Urak dakarrena urak daroa esan beharren, garai honetan egokiago izango litzateke udak dakarrena udak daroa esatea. Uda pasau da, edo sikeran gehiengoen oporraldia amaitu da. Uda honek hainbat berbagai ekarri deuskuz: Euskal Herriko eguraldia, hauteskunde orokorretarako deialdia, Aita Santuaren bisita, futbol taldeen fitxaketak eta bajak… Gai honek guztiak hainbat barriketaldi bete dabez. Batzuentzat oso garrantzitsuak izan diranak, beste batzuentzat ez. Askok Aita Santua eta kristautasunaren eredua, zeru eguzkitsua –hodeitsua, Real Madrid-Barça, Caparros-Bielsa edo Rubalcaba-Rajoy bikoteei ez deutsegu larregi erreparau. Beharbada askorentzat hain arazo larri diran honeei, beste batzuek urtenbide sinpleak topaten deutseguzalako izango da. Honeek guztiak ekarri dauz udak, eta udak ez badauz eroaten udagoienak eroango dauz.
Udak ez dauana eroango Somaliako egoerea da. Orain arte Somalian Piratak baino ez genduzan ikusten. Han, lehenengo munduko itsasontzi gizajoak, gu elikatzeko, gorriak ikusi dabez. Orain, itsasoan ez, lehorrean, Afrikako adarrean deritxon horretan, Piratak beste batzuk dira. Hobeto esanda piratak beste batzuk gara. Europar Batasunak edo NATOk zenbat lehorreko fragata bialdu dabezan jakin gura neuke. Historian zehar Europak, kolonien bidez, Afrika xahutu dabe. Hizkuntza herrikoiagoa erabiliz, lapur hutsak izan gara. Gaur egun multinazionalek daukie betebehar hau. Gai honetan, neure ustez, larriena, bardin jakula da. Lagunakaz ez dakit zenbat denpora emon dodan eztabaidatzen ia Caparros edo Bielsa hobea dan, emaitzak edo jokoa gurago dogun, edo, JMJ-n aldarrikatu diranak garaiz kanpo dagozan. Baina Somaliari buruz gitxi esan dogu: - Somalian txarto ezta?- Bai, hori bai gogorra.- Agian Afrikako adarrean erreparau beharren geure kontzientzia aztertu beharko geunke.
Udako gorabehera guztiak urte amaierarako ahaztuta egongo dira eta gehienak konponduta. Somaliagaz be bardin gertatuko da. Kasi bardin. Ahaztuta eukiko dogu, baina ez konponduta. Udak dakarrena udak eroaten dau, edo ez. Kasu honetan eta beste askotan ez.