Elikadurea eta eskolea

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 22a, 10:20
Argazkiak: Idoia Andrés
Ikasturtea hasi baino ez dau egin, eta Larrabetzuko eskolako guraso alkarteak gogotsu ekin deutso hari. Izan be, irailaren 16an eta 17an elikadura eta eskolearen gaineko jardunaldiak antolatu zituen, EHNE Bizkaia sindikatuagaz eta Euskal Herriak bere eskola ekimenagaz batera. Besteak beste, honeek izan ziren hizpide bertan: eskola jantokiak, tokiko produktuak, ekonomia lokala eta elikadura-burujaubetzea. Jardunaldietan Bizkaiko hainbat txokotatik etorritako lagunek hartu eben parte; gurasoak, baserritarrak, irakasleak, kontsumitzaileak eta gizarte-taldeak, tartean. Horreek guztiek kezka eta helburu komunak dabez aspalditik: agroekologia, autogestioa eta partaidetza, banaka batzuk aitatzearren. “Gizarte globalizau honetan dagozanak baino naturalagoak eta hurbilagoak diran beste baliabide batzuk lantzea, azken batean. Eta guztion esperientziak alkartrukatuz, formazinoa eta informazinoa zabaldu eta bakotxaren ezaupideak aberastea”. Ekimenei Udalak eta guraso alkarteak emon eutseen hasierea bariku arrastian. Ondoren, Via campesina erakundeak elikadura-burujaubetzaren inguruan argitaratutako dokumentala proiektau zan. Arantza Arrien EHNE Bizkaia sindikatuko ordezkaria da. Baserritarrak nekazaritza iraunkorra eta jantokietako esperientziak euki zituan hizpide, eta, bere esperientzia pertsonala abiapuntutzat hartuta, beste gai batzuk be jorratu zituan: baserritarren egoerea, nekazaritzaren funtzinoa eta ekonomia lokala, esate baterako. Horrezaz gainera, umeei zuzendutako ipuin kontalaria be egon zan, txikiei nekazaritza munduaren egoerea hurbildu eutsena. Zapatu goizean txangoa egin zan herritik, bertako baserrien eta baserritarren beharra eta egoerea ezagutzeko. Eskolako jantokia topagune bilakatu zan, eta han hainbat proiektu eta esperientziaren barri emon zituen parte-hartzaileek. Ali Etxartek, Larrabetzuko eskolako guraso alkartearen izenean, eskolako jantokiaren eredua azaldu eban eta urte honeetan aurre egin behar izan deutseen oztopoak be mahaiganeratu zituan. Interes handia sortu eban bere berbaldiak, eta atera ziran ondorioen artean hau azpimarratu daikegu: instituzinoek autogestioa zigortzen dabe. Halan aitatu zan jantoki autogestionatuek ez dabela inongo laguntzarik, nahiz eta beste eskoletan askoz diru gehiago gastaten dan. Alimentaccion Larrabetzuko eskolako jantokiko menuaren aholkularia izateaz ganera, Sabrina Pato Biolur alkartearen kidea be bada. Biolur Donostiako udalagaz batera bultzatutako ekimena da, eta elikagai ekologikoak prestaten dabez ikastetxeentzat. Sabrinak elikadura egokiaren eta sasoiko produktuen garrantzia azpimarratu eban. Bestetik, Biharko Lurraren Elkartea bio eta tokiko ekoizpenaren aldeko ekimena da, eta proiektua sakonago ezagutu genduan jardunaldietan. Urduñan martxan jarritako ekimenak be eroan ziran Larrabetzura. Batetik, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak sustatzeko ekoizpen-gunea sortu da; eta bestetik, egitasmo bat garatu dabe, eskolea eta jantokiak bertako produktuakaz kudeatzeko. Horren haritik, Mikel Kormenzana baserritarra itxaropentsu azaldu zan bere inguruko nekazaritzaren aurrerapentxuakaz, gauzak erraz egitea askotan beharrik gatxena dala dakian arren. Azkenik, Mugarik Gabeko Albaitariak alkartearen kideak Euskal Herrian, formazino eta informazino arloetan, egiten dabilzan beharra azaldu eban eta eskola-alkarteetan biztutako Alimentaccion ekimenaren barri emon euskun. Jardunaldietan parte hartu dabenek sare bat osatu dabe. Sareak jantokietako kudeaketa arduratsua bultzatu eta babestea dau helburu. Horrezaz gainera, beharra egingo dabe tokiko ekonomiaren eta kalidadearen alde. Hilebete biren barruan berriro alkartuko dira, bakotxak bere esparruan egindako beharra eta topautako oztopoak eta kezkak alkartruketeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).