Josu Camara, antzerkigilea: “Ikusle aktiboak nah

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 23a, 12:29
Josu Camara ezaguna da Txorierrin, Kukubiltxo antzerki taldeko zuzendaria izateagatik, baina orain beste ardura bat hartu du: Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearen (EHAZ) elkarteburua da. Josuk sektorearen kezkak azaldu dizkigu, hala ere, Txorierri eta bere bizitza ere izan ditugu hizpide. Zelan sortu zen elkartea? Duela urte bi Ikasi erakundeak jardunaldi pedagogikoak antolatu zituen Donostian. Bertan antzerkia jorratu genuen aditu batzuok, eta hainbat gai eta kezka adierazi genituen. Orduan, talde eragilea sortu genuen eta harrezkero, hilean bilera bat egin dugu. Eta iaz, ekainean, asanblada batek osatu zuen elkartea. Gure eztabaidagaiak ez dira merkatua, dirua edo programazioa; gurea askoz ideologikoagoa da. Zeintzuk dira EHAZ elkartearen ezaugarriak? Gure esparrua euskal antzerkia da, baina ez geografikoki, kulturalki baizik. Hau da, euskaraz egindako antzerkia jorratzen dugu. Gainera, zaletuok osatzen dugu elkartea, eta horrek esan nahi du antzerkiarekin edozein arlotan harremana duten pertsonak bildu nahi ditugula elkartean: ikusleak, antzezleak, ikasleak, herriko antzerki taldekideak, gazteak, nagusiak, idazleak, teknikoak, zuzendariak... Oso talde zabala da. Guztira ia 100 bazkide batu gara, eta gehienak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak izan arren, gainontzeko euskal herrialdeetako lagunak ere badaude, eta hori oso garrantzitsua da. Egoitza Azpeitian dugu, hango Udalak utzitako lokal batean, eta hori esanguratsua da guretzat: Azpeitia Hego Euskal Herriko erreferentzia da, bertan euskal antzerkigintzari buruzko jardunaldiak egiten baitziren. Zergatik zaletuak, eta ez soilik profesionalak? Guk euskal antzerkia, bere osotasunean, bultzatu nahi dugu, eta horretarako alde guztiak landu behar dira. Profesionalek euren zeregina izango dute, noski, baina bakarrik aritzen badira bultzada ez da erabatekoa izango. Ikusleak behar ditugu; eta ikusle eta zaletu aktiboak behar ditugu euskal antzerkia benetan sustatzeko. Orain arte, ikuslea beti izan da eragilea pasiboa antzerkian: txartela ordaindu eta aulkian eserita gelditzen zen; besterik ez zuen egiten. Guk, ordea, parte hartzeko aldarrikatzen dugu, esate baterako egitaraua osatzeko proposamenak egin ditzatela. Eta gure erronketako bat hauxe da: ikusle pasiboa izatetik aktiboa izatera pasatzea. Nolako erantzuna eman dute zaletuek? Parte hartzeko prest agertu dira? Erantzun harrigarria eman dute. Orain arte aurkitu ditugunak zaletu aktiboak izan dira: betidanik izandakoak, antzerki tailerretan parte hartu dutenak.... Ikusle aktiboak lortzea aipatu duzu. Zeintzuk dira beste erronkak? Euskal antzerkian bakoitza bere kabuz dabil, eta horrek sakabanaketa sorrarazten du. Arazoak konpontzeko indarrak metatu behar ditugu. Baina beste arazo batzuk ere baditugu: eremu geografikoa oso txikia da eta horrek mugak ekartzen ditu. Era berean, Hegoaldean antzezlan erdaldunak programatzeko joera dago, tamalez, eta gaur egun jende gutxiagok ikusten ditu euskaraz egiten diren antzezlanak. Euskara, beraz, ez da hain errentagarria merkataritza ikuspuntu batetik. Zer egingo du elkarteak? Euskal antzerkiari buruzko diagnostiko orokorra egin behar dugu, hau da, euskal antzerkiaren mapa osatu behar dugu (zenbat konpainia, ikuskizun, antzoki, profesional, zaletu....). Eta hori daukagunean, gizarteari helaraziko diogu. Ildo honi jarraituz, herriz herri ibiliko gara sare aktibo bat osatzeko. Gure ustez, herritarrek parte hartzen badute askoz arrakastatsuagoak izango dira saioak euskaraz. Beti esaten dugu antzerkiak duen publizitaterik onena ahoz ahokoa dela. Gainera, transmisioa ere landu nahi dugu, hots, antzerkirako zaletasuna zelan zabaltzen dugun. Horretarako tailerrak eta ikastaroak emango ditugu eskoletan, herrietan eta antzerki taldeetan. Irakasleak hezi eta materiala prestatu behar dugu transmisioa bermatzeko. Eta euskal antzerkiaren artxiboa beharrezkoa da. Esparru haiei lotuta, hainbat ekimen egingo ditugu: Antzerkiaren Eguna antolatuko dugu; saria emango diogu antzerkiaren alde lan egin duen bateren bati; aurkezpenak egiten gabiltza euskal antzerkizaleekin harreman zuzenak lantzeko; Durangoko azokan ibili gara... Zelan ikusten duzu etorkizuna? Ikuspuntu ezkorrak eta baikorrak daude. Antzerkiaren patua krisia da, agian, baina ni itxaropentsua naiz. Antzerkia enpresa izango balitz moduan ulertzen da eta, ikuspuntu horretatik, egoera larria dago: krisia dago (bai ekonomikoa, bai kulturala), erakunde publikoak oinarrizkoegiak dira eta euskal antzezlanak gero eta gutxiago programatzen dira; era berean, gero eta ikusle gutxiago joaten da euskaraz egindako saioak ikustera. Hala ere, beste zirkuitu bat ere badago. Hori gazteek jakin badakite eta euren eskuetan dago etorkizuna. Jende gazte pilo bat dabil antzerkia egiten, eta euren egiturak ez dira hain zorrotzak. Ondorioz, libreagoak dira eta ezohiko proposamenak egiteko aukera dute. Umeengandik eta Txorierritik gertu Antzerkiaz gain, umeak dira Josu Camararen beste pasioa. Eta haiei lotuta irakasle hasi zen lanean, Algortako eta Erandioko ikastoletan. “Irakasle ez nintzen kasualitatez egin. Betidanik gustatu zait umeekin jolastea eta ibiltzea. Monitore ere ibili nintzen gaztetan. Antzerkian esparru libreago bat aurkitu nuen umeekin jolasteko, eta oraindik ere umeengan ikusten dudan indarra eta gogoa gustatzen zaizkit”. Antzerkia zaletasuntzat hartu zuen Josuk, 18 urte zituela. “Niretzat jolasa zen. Cómicos de la legua Bilboko taldean hasi, eta Algortako ikastolako gurasoen antzerki taldean zein Maskarada taldean jarraitu nuen. Eta artean irakaslea zenean, Toti Martinez de Lezea ezagutu zuen. “Totik txotxongiloei buruzko ikastaroa eman zuen eta harreman polita sortu zen gure artean”. “Eltxoak koska egin, eta pozoitu” zuen Josu. Orduan Kukubiltxon sartu zen. Taldea 1977an sortu zuen, Andra Mariko jaietan umeei zuzendutako ikuskizunak eskaintzeko. Josu bost urte beranduago sartu zen, eta apur bat beranduago, baita Jon Garai eta Mari Feli Etxeandia ere, “gaurko Kukubiltxo taldeko muina”. Hortik aurrera, garai onak eta txarrak egon dira, eta gaur egun bost lagun daude bertan lanean. Krisia dela-eta, ikuskizun gutxi dute udari begira. “Bost emanaldi emango ditugu udan, eta ziur gaude gehiago aterako zaizkiguna. Abuztuan tailerra egingo dugu eta oporraldi txiki bat ere hartuko dugu”. Txorierritarra Josuk harreman handia izan du beti Txorierrirekin. Ama lezamarra zen, “oso lezamarra”. Bilbora ezkondu zen eta Josu hor jaio eta bizi izan zen. Hala ere, Kukubiltxoko egoitza Larrabetzun zegoen, eta Kattalin bere alaba jaio zenean hara joan ziren bizi izatera. “Erabaki zoragarria izan zen, lanetik gertuago egoteak beharra eta familia uztartzeko aukera eman zidalako. Geroago Lezamara joan ginen eta gaur egun bertan bizi naiz. Poz-pozik bizi gara Txorierrin, eta guztiz inplikatuta gaude batez ere Lezama eta Larrabetzuko herrietako eguneroko bizitzan. Oso txorierritar, lezamar eta larrabetzuarrak sentitzen gara”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).