Umeek kirola edo hizkuntzak jorratzen dituzte eskolaz kanpoko ekintzetan. Ez dago ezer teknologiari buruz. Edo ez zegoen, hobeto esatearren: uztailean udaleku teknologikoak antolatu dira estreneko aldiz BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan, Zamudion. Guztira Euskal Herritik zein kanpotik etorritako 200 gaztek hartu dute parte.
Jesus Angel Bravo Strelia arabar enpresako zuzendaria da. Streliak informatika eta berrikuntza lantzen ditu. Teknologia, beraz, izugarri interesatzen zaio Jesus Angeli, eta zaletasuna bere 14 urteko semeari helarazten saiatu zen era dibertigarri batean. Orduan udaleku teknologikoak sortzea bururatu zitzaion. “Estatu Batuetan ohikoa izan arren, Estatu mailan ez dago ezer antzekorik. Hemengo udaleku teknologikoa erabat aitzindaria izan daâ€, esan digu. Udalekua uztailean zehar egin da Bizkaiko Teknologia Parkean.
“Eskolatik Kanpo, hizkuntza edo kirolari lotutako hainbat ekimen daude, baina batek ere ez du teknologia jorratzen. Hutsune hori bete nahi izan dugu. Eskolek interes handia dute proiektuan, euren plangintzak osatzen laguntzen diegulakoâ€. Ikastetxeetarako ez ezik, umeentzat ere bada onuragarria udalekua. “Gazteek jokoen bidez ikastea nahi izan dugu. Egunero erronkak jarri dizkiegu umeei. Horrek sormena eta irudimena pizten ditu, eta, era berean, parte-hartzaileek aukera dute arazoak konpontzeko gauza direla ikustekoâ€.
Ikastaro mota bi eman dira udalekuan: batak, Bots week, robotika landu du. Modulu horretan Lego enpresak sortutako hezkuntza-proiektuari jarraitu diote: umeek lego piezen bidez robota eraiki eta programatu behar izan dute. Beste ikastaroan, Videogames week, Scratch software askeko plataforma erabili dute neska-mutilek, bideojokoak diseinatu eta garatzeko. “Ikastaro biak antzekoak dira: bideojokoena, artistikoagoa; robotena, mekanikoagoaâ€. Gazte batzuek surf ikastaroa ere egin dute arratsaldeetan, Sopelan. Hala edo nola, giro dibertigarri eta alaian ibili dira umeak elkarlanean.
% 90, mutilak
Guztira, 200 umek hartu dute parte udalekuan, baina txandaka hurbildu dira Zamudiora: 50, aste bakoitzeko. Taldeak handiak badira ere, batez ere hiru lagunek osatutako talde txikietan ibili dira lanean. Parte-hartzaileak hainbat lekutatik etorri dira: txorierritarrak (Lezamakoak edo Zamudiokoak, esate baterako), bizkaitarrak, arabarrak, gipuzkoarrak, Frantziakoak, kataluniarrak... Teknologia gizonezkoei lotzen zaie askotan, eta udalekua ez da salbuespena izan; hara joan diren gehienak, % 90, mutilak izan dira.
Udalekuaren hizkuntza nagusia ingelesa izan da, baina horrek ez die oztoporik ekarri umeei. Hala dio Sarak, umeen begiraleetako bat. “Ingelesa ez da arazorik izan, gazte guztiek gutxi gorabehera ulertzen dutelako. Gainera, euren artean, euskaraz eta gaztelaniaz egin dute. Zamudiokoa ez da hizkuntza-udalekua izan, teknologia-udalekua baizikâ€. Jesus Angelen ustez, “teknologiaren hizkuntza ingelesa da, eta horregatik azalpenak, softwarea-eta ingelesez eman dira. Horrela, beste hizkuntza batean lan egiteko ohitura hartzen dute, beldurrik gabeâ€.
Sarak oso interesgarria deritzo campusari. “Umeek gauza berriak ezagutzeko aukera izan dute udalekuan. Guk bidea eman diegu, eta, gero eurek euren irudimena landuz, nahi izan dutena hartu dute. Gainera, primeran pasatu duteâ€. Beste abantaila baten berri eman digu antolatzaileak. “Hemen erabili dituzten programak etxean ere erabil ditzakete. Beraz, udalekua amaitu eta gero, aukera dute teknologian murgiltzen jarraitzekoâ€.
Umeak gurasoak bezain pozik ibili dira udalekuan, baita antolatzaileak ere. “Datorren udan berriro egiteko asmoa dugu; are gehiago, hurrengo ikasturtean, hau da, irailetik aurrera, teknologiari lotutako eskolaz kanpoko jarduera antolatu nahi dugu, eta eskolek interes handia adierazi duteâ€. Ekimenak aurrera eginez gero, ordu gehiago hartuko dute umeek teknologiara hurbiltzeko. Baita Jesus Angelen semeak ere.