Inhar Galarza, arotza: “Senideentzat-eta lantzen dodazan beharren kopia egiteko ohiturea dot”

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 22a, 09:51

Talentu handiko mutila da Inhar Galarza larrabetzuarra. Eta horrek isla dau egiten dituan egurrezko tailuetan. Gubia eta mailua eskuan zituala harrapau dogu gaztea etxeko tailertxuan. Zelan deskubritu zenduan egurrezko mundu hau? Hamazazpi urte nituala hasi nintzan, orain dala 11 urte. Lehengusina ikastaro baten egoan Sondikan eta beragaz joatera animau ninduan. Zaletasunak ogibidea aukeratzera bultzatu ninduan eta arotzeriaren gaineko erdi mailako ziklo bat ikastea erabagi neban. Zerikusia daben hobbya eta ogibidea dozuz, beraz. Zeozelango zerikusia badabe, baina nire beharra funtsean bestelakoa da, altzariak egin eta muntatzen dodazalako. Etorkizunean, egurrezko beharrak eta tailuak egitetik bizi izatea gustauko litxakit; halanda be, gatxa ikusten dot, jenteak, batez be gazteek, ez dabelako dirurik halango gauzetan gastaten. Altzariak-eta merke erosi leitekez gaur egun, eta nireak bezalako beharrek dirutza balio dabe, ordu asko eta behar handia eskatzen dituelako. Jenteak apetak emon deutsalako erosten dau. Zelango beharrak dira zureak? Egurrez egin leitekezan gauza gehienak lantzen dodaz: kutxatzarrak, kaxak, erlojuak, esekitokiak, botilategiak... Diseinuari jagokonez, elementu modernoak be sartzen ditudan arren, antxinako marrazkiak eta motiboak erabiltea gustaten jat. Batzuk enkarguzko beharrak dira, eta beste batzuk azoketara eroateko egiten dodaz. Nondik mugiten zara? Batez be Bizkaitik. Leioako azokara joaten naz, Kortezubikora... eta, jakina, Larrabetzukora. Apur bat neketsua da, azoketan parte hartu ahal izateko dei asko egin behar dalako. Baina gero, giro ona dago han eta ondo pasaten da. Baserri inguruan bizi diran herrietan, herri txikietan, salmenta eta enkargu gehiago izaten dira, normalean tailua gehiago baloraten dabelako, edo beharrizan zehatzen bat dabelako: kaxa bat, sehaska... Egin dituzun beharren artean, zeinegaz lotuko zinateke? Lantzen nabilen sehaskagaz, niretzat dalako eta apetak emon deustalako egin dodalako. Baina, errazoi bategaitik edo bestegaitik, bereziak diran beharrak beti dagoz: aitarentzat egin neban nire lehenengo kaxa handia, amomarentzako esekitokia... Gainera, senideentzat edo lagunentzat egiten dodazan beharren kopia egiteko ohiturea hartu dot. Eta egin dozun beharrik konplexuena? Logela bat: mahaia, ohea eta ohe azpiko tiradoreak. Beharra emon eutsan mahaia egiteak, haren diseinua logelan egoan leihoaren ezaugarrietara moldatu behar izan nebalako. Baina oso polito lotu dala uste dot. Ni pozik nago eta bezeroa be bai. Inoz egitea gustauko litzakizuna? Interneten ikusi dot lagun bat etxe osoa berak egin dauana. Nik neuk be hori egin ahal izatea izugarria izango litzateke: logelak, armairu guztiak, leihoak, teilatua... Ea etorkizunean! Enkargu asko dituzula badakigu; zenbat denpora emon zeinke behar bat egiten? Alearen tamainu eta konplexutasunaren arabera. Enkargua egiten deutsuenean, diseinua pentsau behar dozu lehenengo-lehenengo, tailuaren motiboak zehaztu, altzariaren piezak atara, motibook zurean marraztu eta tailuari ekin... Sehaska egiteko, esate baterako, 40 ordu inguru emon dodaz, astebeteko beharra izan da. Baina astia daukadanean egiten dodan gauzea danez, arin pasaten da. Zein egur mueta erabilten dozu? Batez be gaztainondoa, eta haretxa be bai. Nire ustez, onenak dira lantzeko orduan, egur politak eta bigunak diralako. Arotza zara beharrean, eta denpora librean be bai; gogorra? Apur bat bai, egurragaz egun osoa emoten dozulako, eta batzuetan apur bat neketsu bihurtzen da. Baina gustukoa dodan gauzea danez, ez dago kexatzerik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).