Igor García, zine ikaslea: “Zinemagintza ez da

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 20a, 14:42
Argazkia: Jon Goikouria
Sondikoztar honek sentsibilitate handia du irudiarekiko, eta bizitzak zine munduan saiatzera eraman du. Esan digun bezala, mundu horretan aurkitu du bere lekua, eta etorkizunean argazki zuzendari moduan aritzea gustatuko litzaioke. Iaz “zuzendari” sentitu omen zinen, zure lehendabiziko 16mmko film laburra filmatu zenuen-eta. Kinema Deustuko zine eskolan hasi nintzen, eta ikasturtean zehar ikasle bakoitzak hiru lan aurkeztu behar izan genituen. Nirea, La piscina, aukeratu zuten 16mmtan filmatzeko, eta zine munduan zerbait egingo nuela pentsatzetik “zuzendari” izatera pasatu nintzen. Aldaketa handia sumatuko zenuen, ezta? Bai. Ni ohituta nago etxeko kamerarekin filmatzen, eta kamera profesionalaren bobinak biratzean egiten zuen zarata entzuteak ikaratu egiten ninduen hasieran. Gainera, filmazioan 16 lagunek gehi aktoreek hartu genuen parte, eta guztiak nire agindupean zeuden... Eta sinesten zuten nigan eta nire aginduetan; hunkitu egin ninduen horrek. Pozik emaitzarekin? Pozik baino pozago. La piscina birritan filmatu dut eta, egia esan, nahiz eta emaitza bera formatu ezberdinetan izan, hasieran kostatu zitzaidan lehengo lanetik aldentzea. Orduan, 16mmko lana lehenbizikoz ikusi nuenean, “aggg... hori nik egin al dut?” pentsatu nuen. Baina aitortu behar dut formatu honetan dena, irudiaren kalitatea eta abar, askoz hobeto gelditu dela. Zertan datza han kontatzen duzun istorioa? Beldurrei, erronkei, arazoei... bizitzaren etapa guztietan egin behar diegula aurre. La piscina Zinebi zine-jaialdian eman zuten... Suerte handia izan nuen, zine eskolan hasi berria baino ez nintzen eta bat-batean nazioarteko zine-jaialdi batean ikusi nuen nire burua, ogibidean urteak daramatzaten izen handiko profesionalekin batera. “Baina zer egiten ari naiz ni hemen?, Zer dela-eta, 3.000 lanen artean, aukeratu dute nirea?” pentsatzen nuen. Zaila izango da hura bezalako beste aukera bat izatea; horregatik pasatu nuen oso ondo. Zergatik zine mundua? Irudia txiki-txikia nintzenetik gustatzen zait; argazkiak atera eta haien bitartez zerbait adierazi. Eta hamabost urte nituela hasi nintzen bideokamerarekin filmatzen. Argazkilaritza ikasi dut, arte grafikoen munduan sartu nintzen geroago... eta zine eskolan saiatu nintzen iaz. Lehenengo klaseetara joan eta argi izan nuen mundu honetan aritu nahi nuela. Plano bat filmatu, hura moztu eta beste plano bat atera, eta handik ideia bat sortzea izugarria delako, nire ustez. Enkoadratzea eta argiaren bitartez zerbait adieraztea margotzea bezala da niretzat. Horregatik hain zuzen ere hartu duzu argazki zuzendaritza espezialitatetzat? Bai. Filmaren zuzendariak gehienbat aktoreekin egiten du lan, baina argazki zuzendariak film osoaren ikuspegi bisuala du arduratzat. Drama besteak sortzen du, eta argazki zuzendariak indartu egiten du drama hori. Kamara, enkoadratzea, argia, kolorea, testura, kontrastea... ardurapean ditu, eta bere lanari esker gauza da ikuslearen begirada leku batera edo bestera zuzenarazteko, ikusten ari dena uler dezan. Argazki zuzendariei buruz hitz egiten badugu, zeintzuk dira zure kutunenak? Asko! Nestor Almendros (Días del cielo, Kramer contra Kramer...), Vitorio Storaro (El último tango en París, Apocalipsis now...), Javier Agirresarobe (Mar adentro, Soldados de Salamina...). Bestalde, suerte handia eduki dut, Xavi Giménezek (Ágora, Red lights...) eskola eman didalako. Eta filma? Días del cielo, zoragarria delako. Filma eguzkia sartzen den orduan grabatu zuten, eta argia zeruak ematen duena da. Oso argi leuna eta polita da. Halakoak filmatzeko denbora eduki behar da, eta diru asko, eta oso ona den argazki zuzendaria. Ikaskideen lanetan hartu duzu parte, eta duela gutxi 16mmko film labur batean ibili zara argazki zuzendari; zelan? Denetarik egon da. Hala ere, esan behar dut oso esperientzia positiboak eta onak izan direla, oso saiatuak diren lagunekin ibili naizelako. Egunero ahalik eta gehien ematen duten pertsonak dira, aurrera egiten dutenak. Bestalde, orain dela gutxi Perditua lana filmatu dut Jon Goikouria eta Ibon Belandiarekin, Sondikako Rallyrako. YouTuben eta Facebooken dago ikusgai. Zelan dator etorkizuna? Nahiko kikiltzen nau, ez dakidalako zer egingo dudan, gauzak ondo irtengo diren... Edozein proiektutan hartuko nuke parte. Berdin dit zuzendaria nor den, eskatzen dudan bakarra da hark gogoa edukitzea, eta zintzoa izan dadila. Eta dakien guztia niri irakats diezadala, filmazioetan ikastea dudalako helburu. Zinemagintza ez da ez artea, ezta denbora-pasa ere, niretzat; ogibidea da, eta horretan gustatuko litzaidake aritzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).