San Bartolome

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 20a, 15:47
Testua eta argazkiak: Sabin Arana
Nonahi aurki daitezke San Bartolomeren izena duten ermitak, baina esan beharra dago Larrabetzukoak baduela kutsu berezi bat. Joan Infantea Bizkaiko jauna, geroago Gaztelako errege egingo zena, santu horren egunean jaio zen, eta Villanueva de Berresonaga izeneko hiribildua sortu zuen Larrabetzu deitutako lurraldean. Besteak beste, agindu hau ezarri zuen sortze-agirian: alkatea eta erregimentua (zinegotziak) San Bartolome egunean izendatu behar ziren urtero, bera egun horretan jaioa zelako. Diru kontuak ere egun horretan ematen ziren. Ohitura horrek XVII. mendera arte iraun zuen: handik aurrera, urte bukaeran ematen ziren kontuak. Alkateak izendatzeko eguna, berriz, San Bartolome eguna izan zen XVIII. mendera arte. Ezin daiteke esan, hala ere, San Bartolome ermita Joan Infantearen omenez altxatua denik, ermita hori Elizaldeko ama-elizaren mende zegoelako, ondoren aipatuko dugun gertaerak agerian uzten duenez. Gertaera horren berri 1585. urteko agiri batean ematen da. Haren arabera, Lur Lauaren ordezkariak hiribilduen eta hiriaren ordezkaririk gabe batzartu ziren Bilbon bariku batean arrastiko 4etan. Pedro Gallartza Larrabetzuko biztanlea batzar horretan egon zen eta auzi kriminala aurkeztu zuen hiriko alkatearen aurka, San Bartolome ermitan gertatutakoagatik. Azalpen argirik eman ez bazuten ere, badirudi Lur Lauko pertsona batzuk ermitan ezkutatu zirela iskanbila baten ondoren, eta hiriko alkatea, aginte makila eskuan, hara joan ei zen haiek preso hartzera. Lur Laukoek auzitara eraman zuten, argudiaturik alkatea ezin zela ermitaren lurralde eremuan sartu aginte makilarekin. Batzar Orokorrari eskatu zioten laguntza, hiriaren eta Lur Lauaren arteko norgehiagoka jakina zelako garai hartan. Zin egiteko eliza Gertaera horrek argi erakusten du Larrabetzun bazirela lege bi: batak Eilzalden zuen indarra, eta besteak, hiribilduan. Bestalde, garai bateko leinu-etxeen eta hiribilduetako burgesiaren arteko gatazkaren adierazgarri ere bada. Hiribilduek, Bilbo buru zutela, partida XVII. mendean irabazi bazuten ere, eztabaidak luzaro jarraitu zuen. Eraikinari dagokionez, leihoak gotiko berantiar estilokoak dira; eta eguerdi aldeko atea, berpizkunde estilokoa. Eraikina gutxienez fase bitan egin zen; edo, hobeto esanda, luzatu eta zabaldu egin zen. Atea dagoen horma zatiak mendebalderantz luzatu zela ematen du, eta ermita iparralderantz ere zabaldu zen, gailurraren simetriarik ezak erakusten duenez. Apaingarririk nabarmenena eguerdi aldean dagoen gurutzea da. Badirudi garai batean ur bedeinkatuaren ontzia zuela beheko aldean. Oso esangura indartsua duen irudia da. Ohikoa zen bezala, ermitak bazuen lur zati bat bere mantenurako, eta baserri-etxe bat ere bai; azken hori XVI. mendetik aurrera, beharbada. Elizaldeko maiordomoak eta batzarrak alokatu egiten zuten etxea, baina XIX. mendean saldu egin zituzten etxea eta beroni zegozkion lurrak, Independentzia Gerran hartutako zorrak ordaintzeko. Zin egiteko eliza izan zen 1660an. Esate baterako, abadeak Juan Goikoola deitu zuen hara zin egitera, bere aita auzitara eraman zutenean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).