Martín Fiz, atleta profesional ohia: “Kirola da

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 9a, 10:03
Oso gutxitan etortzen zaigu Munduko txapeldunaren bat. Horregatik da pozgarria Martin Fiz korrikalariaren bisita. Gasteiztarra Erandio Goikoan egon zen abuztuan, ezohiko erronka bat egiten, baserria eta herri kirola bultzatzeko. Zelan Erandion? Erandioko azoka, baserriko produktuak eta herri kirolak bultzatzera etorri nintzen. Jon Salvador atleta, Erandiokoa, antolatzaileen laguna da, baita nirea ere. Jonek deitu zidan parte hartzeko, eta ni gustura joan nintzen. Erronka bitxia izan zen: korrikalaria eta aizkolaria, beste korrikalari bat eta beste aizkolari baten kontra. Lehia sutsua eta polita izan zen eta primeran pasatu genuen. Ez da Txorierrira etortzen zaren lehenengo aldia, ezta? Ez. Jon Salvadorrek beste lasterketa bat antolatzen du Parke Teknologikoan eta lehenengo edizioan gonbidatu ninduen. Lasterketa polita da, herri kirola bultzatzen baitu. Aspaldian utzi zenion profesionala izateari, baina oraindik jarraitzen duzu kirolari lotuta... Bai. Goi-mailako lehiaketetan ez dut parte hartzen, baina korrika egiten jarraitzen dut eta hainbat lasterketatan hartzen dut parte normalean. Irailean, esate baterako, maratoi erdia egin dut Kantabrian; eta maratoia, Berlinen. Erabat lotuta nago kirolari: Runner´s World eta Sportlife aldizkarietan idazten dut, eta bizitza osasungarria aldarrikatzen dut. Goi-mailako kirolariak izan garenok gure eskarmentua zabaldu behar dugu lau haizeetara. Kirolak oso ondo tratatu nau, eta nire esperientziak hedatzen ditudanean, jaso dudanari erantzuten saiatzen naiz. Eta horretarako blogs.runners.es/ martinfiz blogean idazten duzu... Bai. Bertan aholkuak (ariketak, elikadura, ohiturak) eta nire entrenamenduaren berri ematen ditut, besteak beste. Nahiko hezitzailea izaten saiatzen naiz. Nork bere ezaugarrietara egokitu behar du entrenamendua. Orain arte jaso dudan erantzuna oso ona da, eta, antza, lagun askok irakurtzen dute. Ia 50 urte dauzkazu. Noiz arte jarraituko duzu maratoiak egiten? Niretzat kirola ez da moda, bizimodua baizik. Hankek jasaten duten bitartean, jarraituko dut korrika egiten. Agian, denboraren poderioz utzi beharko nioke lasterketetan parte hartzeari, baina ziur nago egunero-egunero aterako naizena Gasteizko parkeetara korrika egitera. Argi dago maratoia oso proba gogorra dela. Zertan datza gogortasuna? Atletak orekari eutsi behar dio prestakuntza fisikoa eta psikologiaren artean. Gainera, diziplina, sufritzeko gaitasuna edo ilusioa ere beharrezkoak dira. Maratoia bukatzeko gai bazara, edozein gauza egiteko gai zarela ziurtatzen dizut. Ibilaldi oparoa izan duzu kirolean. Zein da gogoetarik onena? Gogoeta asko eta onak dira, gazte-gazte hasi nintzelako. Gainera, zenbait lagun egin ditut, eta mundu osoan zehar ibili naiz. Baten bat aipatzearren, 1994an egindako Helsinkiko Europako Txapelketa esango dut. Txapelduna izan nintzen eta nire alboan Alberto Jurado eta Diego García egon ziren podiumean. Hurrengo urtean, 1995ean, Munduko txapelduna izan nintzen Goteborgen. Bi aldiz ibili zara Olinpiadetan, baina dominarik ez. Horrek etsipena ekarri dizu? Bai, betiko arantza da. 1996ko Atlantako lasterketan laugarren gelditu nintzen eta mila aldiz ikusi dut proba. Munduko txapelduna izan nintzen lasterketa, aldiz, ez dut ia inoiz ikusi. Apur bat masokista naiz (kar, kar). Ilusio ikaragarria nuen 1996an, eta domina lortzeko aukera argia nuen. Olinpiadak garrantzitsuenak dira edozein atletarentzat eta etsipena handia hartu nuen dominarik lortu ez nuenean. Dopina bor-bor dabil kirolean oro har, eta atletismoan bereziki. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Hedabideek behin eta berriro hitz egiten dute horren inguruan, baina, nire ustez, kirolean ez dago komunikabideek esaten duten beste dopin. Txirrindularitza zein atletismoa gero eta garbiagoak dira. Kirolari gazteek eta gurasoek ere aldarrikatzen dute kirol garbia. Palmaresa –Espainiako kros txapelduna (1990 eta 1992). –Maratoi Europako Txapelketan, urrezko domina (Helsinki, 1994). –Maratoi Munduko Txapelketan, urrezko domina (Goteborg, 1995) eta zilarrezko domina (Atenas, 1997). –Joko Olinpikoetan laugarren (Atlanta, 1996) eta seigarren postua (Atenas, 2000).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).