Altzora Sondikako Euskera Alkartea “Sobran dauk

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 10:12
Ilusinoa adierazoten dauen alkartea da Altzora, eta kideen begietan eta irribarrean ikusi leiteke hori. Herrian euskerearen erabilerea bultzatzea dau helburu, baita bideak zabaltzea be, sondikoztarrak euskeraz bizi ahal izan daitezan. Itsasne Zubiri alkarteko presidentea da, eta Alfon Atela, alkarteko kidea. Biokaz egon gara barriketan. Sondikan euskera alkarte bat egotea aspaldiko beharrizan bat da batzuen eretxiz. Zelan animau zarie azkenean bera osotzen? Gabonetan, lagun batzuk batu ginan, euskeraz bizitzeko asmoa eta gogoa genduzalakoa. Herrian euskerea eta euskal kulturea sustatzeko, zer edo zer egin behar zala pentsau genduan. Eta horretarako, tresna egokiren bat behar genduala. Txorierriko beste herrietan bagenduzan ereduak: euskera alkarteak. Eredu horreei jarraituz, Sondikan be euskera alkarte bat sortu behar zala erabagi genduan. Halan jaio zan Altzora. Pentsaten dogu beste euskera alkarteen laguntasuna ezinbestekoa izan dala alkartearen sortze-prozesuan. Bai, izan be, hareek be ezinbestekotzat jo dabe Sondikan euskera alkartea sortzea. Egia esateko, Totoan Txorierriko Euskera Alkarteen Federazinoa hasieratik-hasieratik euki dogu geure atzetik, akuluagaz, Altzora sortzera animaten eta laguntasuna eskaintzen. Zein da euskerearen egoerea Sondikan? Badagoz euskaldun asko, baina arazoa da ez daukiela ohiturarik euren artean euskeraz egiteko. Eguneroko bizimoduan ikusten da argi: zalantzarik badago dendariak edo tabernariak euskeraz jakingo ete dauen, erderaz botaten da lehenengo berbea. Bestetik, herrian antolatzen diran ekitaldi asko —umeei zuzendutakoen % 100, ziur asko— euskeraz izan arren, erderea entzuten da hareen inguruan. Ekitaldiok euskerea gauza erakargarriakaz lotzeko balio behar dabela pentsaten dogu, gure hizkuntza kalera aterateko. Eta, halan, beste helburu nagusiago bat lortu: euskeraz bizitzea. Zergaitik Altzora? Euskereak babesa behar dauelako, eta, beste hainbat gauza legez, hizkuntzea be altzotik ikasten dalako. Zelango harrerea euki dau herritarren artean? Altzora jente-aurrean orain dala gitxi aurkeztu bada be, hilebeteak daroaguz ekitaldiak antolatzen eta herria girotzen. Herritarrek ahorik aho euki dabe gure barri, eta asko dira gugana hurbildu diranak. Gaur egun 75 bazkide gagoz alkartean. Gainera, aitatu beharra dago gure ekitaldietan parte hartu daben batzuek ez ekiela euskeraz; are gehiago, alkartean euskeraz ez dakien edo hizkuntza ondo menperatzen ez daben lagunak be badagoz. Baina hareek euskerea maite dabe, eta horregaitik egin dabe bat gugaz. Poztekoa da benetan. Hirurogeta bost lagun, kopuru ona da hasteko; halanda be, askoz gehiago izateko gogoagaz ibiliko zarie. Ez izan zalantzarik. Laster ekingo deutsagu bazkideak hartzeko kanpaineari. Gurea herritar guztiei zabalduta dagoan alkarte bat da eta, bertan parte hartzeko, ez da beharrezkoa baldintza berezirik betetea. Gauza bakarra eskatzen dogu, euskerea maitatzea, besterik ez. Besoak zabalik hartuko doguz Altzorako kide izan gura daben guztiak. Kanpainea AIKOR! aldizkariko lerro honeetatik hasiko dogu: euskeraz bizi gura dauenak 635 75 35 95 telefono zenbakira jo leike. Haren zain egongo gara! Alkarte gaztea, baina herrian igarten hasi dana. Pegatina lehiaketa antolatu dogu, eta txirrindulariakaz dabilen medikua etorri jakun berbaldia emoten. Udako Argazkiak txapelketea be egin dogu, frontenis txapelketea, kantu-poteoa Taberna Ibiltariagaz batera, sendabelar ikastaroa eta barbakoa Tximintx eta Berbalagun alkarteakaz... Ez dira oso ekimen ikusgarriak izan, baliabide gitxi euki doguz eta. Baina jentea animau egin da, eta ekimen batzuetan beste batzuetan baino eragin handiagoa izan dogu... Oso pozik gagoz. Eragin handiagoa, hemendik aurrera? Halan espero dogu. Jatetxeek-eta sasoiko platerak eta produktuak eskaintzen dituen legez, guk be sasoiko ekimenak prestau behar doguzala pentsaten dogu. Esate baterako, datorren urtean 500 urte beteko dira Gaztelak Nafarroa inbaditu ebala, eta horren inguruan zerbait antolatzeko asmoa dogu. Beste alde batetik, aurrera jarraitu gura dogu orain arte egin diran ekimenakaz, eta, denporea igaro ahala, ekimenok sendoagoak eta arrakastatsuagoak izatea. Ideia pilo bat be badoguz; ekimen barriak, apurka-apurka martxan ipinten joango garenak. Ideak nahiko finkatuta dozuez, beraz. Geure ekarpena egingo dogu Sondika euskalduntzen laguntzeko, eta hori poztasunez egingo dogu. Euskereak ilusinoa behar dau, eta guk sobran daukaguz ilusinoa eta gogoa. Ilusino barik ez goaz inora, eta gu ilusino-saltzaileak izan behar dogu. Ilusinoz ganezka bagagoz, jenteak bat egingo dau gugaz, eta talde ederra osatzea lortuko dogu. Are gehiago, euskerea ilusinoagaz eta ekimen erakargarriakaz lotzen badogu, etorkizun handiko alkartea izango da Altzora. Herriko taldeakaz behar egiteko asmorik? Jakina! Ekimenen arabera joko dogu talde batera edo beste batera, eta guztiak hartuko doguz kontuan. Oso garrantzitsua da herriko alkarteok batuta egotea eta alkarregaz behar egitea, holan herritarren artean kohesino handiagoa lortzen dalako, eta alkarteon beharra erakargarriago bihurtzen dalako. Txorierriko beste euskera alkarteakaz? Derrigorrean. Helburu komunak doguzalako —Baserri Antzokia, besteak beste—, eta, hareek aurrera aterateko, ezinbestekoa dalako indarrak batzea. Konpartitzea polita da, eta erronkei errazago egiten jake aurre, beharra alkarregaz eginez. Eta Altzora beste lotura bat be izango da txorierritarron artean. Alkarregaz jarduten badogu, lortuko dogu eskualdeko euskaldun guztiak batzea, eta zabaldu egingo dogu Txorierriko euskaldunen sarea. Aukera gehiago eukiko doguz euskeraz egiteko eta alkar ezagutzeko. “Oso babestuta sentidu gara” Badaukagu beste tresna bat euskerearen normalizazinorantz pauso sendoak egiteko: Altzora Sondikako Euskera Alkartea. Irailaren 24an aurkeztu eben jente-aurrean. Herriko Kultur Etxean batu ziran Txorierri osotik etorritako lagunak, euskaltzaleak, euskera alkarteeen ordezkariak eta, zelan ez, alkarte sortu barriko kideak. Ekitaldia Patxi Ugalde kazetari eta aktore ohiak aurkeztu eban, eta berak emon eutsen berbea betan parte hartutako guztiei: Alfon Atela Altzora alkartearen ordezkaria, Belen Gana Txepetxa AEK euskaltegiaren arduraduna, eta Xabier Goienetxe Totoan Txorierriko Euskera Alkarteen Federazinoaren presidentea. Hizlariok ezinbestekotzat eta garrantzitsutzat jo eben alkartea sortzea, Sondikan euskeraren erabilerea eta normalizazinoa sustatzeko. Horrezaz ganera, Atelak eskertu zituan Txorierriko beste euskera alkarteek eta erakundeek emondako laguntasuna eta babesa. Euskereak eta euskal kultureak euren lekua euki eben aurkezpenean. Halan, saio bat eskini eben Gorantzaileak dantza taldeak, Ipar-elaiak txistu taldeak eta Pentagrama soinu alkarteak, eta, beste alde batetik, Eñaut Intxaurraga bertsolariak bertsotan egin eban. Udako Argazkiak lehiaketearen irabazleari emon eutsien saria, eta Kherau taldeak musikea jo eban. Ekitaldiaren ostean, kopaua eskini eutseen Kultur Etxera batutakoei. Itsasnek eta Alfonek aitatu deuskuen legez, alkarteko kide guztiak pozarren dagoz Altzorak euki dauen harrera zabalagaz. “Poztasun handia emon euskun aurkezpenean hainbeste lagun batzeak: hainbat alderdi politikotako personak, herriko ordezkariak eta beste taldeetako kideak, Txorierriko euskera alkarteetako jentea... Oso babestuta sentidu ginan egun hatan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).