko atea. Barrura sartu, eta oroitzapenak etorri zaizkigu burura. Esan digun bezala, puba 1971ko urrian zabaldu zen. “Lokalak solairu bi hartzen zituen. Beheko solairuan whiskitegia zegoen eta bikoteentzako toki pribatua ere bazegoen. Lehen solairuan, diskoteka genuen. Hura Txorierriko zein Bilbo Handiko diskotekarik onenetariko bat zen. Jendetza handia batzen zen gurean, baina txiki gelditzen hasi zen eta itxi behar izan nuen orain dela 29 urte. Kafetegia jarri nuen, baina ez zen ondo joan, eta behin betiko ixtea erabaki nuen. Pubarekin baino ez nintzen gelditu”. Alberto 1973an heldu zen Salamandrara. “Zerbitzari lan egiteko proposamena egin zidaten eta onartu egin nuen. Lokala eta bertoko giroa gustatzen zitzaizkidan eta, geroago, neuk erostea erabaki nuen”. Hasieran, barra atzean, esmokina jantzi zuela gogoratu du; eta ttattarra ere bai, orain dela gutxi arte. Aulki luze batean eseri gara, barra ondoan, eta egin dugun lehenengo gauza apalategian dagoen binilo bildumari erreparatzea izan da. Musikazale amorratuak garelako izango zen, eta musikak taberna bateko elementurik garrantzitsuenetariko bat delako, beharbada. “Musika ona jarri dugu beti: Elvis Presley, The Beatles, Santana, Bee Gees, AC/DC... Binilo horiek oso zaharrak dira, altxorrak. Gordeta nituen eta animatu naiz haiei hautsa kentzera eta berriro erabiltzera”. Baina biniloak ez dira tabernan dauden altxor bakarrak. Albertok azaldu digunaren arabera, oso aldaketa gutxi egin dira Salamandran, eta altzari guztiak 1971. urtekoak dira: barra, toki pribatuko mahaitxoak eta aulkiak, dantzatzeko pista txikia, hango zutabe bat gaineztatzen duen oihal granatea, koadroak... Hala ere, logikoa denez, urteak pasa ahala beste elementu batzuk jarri dira pubean: billarra eta dardo-makina, esate baterako. Tabernak hasierako xarma izaten jarraitzen du, beraz. Eta karaokea? “Ai!, hori aspaldian hil zen; jasanezina zen! Karaokea 1994. urtean ipini nuen. Garai hartan modan jarri ziren karaokeak, eta jendea Bilbora joan ohi zen, halako lekuetara. Animatu nintzen Salamandran bat jartzera, baina beldur nintzen, ez nekielako bezeroek jasango zuten. Eta astuna zela esaten bazuten ere, erronda bat barik, erronda bi, hiru... eskatzen zuten. Baina moda igarokorra izan zen hori... Zenbat aldiz apurtu ote diren bafleak!”. Bat-batean, arrainontzietako pirañak etorri zaizkigu burura. “Kendu nituen, azkena 45 zentimetroraino ailegatu zen eta hori gehiegi da. Bestalde, hor dauden arrainetako batzuek urteak dituzte, e!”. Leporaino Astelehenetan izan ezik, Salamandra astegun guztietan dago zabalik, arratsaldeko 7etatik gaueko ordu txikietara arte. “Lehen, egunero zabaltzen genuen, baina duela 14 urtetik hona bakarrik nago tabernan, eta, urteek gogortzen bazaituzte ere, atsedena behar da. Tabernari batzuon bizimodua da: gauez lan egin, eta egunez lo egin...”. Orduaren arabera tabernara gazte talderen bat hurbiltzen den arren, helduak dira Salamandrako bezeroak, eta haien tartean batez ere ostalaritzan lan egiten duten lagunak daude. “Taberna edo jatetxea itxi eta hona datoz, trago bat lasai edatera, billarrera jolastera...”. Krisialdiaren eragina nabaritzen duela dio Albertok, eta taberna jendez beteta zegoeneko garaiak nostalgiaz gogoratzen dituela. “Lehen, inguruan, ez zegoen tragoren bat non edan, eta hau leporaino betetzen zen. Geroago beste taberna batzuk ireki dituzte eta lehia handiagoa da. Gainera, krisia dela-eta, jendeak diru gutxiago du tabernetan ibiltzeko”. Gabonetan, tabernan lagun asko batzen zirela kontatu digu. “Enpresetako langileek Txorierrin gelditzen ziren bazkaltzen edo afaltzen, eta gero hona etortzen ziren, parrandatxoa egitera. Baina orain Bilbora doaz, bertan aukera gehiago dituztelako”. Athleticen jokalariak ere ohiko bezeroak izan dira Salamandran. “Liga azken aldiz irabazi zutenean, Argote eta Dani purua ahoan zutela tabernara sartu zirela gogoratzen dut. Hura zalaparta! Txato Nuñez, Txetxu Rojo... ere izan dira gure bezeroak. Entrenatzaileak, zuzendaritzakoak eta jokalariak etorri ziren gurera”. Athleticen jokalariak ez ezik hainbat belaunalditako txorierritarrak ere sartu dira Salamandra pubeko atetik. Sartu eta orduak han eman. “Aitita-amamek, gurasoek eta seme-alabek. Eta egia esan, gustuen aldetik ez dago ezberdintasun nabarmenik euren artean. Gaurko gazteak lasaiagoak dira, beharbada. Euren gauzetara doaz eta edukazioz portatzen dira. Noizean behin errieta bota behar diet, ez pentsa: kuxinak desordenatuta uzten dituztela... Hala ere, kasu egiten didate, eta ez dut arazorik eurekin”. Haien aurrekoak borrokazaleagoak ziren galdetu diogu, eta taberna guztietan bezala han ere liskarren bat egon dela erantzun digu. “Baina lasaitu egin direnean, txarto egin dutela konturatu dira, eta barkamena eskatu dute”. Eta baten bati ahaztea gustatuko litzaiokeen anekdotaren bat ere. “Eta horiek tabernako hormen barruan gelditzen dira, e!”. Txantxetan ibiltzea ere gustatzen zaigu txorierritarroi, antza. “Hamaika broma egin didate! Aulkiak hartu eta taberna erdian barrikadak egin, esate baterako. Baina umorez hartu ditugu beti”. Guztion etxea Hainbat amodiozko istorioren lekukoa izan da Salamandra taberna, eta askok han bertan erabaki dute ezkontzea. “Eta ez soilik Txorierriko bikoteak; Bilbotik, Mungiatik, Santutxutik ere bazetorren jendea eta batzuek hemen ezagutu dute elkar”. Salamandrak 40 urte eman ditu pertsiana itxi barik, eta hiru belaunalditako topagunea izan da. “Gurea guztion etxea da, giro atsegina eta lasaia eskaintzen ditugu eta bezeroek eskertzen dute. Horregatik jarraitzen dute gurera etortzen”. Lehengo bezero-kopurua egon ez arren, mugimendua badago pubean, eta Albertok aipatu digu ez duela inoiz arazorik izan auzokideekin. “Ez lehen, mugimendu handiagoa zegoenean; ez orain. Hala ere, tabakoaren kontrako legea dela-eta, egia da batzuk apur bat haserre dabiltzala. Izan ere, bezeroek kanpora irteten dira erretzera, eta, solasean badabiltza, zarata apur bat egiten dute... Sakondu egin beharko dugu horretan; tragoa tabernaren barruan uzteko ohitura hartu beharko dute”. Ditxosozko lege horri dagokionez, bera pozik dagoela ziurtatu digu. “Egia da tabernarioi kalte egin digula, baina egoera berrira egokitzen ikasi beharko dugu. Tabakoaren ohiturak aldatzen diren heinean, irteteko ohiturak ere aldatzen dira. Jendeak, adibidez, nahiago du etxetik beranduago irten edo arratsaldeko lehenengo orduak terraza batean eman. Nire kasuan, taberna beranduago zabaltzea erabaki behar izan dut, baina ziur nago egoera bere onera etorriko dela”. Azken hilabeteotan bi aldiz sartu dira Salamandrara lapurtzera. Nolanahi ere, gaur egun lehen baino lasaiago ibili ahal dela dio Albertok. “Orain dela hamarkada batzuk garai gatazkatsuak bizi genituen Txorierrin, eta tabernatik bazter batetik bestera begiratuta atera behar ginen. Lapur batzuk zeuden eta ez zegoen babesik. Nik sudurra apurtuta ere eduki dut, lapurrei aurre egin baino beste erremediorik ez zegoen”. Etorkizunaz galdetu diogunean, asmo handirik ez duela esan digu. “Gaur egungo egoerari eutsi beharko zaio, ea krisialdia pasatzen den eta lehengo garaiak berriro etortzen diren”. Bitartean, Salamandra pubeko ateek zabalik jarraituko dute, bai taberna ondotxo ezagutzen dutenentzat, bai datozen belaunaldientzat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).