Nerea Uriarte, ibiltaria: “Eguneroko desafioak g

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 18a, 10:46
Ikasketek, lanak eta aisialdiak munduko leku batetik bestera eraman dute Nerea: Estatu Batuak, Erresuma Batua, Malaysia, Txina, Frantzia eta Italia, banaka batzuk aipatzearren. Sondikoztar honek 30 urte ditu eta ibiltari amorratua da. Maletan hainbat lekutan izandako esperientziak eta momentu onak ditu gordeta. Laburbildu, mesedez, zeure lan ibilbidea. Zuzenbidea ikasi nuen eta, ondoren, Nazioarteko Merkataritza Zuzenbidean espezializatu nintzen. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen nazioartekotze beketariko bat lortu nuen eta Malaysian eta Txinan ibili nintzen lanean hari esker. Orain dela gutxi arte, Europan gizarte-proiektuak garatzen dituen enpresa batean aritu naiz, Bilbon. Eta udan turismo-gidari ibiltzen zara Malaysiako bidaia-agentzia baterako. Malaysian urtebete eman nuen, lanean eta bizitzen. Eta bidaiak egitea izugarri gustatzen zaidanez, hango bidaia-agentziekin harremanetan jartzea erabaki nuen. Udan bidaiak antolatzeko hartu ninduten: nik lagun talde bat biltzen dut hemen, eta hara eramaten dut. Gureak ez-ohiko bidaiak dira, abentura-bidaiak, Borneoko oihanetan eginak... Eremu babestuetara joaten gara, orangutanak eta tximino sudurluzeak ikusten ditugu, kanpadendetan egiten dugu lo... Zein lan mota nahiago duzu? Ezberdinak dira. Hemengo lanak lasaitasuna ematen dizu, baina gidari-lana dibertigarriagoa da, beste era batean asetzen zaitu. Urtero bidaia mota berdina egiten dugu, baina, beste jende batekin egiten dudanez, bidaia ezberdina izaten da azkenean. Jendeak jakin-mina handia du, herria bera eta hango kultura ezagutzeko, eta nik neure ezagupenak eta bizipenak helarazteko aukera izaten dut. Eta eurekin bizipen berriak izateko... Oso gauza bitxiak gertatzen dira! Adibidez? Suge batekin topo egin, eta beste norabide bat hartu behar izatea, edo tximino batek zure motxila lapurtzea, dutxatik irteten zarenean... Hura bai txerrikeria! Bestalde, landare batzuetara ezin zara hurbildu euria denean, poroak ireki eta pozoia zabaltzen dutelako. Ondorioz, kontuz ibili behar izaten duzu jendearekin. Zer da, lana edo gozamena? Iaz, oporrak erabili behar izan nituen, gidari-lana egiteko. Eta hura ere lana izan arren, estresa kendu egiten dit. Aire zabalean zaudelako, txangoak egiten, naturarekin harreman estua izaten, basa bizitza ikusten... Zer da gehien gustatzen zaizuna Malaysiatik? Dena. Izan ere, irribarreak baino ez dituzu ikusten, hitz onak entzuten dituzu beti, eta ahal duten guztian laguntzen dizute... Biztanleriaren zatirik handiena malaysiarra bada ere, askok Txinan edo Indian dute jatorria. Bakoitzak bere kulturari, ohiturei eta erlijioari eusten die, baina harmonian bizi dira eta errespetu handia diote elkarri. Badugu zer ikasi haiengandik. Zelan hartzen dute atzerritarra? Oso pertsona irekiak dira. Malaysia garapen-bidean dagoen herrialdea da oraindik, eta dena da mundu bat eurentzat. Edozein gauza interesatzen zaie guri buruz, eta futbolari esker badakite gu mapan kokatzen. “Athletic, Bilbao!” esaten dute. Zer ematen dizu atzerrian bizitzeak? Atzerrian zaudenean, erronkaren bat gainditu behar duzu egunero: hizkuntza, kultura, bakartasuna... Eta erronka horiek gainditzeak asetasuna ematen dit; eguneroko desafioak gustatzen zaizkit. Bertako hizkuntza hobeto ezagutzeko aukera ere baduzu, hizkuntza hobeto menperatzen zoazen heinean, jende gehiago ezagutzen duzu, haien kultura, eta interakzio handiagoa lortzen duzu eurekin. Gainera, edozein lekutara zoazenean, oso garrantzitsua da etxetik daramatzazun betaurrekoak kentzea eta hangoak ipintzea. Hau da, aurreiritziak alde batera uztea, informazioa hartzea eta besteengandik ikastea. Bestelako kultura, hezkuntza, erlijioa... dituzten lagunak ezagutzen dituzunean, pertsona irekiagoa bihurtzen zara. Zenbat hizkuntza dakizkizu? Gaztelera, ingelesa, frantsesa, italiera eta txinera. Zailena ikasten txinera izan zen, eta lehenen ahazten dena ere bai. Ezagutzen dituzun leku guztietatik, zein da onena bizitzeko? Jakina, hemen badugu beste leku batzuetan izaten ez den bizi-kalitatea. Baina denbora-tarteren bat pasatzen denean, bidaiatzeko grina pizten zait berriro. Egia esateko, egon naizen leku guztietan izan ditut esperientzia onak. Eta txarrak ere bai, baina nik nahiago dut onekin gelditu. Laster beste herrialde batera joateko asmoa duzula entzun dugu. Bai, baditut aukera batzuk, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Esperientzia berriak bizitzen jarraitzeko gogoa dut, halakoek norbera aberasten dutelako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).