Istoriotxoak, japoniar eran

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 10:15
Inés Bengoak umeentzako ipuinak kontatu zituen apirilaren 16an, Zamudioko liburutegian
Behin batean, Nafarroako printzesa bat etorri zen Zamudioko liburutegira ipuinak kontatzera. Inés Bengoa zuen izena, eta lehen aldia zen Txorierrira zetorrela. Inések era berezi bat izaten zuen istorioak kontatzeko: Kamishibai Japoniako teknika. Herrian inork ez zuen teknika horren berririk, eta kuxkuxero bat ausartu zen galdera batzuk egiten: —Zertan datza Kamishibai teknika? —galdetu zion Inési. —Hitz egiten dudan bitartean, umeek irudiak ikusten dituzte kutxatxo batean. Irudiok lagungarriak dira ipuinaren hitz-jarioari jarraitzeko. Horri esker, adin guztietako umeengana hurbiltzeko era izaten dut —erantzun zion printzesak. —Baina zeintzuk dira teknika horren abantailak? —Umeek parte hartzeko aukera dute eta oso dibertigarria da hori. Normalean, laguntza eskatzen diet haurrei, eurek ere parte hartzeko eta ondo pasatzeko. Umeak ezin daitezke egon denbora luzean ezer egin gabe, eta ikuskizunaren partaide direla sentitu behar dute. Beste alde batetik, umeek ondo pasatzen dute istorioak ikusten eta entzuten, baina gainera ipuinak zerbait irakasteko ere kontatzen dira. —Baina uste duzu haurrek irakaspena harrapatzen dutela? —galdetu zion kuxkuxeroak. —Bai. Agian ez dira ohartzen, baina umeak oso sentikorrak dira, helduok baino sentikorragoak. Umeak esponjak bezalakoak dira, dena hartzen dute, eta euren barruan mugimendu itzela dago —azaldu zuen gazte nafarrak. Inések oso harreman ona izaten zuen umeekin, eta izugarri gustatzen zitzaion eurei barre eragitea. Hala ere, oso publiko zorrotza izaten omen ziren txikiak. Izan ere, burura etortzen zitzaien lehenengo gauza ozenki esaten zuten. “Ez zait gustatzen”, edo “aspertu egiten naiz” adierazten zuten lotsa barik, gehiegi pentsatu barik. Printzesak oso esperientzia politak izaten bazituen ere, ikuskizunaren amaiera aldean, batzuetan nekatzen eta mugitzen hasten ziren, “umeak direlako, eta umeak halakoak direlako”. Horrelakoak gertatzen zirenean, printzesa saiatzen zen haurrak harritu zitezen: espero ez zuten zerbait egiten edo esaten; ustekabean harrapatzen, azken batean. Herrikoak liluratuta zeuden printzesarekin, eta galderak egiten hasi ziren berriro: —Zelan hasi zinen ipuinak kontatzen? —Ni, izatez, aktorea naiz, baina 2002an ipuinak kontatzeko aukera sortu zitzaidan. Eta gaur egun jarraitu egiten dut; eta oso gustura, gainera. Aktorea eta ipuin kontalaria izatea jarduera osagarriak dira, jendaurrean hitz egin behar dut batean nahiz bestean. Horrek eskarmentua eman dit, eta gainera lotsa galtzeko ere balio izan dit. Aktoreok adierazkortasuna landu behar dugu, bai ahozkoa, bai fisikoa; hau da, hitz eta keinu bidezko komunikazioa. Ipuinak kontatzen ditudanean, hitz egin behar dut, baina animazio lanak ere egin behar izaten ditut askotan. —Eta zein da zure ipuinik kuttunena? —Kamishibairi dagokionez, Sukaldari mutur beltza izenekoa gustatzen zait. Ustekabez beteta dago, eta oso polita da. Umeak pixkanaka-pixkanaka sartzen dira ipuinean, eta oso dibertigarria da. Ipuin arruntei dagokienez, Elurrezko panpina esango nuke. Oso barregarria da eta haurrek primeran pasatzen dute. Printzesak istorio zoragarrien berri eman zien zamudioztarrei, eta haiek primeran pasatu zuten. Datorren urtean, agian gehiago entzuteko aukera izango dute. Hori hala bazan, sartu dadila kalabazan, eta atera dadila Zamudioko liburutegian. ‘Kamishibai’ teknika Kamishibaik paperezko drama esan nahi du japonieraz. Gainera, bada ipuinak kontatzeko era bat. Joera Japoniako tenplu budistetan sortu zen XII. mendean, baina Mendebaldean 1920tik 1940ra bitartean berpiztu eta zabaldu egin zen. Ipuina aurrera joan ahala, hizkera (ipuina bera) eta irudiak (kutxatxo batean sartuta) uztartzen dituzte kontalariek. Duela bi urte, teknika horren inguruko ikastaroa eman zuten Iruñean, eta Inési “desberdina eta interesgarria” iruditu zitzaion. “Umeek, gainera, primeran pasatzen dute”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).