Iraide Rabadan, hezitzailea eta artista: “Artea

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 9a, 10:10
Betidanik gustatu zaio dantza egitea, baina hasiera batean “ohiko” ibilbidea hartu zuen Iraide Rabadanek. Haur Hezkuntza ikasi zuen, Hegoamerikan egon zen, eta orduan hartu zuen erabakia: Granadara joan zen zirkua ikastera. Momentua bizi du 24 urteko derioztarrak. Gaur Andaluzian dago; bihar, auskalo! Zergatik Granada? Hegoamerikan egon nintzenean, konturatu nintzen zirkua ikasi nahi nuela. Horren moduko hiru eskola daude Espainian: Bartzelonan, Madrilen eta Granadan. Hiruretan egin nituen probak eta Madrilen eta Granadan hartu ninduten. Azkenean, Granada aukeratu nuen betidanik gustatu zaidalako. 2006an joan nintzen lehenengo aldiz: uztailean jaialdia egiten dute Viznar herrian, eta arte eta adierazpen-tailer pilo bat egiten dira bertan. Izugarri gustatu zitzaidan. Granada hiri magikoa da, benetan erakartzen duena. Zer egiten duzu han? Antzerki taldeak eskola sortu zuen duela urte bi, eta proiektua apurka-apurka dabil hazten. Lehenengo urtean sei hilabeteko ikastaroa antolatu zuten, eta iaz hura luzatu eta ikasturte osokoa eman zuten. Datorren ikasturtean bukatu egingo da, baina ikastaroa luzatzea nahiko genuke, ikasten jarraitu nahi dugu-eta. Guztira 20 ikasle gaude, hainbat lekutatik etorritakoak: Kolonbia, Frantzia, Italia, Toledo, Murtzia.... Gure arteko giroa itzela da: denbora orotan elkarrekin gaude, konfiantza izan behar diogu elkarri ariketak egiteko.... Zelangoa da zure bizimodua Granadan? Eskolan 9:00etatik 14:00etara bitartean egoten naiz eta derrigorrezko ikasgaiak ikasten ditugu: klown, dantza, akrobazia, antzerkia... Arratsaldeetan tailerrak ematen dira, aukerako ikasgaiak edo. Tarte libreak ditugunean, gure kabuz entrenatzen dugu edo antzezlanak prestatzen ditugu... Granadan merkea da bizitza eta orain arte ez dut lan egin beharrik izan, aurreztutako dirutik bizi izan naizelako, baina aurten bukatu egin zait dirua, eta ez dakit zer egingo dudan. Kubatarrek esaten duten moduan, zerbait asmatu egin beharko dut (kar, kar). Zenbait gauza zabiltza ikasten Granadan. Zein nahiago duzu? Nire ustez, antzerkia da garrantzitsuena. Malabarista ona izan zaitezke, baina mezurik helarazten ez baduzu, horrek ez dauka zentzurik. Dantza ere betidanik gustatu zait. Akrobaziei dagokienez, oihaletan zintzilikaturik egiten dena dut atsegin. Trapezioa, esate baterako, oso zaila da. Ikasgai guztiek harremana dute elkarrekin eta guztiak dira baliogarriak. Jarraitzen duzu taekwondoa egiten? Ez, duela hiru urte utzi nuen. Bizitza osoa eman dut taekwondoa egiten, eta gerriko beltza eta hirugarren dana lortu nituen. Lehiakortasun itzela eta politika gehiegi zeuden, eta konturatu nintzen besteentzat egiten nuela. Izugarri ikasi dut taekwondoari esker: errespetua, esate baterako. Baina lehian sartzea gogorra zen: entrenamendu asko egin behar nituen, eta malko asko bota nituen. Denbora gehiegi eskatzen zidan eta beste gauza asko egin nahi nituen. Orain ikasturte berri bati egingo diozu aurre Granadan. Eta gero, zer? Uf, ez dakit. Pausoz pauso ibiliko naiz; bestela, zoratuko naiz. Ikasten jarraitu nahi dut. Udaberrirako ikuskizuna antolatu behar dugu eskolan, karrera-amaierako proiektua izango balitz moduan. Eta ikuskizuna leku batetik bestera eramateko asmoa dugu. Ez dakit zer egingo dudan datorren urtean: Madrilera edo Frantziara joan ninteke... Malagan hartzen dudan arte-terapia ikastaroa ere datorren urtean bukatuko dut.... Ez dakit. Duintasunez bizi ahal da zirkutik? Ez. Edo oso zaila da funtzionarioak bezala bizi izatea, baina hori ere ez da nik nahi dudana. Norberak aukeratu behar du zer egin behar duen. Badakit dirua behar dudala bizi izateko, baina nik epe motzean antolatzen dut nire bizitza. Ikuskizuna gustatzen zait horrek betetzen nauelako. Eta publikoak primeran pasatzen duelako. Gurutzetako ospitalean pailazo boluntario ibili naiz eta ikaragarrizko esperientzia izan da. Oilo-ipurdia jartzen zait guzti hori gogora ekartzean. Horrelakoak ez du preziorik. Gizarteak artea eta antzerkia behar ditu. Kanpoan bizi zara. Zer da gehien botatzen duzun faltan? Barrikako hondartza eta tortilla pintxoak (kar, kar). Eta hemengo giroa, oro har. Euskal Herria, Euskal Herria da. Gurasoek zer diote? Badakit kezkatuta ibili direla, batez ere hasieran, ez zekitelako zer egingo nuen. Baina apurka-apurka hobeto ulertzen didate, eta izugarrizko babesa ematen didate. Udan etxean egon zara, ezta? Bai, ikastaroak eman ditut Galdakaoko musika eskolan eta Derioko gimnasioan. “Udapasa artistikoak” sortu nahi ditut, baina proiektua udalei aurkeztu behar diet. Ideia pilo bat ditut, eta prestatzen ditudanean aurkeztu egingo ditut. Eskola librea Zirkua ikasi baino lehen, Iraidek “ohiko” ikasketak egin zituen. “Hasieran, Arte Ederrak ikasi nahi nituen, baina lanari dagokionez, etorkizun gutxi dutenez, azkenean Haur Hezkuntza ikastea erabaki nuen”. Geroago, eskola publikoetan ibili zen lanean, baina horrek ez zuen asebetetzen. “Eskola publikoa enpresa bezalakoa da: gurasoek bertan uzten dituzte umeak, eta txikienek ez dute askatasunik han. Eskolak epaitzen ditu umeak, onen eta txarren artean bereizten ditu... Ez dago irudimena eta sormena lantzeko lekurik”. Beste gauza bat nahi zuen Iraidek, hain egituratuta ez dagoen zerbait. “Karrera bukatzen nenbilenean, Waldorf pedagogiaren eta hezkuntza sortzailearen berri izan nuen. Gero, eskola libreari buruz hasi nintzen irakurtzen, eta horrek interesa piztu zidan. Orduan, Ekuadorren eskola libre bat jarri zutela entzun nuen, eta hara joan nintzen”. Bost hilabete pasa zituen bertan. “Jendeak dio eskola librea utopia dela, baina Alemaniako bikote batek lortu egin du. Behin bere hitzaldia entzun nuen Nafarroan, eta itzelezko sorpresa hartu nuen. Gainera, nire pentsamendua indartu zen”. Gazte derioztarraren ametsa Euskal Herriko mendiren batean komunitatea sortzea da. “Biztanlerik gabeko herrian sartu, txukundu, eta bertan bizi izango ginateke. Gainera, eskola librea, ortuak eta artea lantzeko lekua egongo lirateke. Arteterapia nagusia izango litzateke”. Hark artea (pintura, antzerkia, klown...) hartzen du abiapuntutzat, nork bere burua ezagutzeko. “Arteterapiaren arabera, zeuk sortzen duzu zeure bizitza, eta zure inguruan dagoena zeuk erakartzen duzu. Bizitza nahiko egituratuta dugu: eskola, lana, ezkontzea, seme-alabak... eta horrek ez digu benetan bizi izaten uzten”. Bere ideiak nahiko berritzaileak direla jakin badaki Iraidek, eta batzuetan “hippietzat” hartzen dute. Hala ere, hainbat ikastaro egin ditu eta bertan bere moduko lagun asko ezagutzeko aukera izan du. Bestalde, “orain pozik bizi naiz, eta berdin dit jendeak zer esaten duen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).