Hilabete baino gehiago da hedabideak kanpaina egiten hasi zirela emakumeek pairatzen duten indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren kontura. Aurreratu dira. Dakigunez, Estatuko hauteskundeak laster izango dira eta batzuen ustez edozerk balio du botoak eskuratzeko, egiantz eskaseko publizitate-iragarkien bitartez bada ere. Horren haritik, “herritarrak sentiberatzeko kanpainek†konponbide sinesgarria eskaini beharko liokete kanpainon iturburu den indarkeriaren arazoari eta, nire iritziz, aldian-aldian zabaldu beharko lirateke hedabideetan arazoak indarrean badirau. Guztiaz ere, emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak salatzeko eguna azaroaren 25a aukeratu zuten, baina emakume bakar batek ere tratu txarrik nozituz gero, egunero izan beharko litzateke azaroaren 25a. Argi dago, agintariek horren argi ikusten ez duten arren edo ikusi nahi ez duten arren. Besaulki erosoetan patxadaz jesarrita daudela, ez dute zetazko benda begietatik kendu nahi. Legeak ematen dituzte epaiketen praxia hobetzeko, ministerio eta sail berezi edo berariazkoak sortzen dituzte gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak neurtzeko, eta behatokiak asmatzen dituzte etxeko indarkeriazko egintzak zelatatzeko helburuarekin. Eta behatoki horiek emandako datuak baliatzen dituzte emakumeak babesteko agindu, urruntze-neurri eta tratu txarren eragileak askatasunaz gabetzeko epaien eraginkortasuna jendaurrean zuritzeko. Anabasa horren erdian, ordea, gizonezkoek andrakumeak hiltzen segitzen dute, indarkeria izugarri areagotu da 15 eta 20 urte bitarteko neska-mutilen artean eta hainbestetan aipatutako krisiak bihotz barik jokatzen du andrazkoen aurka.
Bada sasoia guk guztiok emakumeen erailketen erantzukizuna geure gain hartzeko. Legeak eta epaiketak ez dira inoiz guztiz eragingarriak izango gizartea errotik aldatzen ez bada. Zor zaigun duintasuna aldarrikatu behar dugu emakumeok eta gizonezkoek dauzkaten eskubide berberak erdiesteko senperrenak egin behar ditugu, indarrak batu eta etxetik bertatik hasi behar dugu, eskolatik, kaletik, aisialdiko guneetatik, kiroletik, kulturatik… eta sexu bereizkeria itzaltzeko tokiak sortu behar ditugu. Eredu izan gaitezen eta gizon asko edukiko ditugu alboan. Ez izan dudarik.