Marta Martín, Sondikako Gaztetxeko koordinatzaile

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 20a, 14:48
Argazkia: Irrifarrak sortuz
Irrifarrak sortuz, mugarik ez Sondikako elkartea oso gaztea da. Gaztea, orain dela gutxi sortu delako eta bere kideak ere oso gazteak direlako. Elkarteak ahaleginak batuko ditu, El Salvador herriari laguntza agintzeko. Elkartea Gaztetxearen baitan sortu da. Zeintzuk izan dira lehenengo urratsak? Gazteei proiektu bat sortzea proposatu genien 2010. urtearen hasieran. Ideia batzuk aztertu ostean, guztion artean erabaki genuen proiektu solidarioren bat aurrera eramatea. Hainbat gobernuz kanpoko elkarterekin jarri ginen harremanetan, eta Paz con dignidad elkarteak hartu zuen bere gain proiektua. Egitasmoaren helburuak, ekintzak eta abarrekoak zehaztu genituen, eta prestakuntza eman ziguten aipatutako elkarteko kideek. Udalak ere eman digu laguntza. Zenbat kide zarete? Gaur egun 13 lagunek osatzen dugu elkartea. Gehienak, % 70 inguru, 14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteak dira, eta gainontzekook 18 urtetik gorakoak. Adin aniztasunak laguntzen digu ikuspuntu ezberdinak izaten, eta gauza asko ikasten ditugu elkarrengandik. Zergatik El Salvador? Paz con dignidad elkartearen lanak El Salvadorreko biztanleria osoarengan du eragina. Hainbat proiektu dituzte bertan: baserritarrekin, umeekin... Gustatu zitzaigun euren lana, eta eurek gugan konfiantza izatea eta lanean hastera animatzea ere baziren erabakigarriak. Harreman zuzena dugu elkartearekin, hango errealitatea eta beharrizanak ezagutzeko eta premiazkoak diren proiektuen berri izateko. Zein da elkartearen lehentasuna? Jendeak El Salvadorreko egoera ezagutzea dugu helburu nagusitzat. Era berean, dirua edota beharrekoak batzen ahaleginduko gara, hango umeei eta herritarrei agintzeko. Gure lanari esker lortutako diru-sarrera ondo erabiltzea nahi dugu. Horregatik zehaztu behar dugu Paz con dignidad elkartearekin, laguntza zelan aginduko den: dirua ala erositako tresneria. Aipatu bezala, elkarte horrek hainbat proiektu ditu El Salvador herrian eta bakoitza fase ezberdinean dago, edo bata bestea baino premiazkoagoa da. Ondorioz, laguntza agindu baino lehen zehaztuko dugu zein proiektutara eta nola bideratuko den. Herritarrei ere jakinaraziko diegu laguntza zertan inbertituko den, erakusketa baten bidez edo informazio-orrien bidez, esate baterako. Hara bidaiatzeko asmorik? Gure ahaleginari eta lanari esker zer lortu den zuzenean ikustea ikaragarria izango litzateke, baina zaila ikusten dugu hara joatea. Eta nahiko genuke, batez ere hango jendearekin harremana zuzena izateko eta, hartu-eman horri esker, esperientzia berriak bizi ahal izateko. Halako esperientziek bizipen positiboak dakarzkigulako, pentsatzeko era aldarazten digutelako eta, pertsonak garen heinean, hobetzen laguntzen gaituztelako. Dena dela, nahiz eta hara ez joan, informazioa, argazkiak, bideoak... jasoko ditugu bertatik eta horrek ere poztu egiten gaitu. Gure helburua ez delako inoiz bidaiatzea izan, laguntzea baizik. Zelako ekimenak egiten dituzue dirua batzeko? Gure esku dagoen guztia. Informazioa zabaldu dugu herri osoan zehar, gure elkartearen zein El Salvador herriaren egoeraren gainean. Era berean, kamisetak eta poltsak jarri ditugu salgai, eta otzara bat zozketatu genuen Gabonetan. Tartetxo bat dugunean, herrian egiten diren ekintza guztietara hurbiltzen gara, gure lana ezagutzera ematera eta hainbat ekimen egitera: zozketak, umeentzako tailerrak... Material guztia Gaztetxean dago salgai eta hura parte hartzen dugun ekintza guztietan ere eskura daiteke. Pozgarria da gazteak halako proiektu solidarioetan murgilduta egotea. Eta oso inportantea. Proiektuok baliagarriak direlako, gure errealitatetik kanpo beste egoera batzuk daudela konturatzeko. Etxean gaudela, lagunekin gertatutakoak konponezinak iruditzen zaizkigu askotan, edo nahi ditugun gauzak behar-beharrezkoak direla. Esperientzia hauek laguntzen digute garrantzia benetan duenari ematen. Halako egitasmoetan ematen diren harremanak, bizipenak... izugarriak dira, inork ez duelako ezer espero horren truke. Aukera paregabea eskaini zaigu eta hura ilusio handiz gabiltza aprobetxatzen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).