Txirri, Mirri eta Txiribiton junior, pailazoak: â€

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 09:24
t: Gaizka Eguskiza
Zelakoa da Sondikan ikusi dugun Barre egin ikuskizuna? Izenak esaten duen bezala, barre egiteko emanaldia da. Guztira zazpi sketchek eta zazpi abestik osatzen dute ikuskizuna. Sketchetan bihurrikeriak egiten dizkiote elkarri pailazoek; eta kantei dagokienez, denetarik dago, famatuenak (Txirri, Mirri eta Txiribiton, Altza Pelipe, Zapi zuria...), baita hain ezagunak ez direnak ere. Gure ohiko ikuskizun bat da Barre egin. Ez da Txorierrira etortzen zareten lehenengo aldia... Ez. Baina aspaldian egon ginen, eta gogo handiz etorri gara. Zortzi urteko ibilbidea du taldeak. Nolako bilakaera izan duzue hasi zinetenetik gaur egun arte? Lehenengo bira egin genuenean, zaila izan zen, nork bere pertsonaia landu behar zuelako; gaur egun, ordea, bakoitzak primeran ezagutzen du bere pertsonaia. Gainera, konplizitate handia dugu gure artean. Zuen ikuskizunetan dantzak, mozorroak eta sketchak daude. Baina parte-hartzea ere oso garrantzitsua da, ezta? Ikuskizuna prestatu genuenean, publikoa hartu genuen oinarritzat, hau da, umeak eta gure arteko harremana elkartzea genuen helburu, publikoa guregandik gertu sentitzea, azken batean. Sketchak egiten ditugunean aktoreok elkarrekin jolasten dugu eta joko horretan publikoak ere parte hartzea nahi dugu. Momentu horiek dira umeek gehien gozatzen dituztenak. Batez ere haurrek osatzen dute zuen publikoa. Nahiago izango zenituzkete helduak? Ezberdintasunik badago euren artean? Martxoan 40 urte beteko dira Txirri, Mirri eta Txiribiton elkarrekin daudela. Ibilbide luze honetan orain gurasoak direnak haurrak ere izan dira, eta aitona-amonak direnak, gurasoak. Beraz, ez dago ezberdintasun handirik haien artean. Euskal Herrian edonork ezagutzen ditu Txirri, Mirri eta Txiribiton, eta bai umeek, bai gurasoek, bai aitona-amonek oso ondo pasatu dute inoiz eurekin. Txirri, Mirri eta Txiribitonen “seme-alabak” izatea onuragarria edo kaltegarria da? Juniorrok hasi ginenean, jendea harrituta zebilen ohiko Txirri, Mirri eta Txiribiton espero zituelako. Hala ere, gaur egun nahiko famatuak gara, Triki traka trikitron telebista saioan edo Euskadi Irratiko Tortolikan saioan parte hartu dugulako. Jendeak bereizten gaitu, eta jakin badaki gure ikuskizunetan ere primeran pasatuko duela. Eta ez duzue inoiz izena aldatzea pentsatu? Ez. Txirri, Mirri eta Txiribiton dira oinarria, eta nahiz eta aktoreak ezberdinak izan, pertsonaiak berdinak dira. Beraz, izena aldatzeak ez luke zentzu handirik izango. Eta euskaraz jarraituko duzue lan egiten... Bai, Txirrik, Mirrik eta Txiribitonek 40 urtean egin duten moduan. Orain errazagoa da ume euskaldun gehiago daudelako. Lekuaren arabera, egia da ezberdintasunak ikusten dituzula gaitasunari dagokionez, baina oro har, jendeak ulertzen du. Dena dela, salbuespena egin genuen urriaren hasieran; Madriletik ibili ginen eta Euskal Etxeak gonbitatu gintuen Euskadiko Eguna ospatzen. Bertako jende asko euskalduna ez denez, zerbait egin genuen gaztelaniaz. Pailazoak beti egon dira, baina Euskal Herriko umeek beste erreferente euskaldun bat ere badute: Pirritx eta Porrotx. Lehiakideak izatea ona ala txarra da? Ez dugu inolako lehiarik ikusten gure artean. Are gehiago, eskaintza zabala dago hainbat ikuskizun ikusteko, eta hori pozgarria da. Gure ustez, aberasgarria da Euskal Herria bezain txikia den eremu batean hainbeste pailazo euskaldun egotea. Izan ere, Pirritx eta Porrotx eta bostok ere ez gara bakarrak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).