Amesten dute e-biztanleek liburu digitalekin?

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 20a, 14:56

Testua: Xabier Díaz, BTEKeko zuzendaria

Newsweek aldizkariaren 2007. urteko ale baten portadan azaldutako titularra aspaldian aipatu zuen Loretahurrek bere blogean: Books Aren´t Dead (They´re Just Going Digital); hau da, liburuak ez daude hilda, digitalera pasatzen baino ez dabiltza egiten. Edo halako zerbait. Esaldia Interneten libururik gehien saltzen duen guneko (Amazon) fundatzaileak bota zuen, munduan ezagun egin zen lehenengo e-book reader edo liburu elektronikoen irakurgailua aurkeztu zenean, kindle-a. Urteak pasa dira, ordea, eta ohiko liburuen salmenta beherantz doan bitartean, horrelako irakurgailuak ez dira gure inguruan hainbeste ikusten. Baina zer da e-book reader bat? Hura lehenengo helburutzat liburu digitalak irakurtzea duen aparatu digitala da. Horrelako aparatuek bost-zazpi hazbete (13-18cm) bitarteko pantaila dute normalean, eta, paper elektronikoa deritzon teknologiari esker, gai dira liburuen letrak eta irudiak gris-eskalan azaltzeko, oso energia gutxi kontsumituz. Liburuetarako gehien erabiltzen diren formatuak pdf eta epub dira, eta horrelako aparatu baten milaka liburu gorde daitezke. Horien antzekoak dira orain modan dauden tablet-ak. Paper elektronikoaren ordez, LCD edo AMOLED pantailak erabiltzen dituzte, energia gehiago kontsumitzen dute eta, batzuen ustez, okerragoak dira irakurtzeko. Baina koloreak azaltzeko gai izateaz gainera, ukimenezkoak izaten dira gehienetan. Era berean, tablet-etan milaka aplikazio daude eskuragarri: jokoak, bulegoko aplikazioak, posta elektronikoa, nabigatzailea... Liburuak eskuratzeko hainbat gune daude Interneten, eta ezagunena Amazon da. Izan ere, Amazonek aurten, lehenengo aldiz, liburu digital gehiago saldu ditu arruntak baino. Ez bihotzean, ez apaletan Baina ez dut uste oraingoz liburu digitalek tokia kenduko dietenik ohikoei. Alde batetik, editorialen estrategia oso egokia izan ez dela pentsatzen dudalako. Liburu digitala, ekoizteko orduan koste gutxiago duena, ohizkoa baino garestiagoa da batzuetan. Eta gehien erabiltzen den formatua, pdf-a, ez da epub formatua bezain egokia (azken hau prestatuta dago aparatu digitalera egokitzeko). Bestetik, nahiz eta liburuok edonora eramateko modukoak izan, nahiz eta askotan hiztegiak integratuta eduki, nahiz eta hainbeste liburu eduki, nahiz eta liburuen gainean markak eta oharrak jartzeko aukera edota bilaketak egiteko aukera eman... ez dute betiko liburuen xarma, ez dute bolumen fisiko eta animiko berdina, ez dute usain berdina... Eta, horregatik, erabili erabiltzen ditudan arren, ez dut uste behintzat nire bihotz eta apaletan beste liburuen lekua hartuko dutenik.