EtxE, bakarlaria: “Barrutik ateratako abestiak dira nireak”

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 20a, 13:23

Iñaki Etxezarraga “EtxE” bakarlariaren ahotzaz gozatzeko aukera izan genuen Lagatzu Egunean. Berrizkoa Trikizio taldearekin aritu zen Zamudioko euskara elkartearen urteurrenean, eta erromeria zoragarria eskaini ziguten. EtxErekin izan ginen solasean. Trikizio taldearekin batera ikusi zaitugu eszenatoki gainean, zergatik? Uda honetan haiekin nabil abeslari. Xabik, taldearen abeslariak, eztarriko gaixotasuna du eta ezin du denboraldi batean abestu. Beraz, ni nabil bera ordezkatzen. Zelan moldatzen zara? Egia esan, ikaragarri nabil disfrutatzen. Oso musikari onak izateaz gainera, oso jende jatorra ere badelako, bai taldekideak, bai teknikariak. Uda korapilatsua izango da? Izan ere, kontzertuak emango dituzu Trikizio taldearekin, eta ez dakigu EtxErekin ere aterako zaren biran... Ez horrenbeste. Uda hasi baino lehen banekien bakarlari bezala ez nuela ia kontzerturik emango. Kontzertu akustikoren bat egitea gustatuko litzaidake, beharbada, baina ez dut ezer zehatzik itxita. Ondorioz, Trikizio taldearekin ibiltzeko aukera aprobetxatu nahi dut, eta horretan nabil buru-belarri. Zuri buruz arituko gara orain. Lehendabiziko diskoa, Zatoz nirekin, zeuk ekoiztu zenuen 2005. urtean. Bidea eginez 2007. urtean eman zen argitara; eta Heldu eskutik, 2009. urtean... Bilakaera egon da disko batetik bestera, edo behintzat hori egiten saiatu naiz. Ahalegina egin dut abesti landuagoak sortzen, eta denboraren poderioz ikasi dudana islatu nahi izan dut abestietan. Hurrengo diskorik badago, ziur han ere aldaketaren bat egongo dela. Eta zein da zuk, musikari bezala, urte hauetan izan duzun bilakaera? Ez naiz momentu batean ere geldirik egoten. Musika munduan 15 urte nituela hasi nintzen, eta gehienek bakarlari bezala ezagutzen banaute ere, aurretik Nabari taldean aritu nintzen baxu-jotzaile. Bestalde, gaur egun Mafia taldean ere banabil, eta bertan ere baxua jotzen dut. Momentu honetan Trikizio taldearekin nabil abesten, eta bakarlari-proiektua apur bat geldirik utzi dut... Nolanahi ere, beti nabil saltsaren batean edo bestean sartuta. Zure musika entzun dugu; adituek lerroak idatzi dituzte zure lanari buruz... Baina zelan definituko zenuke zuk zeuk? Ez dakit inoiz galdera horri zelan erantzun. Momentuan ateratzen zaidana islatzen dut nire abestietan, eta ez dakit hura zelan definitu. Beti esan dut barrutik ateratako kantuak direla. Trikizio taldearekin buru-belarri zabiltzala aipatu duzu lehen; etorkizuneko asmorik baduzu EtxErentzat? Trikiziorekin udako kontzertuak ematen ditudan bitartean, banabil nire kantu berriak konposatzen. Gainera, dena ondo irteten bada, urte amaieran Espainiara bakarlari bezala ateratzeko asmoa dut. Musikaria izateaz gainera, zaletasun handia ere baduzu txirrindularitzarako. Zale amorratua naiz. Zaletasuna familiatik datorkit. Gazteagoa nintzela lehiatu ere egin nuen, eta gaur egun ere bizikletaz ibiltzen naiz. Joan den urtean omenaldia egin nahi izan nien euskal txirrindulariei eta Pirinioetara joaten diren zaleei; horregatik konposatu nuen Maldan gora abestia Euskaltel-Euskadi talderako. Eta abenturazalea ere bai, El Conquistador saioaren azken edizioan ikusi zaitugu-eta. Oso esperientzia polita eta gogorra izan da, baina berriz errepikatzeko modukoa. Handik bueltatu nintzenean, pentsatu nuen Maiderrekin abesti bat egitea. Hura saioaren finalean jo genuen eta jendeari gustatu zitzaion. Gogoa dut estudioan sartu eta abestia grabatzeko.