Eskuak buztinez lohituta

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 10:14
Zeramikarako zaletasun handia duten lagunak batzen ditu Eltzegintza Derioko elkarteak. Iñaki Villares elkarte horretako kidea da, eta elkartearen nondik norakoak aztertu ditugu berarekin. Bada hogei urte baino gehiago elkartea sortu zela. Garai hartan ez zegoen eskaintza handirik udal tailerrei dagokienez, eta lagun asko zebiltzan zeramika ikastaroan. Euren zaletasunari jarraipena emateko modua elkartean ikusi zuten. Urte hauetan jendetza handia pasatu da taldetik, baina hasiera batean 25 bazkide sortzaile izan baziren ere, gaur egun sei lagunek baino ez dute osatzen elkartea. Izan ere, urteak igaro ahala dibertsifikatzen joan da aurreko lerroetan aipatutako eskaintza, eta, beharbada, herritarrek nahiago izan dituzte beste diziplina batzuk aukeratu. Dena dela, elkarteko kideak gustura daude buztin artean, euren alde artistikoa askatzen, ikasten eta saiakuntzak egiten, eta eskuekin forma askoko sorkuntzak moldatzen. Iñaki, esaterako, elkarteko kide izateaz gainera, Udalaren zeramika tailerreko irakaslea ere bada. Tailerrean baditu hamalau ikasle, eta, lana gainezka duenean, gainerako taldekideek lagundu egiten diote, haiek ere harremana estua dutelako tailerrarekin. Elkartekideak martitzen eta eguenetan batzen dira, eta hilabetean behin hausnartzen dute nolako lanak egin dituzten ordu arte, eta zein arlo jorratuko dituzten hurrengo hilabeteetan. Hogeita sei urtetik hirurogeita hamabost urte bitartekoak dira; batzuek Arte Ederrak ikasi dituzte, eta beste batzuek hainbat urteren ostean jarraitzen dute buztinarekin gozatzen. “Hau oso mundu konplexua da, eta guk oso zati txikia baino ez dugu lantzen. Esperimentatzen eta prozesuak aztertzen joaten gara: zein den emaitza, zein den konbinaziorik onena... Liburuetan eta Interneten egiten ditugu kontsultak, eta profesionalen ikastaroetan ere hartzen dugu parte”. Izan ere, badira buztin eta teknika mota asko, eta elkartekide bakoitzak proposatzen du zein jorratu. “Teknikaz luze pentsatzen dugu, prozesua gutxi gorabehera kontrolpean dugun arte. Zaila da, ez delako “bi gehi bi”; nahiko arbitrarioa da”. Zeramika sorta osoa lantzen dute: eltzegintzako ohiko buztina, buztin zuria, beltza..., gresak, esmalteak, engobeak, askotariko egosketa-teknikak, ikazteak... “Alderdi asko eduki behar dira kontuan pieza egiteko orduan: tenperatura, buztina eta esmalteak zelan jokatzen diren... Ebaluazioak egin behar dira une bakoitzean ateratzen den emaitzari buruz”. Bizkotxatzea Iñakik azaldu digu zein pieza eder bat egiteko prozesua. Pieza moldatu, eta sikatzen utzi behar da. Labean sartu, eta egosi egiten da lehenik. Gozogintza izan ez arren, “bizkotxatzea” esaten zaio horri. “Ondoren, ura bota ahal zaio, margotu... Esmaltea eman, eta labean sartu behar da berriro, hura urtu dadin”. Pieza labetik ateratzen denean ezagutuko da nolakoa den emaitza. “Buztina 950-980 gradutan egosten dugu labean. Gori-gorian jartzen da eta esmaltearekin urtu egiten da, berniza izango balitz bezala. Piezari ematen zaion esmaltea zuria edo grisa da hasiera batean, eta egosi ostean ikusiko dugu nolako kolorea duen. Hori dela eta, inportantea da aztertzea zein esmalte mota moldatzen diren ondo elkarrekin, zeintzuek aldaratzen duten elkar...”. Haren iritziz, ez da zaletasun garestia. Buztina obretan-eta hartzen dute batzuetan, baina normalean dendetan erosten dute, nahiko merkea baita. Esmalteak ere erosi ahal dira dendetan, baina norberak egiteko aukera ere badago. “Ia taula periodikoko elementu guztiak erabili ahal dira. Saiatzen joan behar izaten da, elementu bakoitzak formula barruan zein funtzio duen jakiteko, zeintzuek ematen duten opakutasun handiena, zeintzuk diren aproposak tindatzeko...”. Gainerako erremintak ere oso arruntak dira: eztenak, egur- eta belaki-zatiak, artaziak, aiztoak, pita, konpasak, irabiagailuak... “Garestiak tornua eta labe elektrikoa dira; nolanahi ere, gas labea ekonomikoagoa da, eta erraza da hura egiten. Guk gas labea erabiltzen dugu batzuetan, aproposagoa delako emaitza zehatz batzuk lortzeko”. Oso zaletasun zaila ez dela esan digu. “Buztina oratu ez ezik, ezagutu ere egin behar da. Jakin behar da zein den egiturarik egokiena, helburuaren arabera lanari ekiteko. Buztina ondo badago eta zu ere bai, orduan lortuko da akordioren batera heltzea eta gauzatxoak egiten hastea”. Eta lasaigarria ere bada. “Baina sutan jarri ahal zaitu, pieza okertzen hasten bada eta zutitzen lortzen ez baduzu. Niri hau gustatzen zait gehien: buztina urarekin eta suarekin nahastea eta gauza bikainak egitea”. Loreontziak, hautsontziak eta ezin konta ahala elementu apaingarri ateratzen dira astero Eltzegintza elkartearen labetik. Halakoak senide eta lagunen artean banatzen dituzte. Era berean, herrian antolatzen diren ekimenetan hartzen dute parte. “Data edo ekitaldi esanguratsuak aprobetxatzen ditugu tornu erakustaldiak egiteko, egosketa erakustaldiak... Lanak ere jartzen ditugu ikusgai. Azken batean, elkartearen lana jendeari hurbiltzea da helburua. Bizitzako edozein arlotan bezala, praktika eta pazientzia dira eltzegintzaren gakoak. Edozeinek egiteko modukoa da, eta guztiak daude gonbidatuta gurekin buztinaz gozatzera”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).