Manuel Francisco, Txorierri txirrindularitza elkar

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 18a, 10:35
Taldean bost lagun baino ez daude, baina lasterketa handi eta jendetsu bi antolatzen dituzte urtero Txorierri txirrindularitza elkarteko kideek. Manu Francisco elkarteko kidea eta bizikletazale amorratua da. Berak eman digu taldearen gorabeheren berri. Noiz sortu zen taldea? Taldea 1981ean sortu zen, txirrindularitza bultzatzeko. Garai batean, hainbat lagun ibiltzen ziren taldean, eta Txorierrin azken urteotan sortu diren txirrindularirik onenak ere (Jonathan González edo Mikel Artetxe) gurean hasi ziren. Gaur egun, ordea, bost lagun baino ez gaude. Nolako ekintzak egiten dituzue urte osoan zehar? Batez ere, Emakumeen Txorierri Sari Nagusia eta zikloturismo ibilaldia. Umeak egongo balira, gustatuko litzaidake eskola sortzea. Badago zaletasun handia, baina gurasoek uste dute errepideak ez direla seguruak, eta beldur diote bizikletari. Beste arazo bat ere badugu: oso jende gutxi agertzen da lan egiteko prest. Guztiok dugu geure bizimodua, familia.... Eta horrelako talde batean aritzeak denbora kentzen digu. Gainera, beharra doan egiten da... Harremanetan zaudete Txorierriko beste txirrindulari taldeekin? Bai, Zamudio zein Derioko taldeen baimenak eta fitxak nik kudeatzen ditut Federazioan. Eta Leioa eta Erandioko taldeekin ere harremanetan gaude. Era berean, batzuetan Federazioan biltzen gara eta txirrindularitza bultzatzeko ekimenak antolatzen ditugu bertan. Leku ona da Txorierri txirrindularitzan aritzeko? Leku erabat aproposa iruditzen zait: bailara da eta, aldapak eta mendiak egon arren, oso leku atsegina da txirrindularitzan aritzeko. Nire ustez, bizikleta ohiko garraiobideen ordezkoa da. Txorierrin hainbat enpresa daude, eta, industriaguneetatik herrira joateko, kotxea erabiltzen dugu, nahiz eta oso gertu egon. Ez dugu barneratuta bizikleta-kulturarik. Ospe txarreko kirola da gaur egun txirrindularitza, dopina eta istiluak direla-eta. Eragina du horrek taldean? Ez, baina gaur egun beste era batean ikusten ditugu txirrindulariak. Dopina egon badago txirrindularitzan, baina pentsatu behar genuke zergatik egiten den eta nolako kirola nahi dugun. Txirrindularitzan badira arau batzuk: eta, txarto badaude, aldatu egin beharko ditugu; bestela, bete egin behar dira eta kito. Goi-mailako kirola ez da osasuntsua, baina gu beste maila batean gaude: zaletuen kirola da gurea. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Lasterketak antolatzen eta txirrindularitza bultzatzen jarraituko dugu. Izan ere, oso kirol polita da, eta hasten denak ez du inoiz uzten. Era berean, erakunde publikoek azpiegiturak (bidegorriak, bide berdeak...) egin behar dituzte, eta halaxe egin dute azken urteotan. Urteko hitzorduak Urtean ekimen nagusi bi antolatzen ditu Txorierri txirrindularitza elkarteak: bata, Emakumeen Txorierri Sari Nagusia, eta bestea zikloturismo ibilaldia. Biek ala biek txirrindularitza bultzatzea dute helburu. “2008an hasi ginen nesken lasterketa egiten. Hasiera batean, Bizkai mailan antolatzen genuen, eta lehenengo urtean 40 txirrindularik eman zuten izena. Geroago Espainiako Kopan sartu genuen lasterketa, eta, horren ondorioz, Estatuko zein Portugaleko neskak hasi ziren etortzen”, esan du Manu elkarteko kideak. “Aurten, 24 taldek eta 174 neskak hartu dute parte kadete (14 urtetik 16 urtera bitartekoak), gazte (16 urtetik 18 urtera bitartekoak) eta elite (18 urtetik gorakoak) mailetan. UCI taldeak dira, goi-mailakoak. Urtean zehar, Tourrean eta Giroan ibiltzen dira lehian”. Taldeek 35 kilometroko ibilbidea egin behar dute: kadeteek, behin, eta besteek; hiru aldiz. “Urterik urtera gero eta hobeto egiten joan gara, eta lasterketa nahiko finkatuta dagoela esango nuke. Normalean, 350 ordu ematen ditut dena antolatzen. Hau da, nire lana hori izango balitz eta egunean zortzi ordu egingo banu lan, 40 egun emango nuke lasterketa antolatzen. Gogorra da”. Zikloturismo ibilaldia Beste lasterketa zikloturismo ibilaldia da. Taldea duela 14 urte hasi zen hura egiten, Fernando Astorkiren omenez. Astorki Espainiako Itzuliko medikua izan zen hainbat urtetan. Ibilbideak 95 kilometro ditu, eta Leioan hasi eta amaitzen da. Txirrindulariak Txorierri, Gernika, Mungia, Meñaka eta Unbetik ibiltzen dira, besteak beste. “Ibilbide polita da, eta ez oso gogorra. Eguzkia denean, 500 lagun etortzen dira. Lasterketa ofiziala ez denez, ez da errepiderik mozten, eta txirrindulariek Zirkulazio Kodea bete beharra izaten dute, baina parte-hartzaileak eta antolatzaileok pozik gaude”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).