Benetan zaila da jendea munduan zehar nolakoa den definitzea, planetako bazterrak zein baino zein ezberdinagoak direla kontuan izanik. Baina are zailagoa da horiek guztiak Euskal Herria bezalako lurraldeekin alderatzea. Dagoeneko, alderaketa hori egitea erabat ezinezkoa dela uste dut, jendearen izaera muga geografikoez baino haratago doan zerbait delako.
Bizi dugun gizartea hobeto ezagutzeko ikuspuntua aldatu beharko genuke, horregatik dut gogoko bidaiatzea: toki berriak ezagutzeko, esperientzia berriak erretratatzeko eta gutaz hain ezberdinak diren pertsona horien artean murgiltzeko. Horretarako begiak zabal-zabalik izatea berebizikoa da.
Planetako bazter guztiak arakatzea benetan gustatuko litzaidake, posible balitz. Baina tira, zenbait tokitan egon eta gero atera dudan ondorioetako bat da Euskal Herria mundura gehiago ireki behar dela. Euskaldunok kultura anitzekoak garela entzuten dut sarritan kalean, “gainontzeko kulturei erabat irekiakâ€. Baina egia esateko, Pariseko metroko eztanda kulturala, Saharako basamortuan galduta dagoen Chingetti herrixkako jendearen hurkotasuna, Berlineko kaleetako artistak edota Mexikoko Valladolid herrixkako biztanleen tratua jaso eta gero, Euskal Herritarrok gainontzeko gizarteetatik oraindik asko eta asko ikasi behar dugula uste dut.
Etxetik gehiago irten, eta une batez bada ere, inguratzen gaituen munduari begira geratu beharko ginateke, bizi garen munduari zabalik.