Jantzi Jarauntsi Troupe: “Euskal jantziaren bitartez gura dogu gozau”

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 13a, 14:29
Jantzi Jarauntsi Troupe ekainean aurkeztu zan jente-aurrean. Derioko alkarteak dauan helburua gurean egiten diran ekimen guztietan euskal jantzia berreskuratzea da. Esther Apraiz eta Nekane Aiarza troupelariek emon deuskuez kakoak. Zergaitik taldea sortu? Igaz, Olentzero Egunean, euskal jantzia bakarrik egun horretan janzten genduala komentau genduan gure artean, eta beste data batzuetan be eroatera animau ahalko ginala. Era berean, inguruan begiratu, eta batez be umeek janzten ebela konturatu ginan; gurasoek eta aitita-amonek ez dabe euskal jantzia erabilteko ohiturarik. Horregaitik erabagi genduan lehenengo pausua guk emotea, eta jentea hainbat ekimenetan euskal jantzia janztera animau. Halan sortu zan ideia da, eta ilusinoz beteta dagoanez, aurrera egin dau. Beraz, euskal jantziari berriro emon gura deutsazue antxinako protagonismoa. Bai, eta ez bakarrik Derion edo Txorierrin antolatzen diran ekimenetan. Izan be, badogu taldearen mamina beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa. Esate baterako, Gorlizetik deitu deuskue poteo baten parte hartzeko, eta deia Olabeagatik be jaso dogu. Euskal Jaia egingo da bertan eta guk girotzea gura dabe. Nortzuek osatzen dozue taldea? Hogeta hamar lagun inguru gara, hogeta hamar urtetik berrogeta hamar urtera bitartekoak. Gehienok derioztarrak gara; eta lauzpabost, beste herri batzuetakoak. Ekitaldietara seme-alabak eroaten doguz gugaz. Baina gurea ez da talde itxia eta gura dauan guztiak jarri daiteke gugaz harremanetan: jaja@jajatroupe.com. Bardin deutso Deriokoa edo beste herri batekoa izan. Izen deigarria da zuena. Alde batetik, aitita-amamen janzkera berreskuratu gura dogu, eta horregaitik aukeratu genduan izentzat “jantzi jarauntsi”. Bestetik, ikutu moderno bat be emon gura geuntsan, eta handik dator “troupe”. Tradizinoaren eta modernitatearen arteko fusioa da. Taldearen aurkezpen ekitaldiari be oso izen arranditsua ipini zeuntsien: Revival Janzkera 2011. Taldea hasi barria zan, eta bagenkian jente askok ez ginduzala oraindino ezagutzen. Horregaitik aukeratu genduan izen hori, deigarria zalako eta herritarrengan kuriosidadea bizteko. Aurkezpen ekitaldia oso ondo urten zan. Aitor Elizegi eta Elena Unzueta izan genduzan aitabitxi eta amabitxi, eta triki-poteoan ibili ginan herritik. Bazkaria be euki genduan. Zelan hartu dabe herritarrek taldea? Jentea hasi da gu ezagutzen, interesa dabe taldeagazko eta galdetu egiten deuskue antolatzen doguzan ekimenen inguruan. Oso talde gaztea izan arren, dagoaneko hainbat ekimen antolatu dozue. Buruko zapia ipinten ikasteko tailerra, txangoak, Bilboko Etnografia-museora urteera, trikiti eta pandero ikastaroa, jota ikastaroa... Talde dinamikoa izan gura dogu eta batzordeak sortu doguz gure baitan. Bakotxa datorren ikasturtera begira zer antolatu daitekeen aztertzen dabil. Zuen beharrak osagai didaktikoa be badau. Arretaz begiratzen bada, ikusi daiteke jenteari bardin deutsala euskal jantziagaz urteteak, baina zapatilak jantzita dabezala, buruko zapi barik... Guk detaile horreek guztiek daben garrantzia erakutsi gura deutsagu jenteari. Buruko zapia ipinten ikasteko ikastaroak, esate baterako, zapia zergaitik ipinten dan azaltzea eban helburuen artean, eta merezi dauan inportantzia emon ekiola. Horren haritik, zapia Txorierrin antxina zelan ipinten zan ikertzeko asmoa dogu, eta gauza bera egingo dogu euskal janzkera osatzen daben beste elementu batzuekaz: txapela, garrikoa... Ekarpen polita egingo deutsezuena Txorierriri eta herritarrei. Euskal jantzia berreskuratzea dogu helburu, eta harenganako interesa biztu. Euskal jantziaren bitartez gura dogu gozau, eta berau jantzita dogula eroso sentidu. Jenteari sentimentu hori kutsatu gura deutsagu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).